Deserriratze masiborako plana
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Trumpek onartu du Gazatik kanporatutako palestinarrak ezingo direla inoiz Zerrendara itzuli

AEBko presidenteak azaldu du palestinarrak toki "iraunkor" batean biziko direla, eta toki hori "askoz hobea" izango dela. Gainera, Trumpek onartu du Zerrenda "ez dela bizitzeko moduko" lekua, Israelgo Armadak urte eta erdian suntsitu du eta.
Palestinarrak Gazan. Argazkia: EFE
Palestinarrak Gazan. Argazkia: EFE

Donald Trump AEBko presidenteak baztertu egin du Gazako Zerrendatik kanporatutako palestinarrak sekula itzultzea, baina erantsi du "askoz hobea" izango den leku "iraunkor" batean biziko direla.

"1,9 milioi lagunen hartzeko komunitate ederrak eraikiko ditugu", azaldu du handi-mandiak Fox Newsen egindako elkarrizketa batean. Besteak beste, Gazan eraikin eta azpiegitura berri mordoa eraikitzea planteatzen duen egitasmoa defendatu du berriro, Israelgo Armadak urte eta erdiko erasoaldian Zerrenda suntsitu ostean.

Zentzu horretan, "urteak" igaroko lirateke palestinarren lurraldea berreraiki baino lehen, bere hitzetan, "ez baita bizitzeko moduko" tokia.

"Uste dut akordio ona lor dezakedala Jordaniarekin eta Egiptorekin", gaineratu du Trumpek, nahiz eta bi estatuek dagoeneko baztertu duten palestinarrak deserriratzea aurreikusten duen ekimen oro.

Izan ere, nazioartean estatu gehienak AEBko Gobernuaren proposamen horren aurka agertu dira. Israel aztertzeko prest azaldu den bakarrenetarikoa da. Trumpek ikusten du Gazan "Ekialde Hurbileko Riviera" posible dela, eta Zerrenda "erosi" eta kontrolatu nahi du.

Hamas: "Gaza ez da erosi eta saldu daitekeen jabetza"

Bestalde, Izzat Al-Rishq Hamasen zuzendaritza politikoko kidearen hitzetan, Trumpen adierazpenek Palestinari eta Ekialde Hurbilari buruzko "ezjakintasun sakona" islatzen dute, eta esan du "zentzugabeak" direla.

"Gaza ez da erosi eta saldu daitekeen jabetza bat, okupatutako Palestinaren zati integral bat da", gogorarazi du erresistentziako kideak ohar batean.

Al-Rishqek salatu du Palestinako auzira inbertitzaile baten pentsamoldearekin hurbiltzea "porroterako errezeta" dela, eta azpimarratu du palestinarrak edozein deserriratze egitasmo zapuztuko duela.

"Gaza herriarena da, eta ez dute utziko, 1948an okupatu zituzten hirietara eta herrixketara itzultzea ez bada", gogorarazi du Nakbari ("hondamendia", arabieraz) erreferentzia eginez. Milizia sionisten ekintza dela eta, 700.000 palestinar inguru etxeetatik kanporatu zituzten orduan.

Khalil Al-Hayya Hamasen buruzagiak adierazi du Trumpen egitasmoak "porrot hutsa" direla.

Netanyahu: "Trumpen ikuspegia berria da, ikuspegi sortzailea eta iraultzailea"

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak, ostera, esan du AEBko presidentearen egitasmoa "ikuspegi sortzailea" eta "iraultzailea" dela. Netanyahuk orain arte ez du Trumpen planaren alde egin, baina Israelgo Parlamentuan oposizioaren zentsura-mozio batean izan du hizpide.

"Trumpen ikuspegia berria da, ikuspegi sortzailea, ikuspegi iraultzailea. Eta martxan jartzea erabaki du", esan du lehen ministroak, bere bulegoaren ohar baten arabera.

"Lehen ministro izan naizen urteetan, hogei aldiz bildu naiz AEBko presidenteekin Etxe Zurian. Baina Donald Trump presidentearekin izandako bilera historikoa izan zen garrantzitsuena, lagunkoiena eta esanguratsuena", berretsi du Netanyahuk.

Lehen ministroak onartu du Armada sionista Gaza hirian edo Zisjordaniako Khan Yunis errefuxiatu-eremuan sartzea bezalako erabakiak kontsultatu gabe edo AEBko aurreko Gobernuaren iritziaren aurka hartu zirela.

 

Zure interesekoa izan daiteke

FOTODELDIA GAZA, 20/08/2026.- La población gazatí celebró este jueves un funeral masivo de 50 personas que murieron como resultado de la ofensiva israelí contra la Franja, entre ellas 19 niños y menores de edad, que fueron enterradas en un cementerio próximo al Hospital Shifa de la norteña ciudad de Gaza. EFE/MOHAMMED SABER
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Israelek 2023an hil zituen 50 pertsonen gorpuzkiak lurperatu dituzte Gazan

Gazako hiru familitako kideak dira denak, tartean 19 adin txikiko. Defentsa Zibileko erreskatatzaileek orain lortu dute haien gorpuzkiak 2023an bonbardatu zituzten eraikinaren hondakinen azpititik ateratzea. Gazatarren Osasun Ministerioak egindako kalkuluen arabera, 73.400 pertsona baino gehiago hil dira Gazan Israelen erasoaldia hasi zenetik eta 7.500 gorpuk hondakinen azpian jarraitzen dute.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X