Bertan behera geratu da Vueltako azken etapa, Madrilgo protesten ondorioz
Manifestariak ibilbideko azken kilometroan sartu dira eta errepidea erabat okupatu dute, etapa amaitzeko oraindik 56 kilometro falta zirenean. Pelotoia zenbaitetan gelditu ostean, lasterketako antolatzaileek etapa bertan behera uztea erabaki dute. 100.000 lagunek hartu dute parte protestetan, Gobernuak Madrilen duen ordezkariaren arabera.
Espainiako Vueltako 90. edizioak amaiera izan du helmugarako 56 kilometroren faltan. Izan ere, Palestinaren aldeko manifestazioek etapa azken kilometroetako errepidea hartu dute, azken etapa bertan behera uztera behartuz.
Esan bezala, azken kilometroan sortu dira poliziaren eta manifestarien arteko liskarrak, ibilbideko hesiak bota dituztenean. Orduan hasi dute manifestariek bat-bateko martxa bat, etapako ibilbidean zehar.
Lasterketa ez da Madrilgo hirira iritsi. Antolatzaileek pelotoiaren martxa gelditu behar izan dute, helmugatik 56 kilometrora zegoenean; alegia, Madrilgo sarreratik gertu.
Behin baino gehiagotan lasterketa neutralizatu ostean, eta helmugako albisteen aurrean, txirrindulariek bizikletatik jaitsi behar izan dute.
Antolatzaileek, protestak neutralizatzeko gai ez izanik, etapa bertan behera uztea erabaki dute, 2025eko Espainiako Itzulia ere amaitutzat emanez.
Francisco Martin Madrilgo Gobernuko ordezkariaren arabera, 100.000 manifestari atera dira igande honetan hiriburuko kaleetara.
Istiluetan, Polizia Nazionaleko 22 agente zauritu dira, jasotako hainbat kolpeengatik, polizia iturrien arabera. Hori dela eta, bi pertsona atxilotu dituzte, desordena publikoa egotzita.
Protestek amaiera eman diote Vuelta arraro, nahasi eta historiko bati, munduari bira eman dion aldarrikapen batekin. Aurrekaririk gabeko gertaera bihurtu da honako, eta auskalo beste kirol batzuetara hedatuko den ala ez.
Sarien banaketa
Lasterketarekin batera, Espainiako Vueltako sari banaketaren ekitaldia ere bertan behera geratu da. Txirrindulariak poliziaren babesarekin heldu dira taldeko ibilgailu eta hoteletara.
Urtero bezala, "irabazleen" ekitaldia Zibeles iturrian egin izan ohi da; alegia, Palestinaren aldeko manifestariz beteta egon den iturrian.
Madrilgo manifestazioak
Vuelta honetan, Palestina irabazle"
"Vuelta honetan, Palestina irabazle"
Palestinaren aldeko manifestazioak Madrilgo erdigunea hartu du. Palestinako banderak eskuan, manifestariek "Vuelta honetan, Palestina irabazle" eta "Ez da gerra bat, genozidioa baizik" oihukatu dute.
Gauera arte, protesta Zibeles iturri inguruan egon da. Bertan, manifestariek eserialdi baketsua egitea erabaki dute.
Erreakzio politikoak
Jose Luis Martinez-Almeida Madrilgo alkateak Pedro Sanchezi egotzi dio La Vuelta bertan behera uztearen erantzukizuna.
Almeidaren arabera, Sanchez da "indarkeriak kirola garaitu izanaren erantzule zuzena", Gazan giza eskubideen alde egindako adierazpenek protestei arnasa eman dietelako.
Horrekin batera, alkateak gogor kritikatu ditu Irene Montero, Pablo Iglesias, Yolanda Diaz eta Arnaldo Otegi, besteak beste, "Vuelta lehertzeko asmoz" jardun duten "ohiko susmagarriak" direlakoan.
Jose Luis Martinez-Almeida, Madrilgo alkatea
(Sanchez) da indarkeriak kirola garaitu izanaren erantzule zuzena"
Aldarrikapenak, lasterketako protagonistak
Vueltako lehenengo etapetan, normaltasuna zen nagusi. Piemonteko hasierak eta Frantziako etapek markatuko zuten aurtengo edizioa. Lasterketa normaltasunez biziko zela bazirudien ere, bosgarren etapatik aurrera gauzak erabat aldatu ziren, protagonistak ere aldatuz.
Izan ere, Figuereseko iritsiera mugarri izan da lasterketan. Hain zuzen ere, bertan eman zen lehen gertakari nabarmenena: manifestari talde batek taldeko erlojupekoa eten zuen, Israel-Premier Tech taldearen bidea ostopatuz.
Hurrengo etapetan, giro urduria baina gatazkarik gabekoa bizi zuen Vueltak, Euskal Herrira sartu arte. Bilbon amaitu zen hamaikagarren etapan protesten intentsitateak gora egin zuen. Helmugatik hiru kilometrora, etapa neutralizatu behar izan zuten On Diego Lopez Haroko kale nagusian ziren protesten ondorioz. Etapak ez zuen irabazlerik izan, esta denbora ofizialik ere.
Hala, hurrengo protesta handia 16. etapan izan zen; alegia, Mos Castro Hervilleko helmugan. Iritsiera 8 kilometro aurreratzeko erabakia hartu zuten antolatzaileek, segurtasun arrazoiak argudiatuta. Egun horretan, aldiz, irabazlea egon zen: Egan Bernal kolonbiarra.
Palestinako bandera eta protestak ohiko paisaia bihurtu dira lasterketa osoan zehar, irteeretan, helmugetan eta ibilbideko bazter guztietan. Testuinguru konplexu honetan, txirrindulariek Madrileraino abiatu dira, kirola eta aldarrikapenak ibilbide bera zeharkatuz.
Zure interesekoa izan daiteke
Baionan desagertutako 50 urte inguruko gizon baten bila ari dira
Larunbatean ikusi zuten azkenengoz, Lapurdiko hiriburuan, goizaldeko ordu bata pasata.
Espainiako Poliziaren buru ohiaren sexu erasoak berretsi ditu epailearen aurrean salaketa jarri zuen inspektoreak
Epaileak atzera bota du poliziako buru ohia emakumearekin ez komunikatzeko salatzaileak egindako eskaria, "arriskurik ez" dagoela iritzita.
Espainiako Estatuko herritarren % 79k uste dute "posible" dela etorkizunean gerra batean arma nuklearrak erabiltzea
CISen inkesta baten arabera, herritarrei gehien kezkatzen dien beste beldur batzuk dira gertuko senide bat galtzea, osasuna galtzea, itsu geratzea edo minbizia hartzea.
Gorpu bat aurkitu dute itsasoan, Ondarroa eta Lekeitio artean
Gorpua ezin izan dute identifikatu, baina baliteke asteartean Mendexan desagertutako 82 urteko arrantzalea izatea.
Tasa turistikoa 2027ko urtarrilaren 1etik aurrera ezarriko da Euskadin
Gipuzkoako Foru Aldundiak turismoari lotutako zerga berria arautzen duen Foru Arauaren proiektua onartu du. Zergaren oinarria gau kopuruaren arabera kalkulatuko da.
76 urteko gizon bat eta 38 urteko emakume bat atxilotu dituzte, Bilbon, emakume bati sexu-erasoa egiteagatik
Biktima atxilotuekin batera Santutxuko Karmelo kaleko etxebizitza batera igo omen zen.
Dozenaka lagunek justizia eskatu dute Parisen hildako gazte tolosarrarentzat
"Justizia Dalianentzat" lelopean, Parisen hil zuten Tolosako bizilagunaren senide eta lagunek elkarretaratzea egin dute gaur arratsaldean. Martxoaren hasieran aurkitu zuten haren gorpua, Frantziako hiriburuko etxebizitza batean.
Bi gizon inputatu dituzte Artxandako hilketagatik, eta beste hiru krimen hura ezkutatzeagatik
2023ko abuztuan, gizonezko baten gorpua aurkitu zuten, zatituta eta erreta, maleta baten barruan, Artxandan dagoen abandonatutako eraikin batean.
Goiz korapilatsua Txorierriko errepideetan, Asua parean bederatzi autoren artean izandako talka baten ondorioz
Istripuaren ondorioz, bideko lau erreietatik hiru itxi behar izan dituzte puntako orduan, eta auto-ilara luzeak sortu dira inguruan: Artatzan, Arrontegin, Barakaldon eta Gurutzetan. Behin ibilgailuak bidetik kenduta, egoera bere onera itzultzen joan da. Arazoak izan dira, halaber, A8an, Kantabriarako noranzkoan, San Mames parean istripu bat izan baita. Gipuzkoarako noranzkoan, gainera, trafikoa astuna izan da.
Osakidetzako proba diagnostikoen irudiak ikusgai, Osasun Karpetaren bidez
Iaz, 592.888 herritarrek erabili zuten Osasun Karpeta eta 8,2 milioi sarbide izan zituen. Interesa dutenek irudietara sartzeko eskaera online egiteko aukera izango dute.