Nazioartearen erreakzioak AEBk Venezuelan egindako erasoaren aurrean
Errusiak "oinarririk gabeko aitzakiak baliatuta" egindako "eraso armatua" izan dela salatu du, Espainiak "deseskalatzea eta moderazioa" eskatu ditu, eta Frantziak Edmundo Gonzalez izatea presidente berria. Latinoamerikan muturreko iritziak eragin ditu AEBen operazioak.
AEBko Armadak Venezuelaren aurka egindako erasoa, Nicolas Maduro presidentearen atxiloketa barne, lurrikara eragin du nazioartean, eta argi ikusi dira Venezuelako Gobernuaren aliatuen jarrerak, jarrera anbiguoagoak eta aldekoak.
Venezuelaren herrialde aliatuen artean, Errusiako Gobernuak gaitzetsi egin du erasoa, eta "oinarririk gabeko aitzakiak baliatuta" egindako "eraso armatua" izan dela esan du.
"Etsaitasun ideologikoak arrakasta izan du pragmatismo enpresarialaren eta konfiantzazko harremanak eraikitzeko borondatearen aurrean", adierazi du Errusiako Atzerri Ministerioak.
"Egungo egoeran, funtsezkoa da, batez ere, indarkeriaren gorakada galaraztea eta elkarrizketaren bidez irtenbide bat topatzea. Gure ustez, elkarrizketaren bidez bilatu behar dituzte irtenbideak. Prozesu honetan laguntzeko prest gaude", gaineratu du Sergei Lavrovek zuzentzen duen ministerioak.
"Latinoamerikak 2014an deklaratu zen bake-eremua izaten jarraitu behar du. Eta Venezuelari bere patua zehazteko eskubidea bermatu behar zaio, kanpoko esku-hartze suntsitzailerik gabe, eta are gutxiago militarrik gabe", erantsi du.
Venezuelako agintariek eta Latinoamerikako beste herrialde batzuetako buruzagiek NBEko Segurtasun Kontseiluaren premiazko bilera deitzeko egindako eskaerarekin bat egin du Errusiak.
Iranek ere gaitzetsi egin du AEBk Venezuelaren aurka egindako eraso militarra, nazioarteko zuzenbidearen urraketa nabarmena dela esanez, eta nazioartearen berehalako erantzuna eskatu du hori geldiarazteko.
"AEBk Venezuelaren aurka egindako eraso militarra Nazio Batuen Gutunaren oinarrizko printzipioen eta nazioarteko zuzenbidearen oinarrizko arauen urraketa nabarmena da", salatu du Irango Atzerri Ministerioak ohar baten bidez.
Horren arabera, AEBren erasoa "Estatu burujabe baten aurkakoa" izan da, eta "eskualdeko eta nazioarteko bakea eta segurtasuna mehatxatzen ditu". Irango Gobernuak ohartarazi du nazioarteko sistema osoari eragiten diola erasoak, NBEren Gutunean oinarritutako ordena ahulduta geratuko delako.
Miguel Diaz-Canel Bermudez Kubako presidenteak ere AEBk Venezuelaren aurka egindako "eraso kriminala" salatu du, eta "gure #BakeGunea eraso bortitza jasaten ari da", esan du.
"#Kubak salatu eta PREMIAZ eskatzen du nazioartearen erreakzioa AEBk Venezuelari egindako eraso kriminalaren aurrean. Gure #BakeGunea eraso bortitza jasaten ari da. Estatu terrorismoa Venezuelako herri kementsuaren eta gure Amerikaren aurka", gaineratu du X sare sozialean duen kontuan.
Ildo beretsuan, "Kolonbiako Errepublikako Gobernuak kezka handiz begiratzen die azken orduetan Venezuelako Errepublika Bolivartarrean izandako leherketei eta aire jarduerari buruzko txostenei, baita eskualdean izandako tentsio igoerari ere", adierazi du Gustavo Petro Kolonbiako presidenteak X kontuan argitaratutako ohar batean.
Claudia Sheinbaum Mexikoko presidenteak, bere aldetik, adierazi du hainbat herrialdetako agintariak bere gobernuarekin harremanetan jarri direla Estatu Batuen esku-hartze militarraren ondoren, euren gaitzespena adierazteko, eskualdeko agiri bateratu bat prestatzeko.
Gabriel Boric Txileko presidenteak ere gertatutakoa "gogor gaitzetsi" du, eta "atzerriko estatu batek Venezuelako lurraldea zuzenean kontrolatu nahi duela" salatu du. "Aurrekari oso arriskutsua ezarri du", gaineratu du.
"Estatuen subiranotasuna eta lurralde-osotasuna errespetatzea marra gorria da, eta ez da inola ere gurutzatu behar (...) Gaur Venezuela da, bihar beste edozein herrialde izan daiteke ", adierazi du agintari aurrerakoiak Txileko Gobernuaren egoitza den La Moneda jauregian.
Espainiak deseskalatzera deitu du
Espainiako Kanpo Arazoetako, Europar Batasuneko eta Lankidetzako Ministerioak aurreratu du Venezuelako egoera gertutik jarraitzen ari dela, Europar Batasuneko kideekin eta eskualdeko herrialdeekin koordinatuta, eta "deseskalatze eta moderaziorako deia" egiten duela, "betiere nazioarteko zuzenbidea eta Nazio Batuen Gutunaren printzipioak errespetatuz".
Ildo horretan, Atzerri Ministerioaren arabera, "Espainia prest dago bere ofizio ona eskaintzeko egungo krisiari irtenbide baketsu eta negoziatua emateko".
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak iluntzean publiko egin duen mezu batean argi utzi du ez dutela AEBren "esku hartzea" aitortuko, "nazioarteko zuzenbidea urratzen baitu eta eskualdea ziurgabetasunaren eta gerrazalekeriaren atakan murgiltzen baitu".
X sare sozialean kaleratutako mezu batean, buruzagi sozialistak gogora ekarri du Espainiako Gobernuak ez zuela Maduroren "erregimena aitortu" 2024ko hauteskundeen ondotik. Hori horrela, agente guztiei eskatu die "herritarrengan pentsatzeko, Nazio Batuen Gutuna errespetatzeko eta trantsizio justu bat ezartzeko".
Macronek Venezuelaren "askapena" begi onez ikusi du
Emmanuel Macron Frantziako presidenteak Venezuelaren "askapena" goraipatu du: "Venezuelako herria Nicolas Maduroren diktaduratik aske dago gaur, eta ospatu besterik ezin dut egin. Boterea konfiskatzean eta oinarrizko askatasunak zapaltzean, Nicolas Madurok bere herriaren duintasunaren aurkako irain larria egin du ", adierazi du Macronek X sare sozialen argitaratutako mezu batean.
Macronen ustez, AEBen eraso honek trantsizio "baketsu, demokratiko eta Venezuelako herriaren borondatea errespetatzen duen" bati bide eman behar dio. "Nahi genuke 2024an aukeratutako Edmundo Gonzalez Urrutia presidenteak trantsizio hori ahalik eta azkarren ziurtatu ahal izatea", planteatu du.
Aurretik, Jean-Noël Barrot Frantziako Atzerri ministroak Maduro ezbaian jartzearekin batera, AEBen erasoa ere kritikatu du: "Nicolas Maduro atxilotzeko egindako operazio militarrak nazioarteko zuzenbidea urratzen du. Frantziak berresten du irtenbide politiko iraunkorrik ezin dela kanpotik inposatu eta herri subiranoek bakarrik erabakitzen dutela euren etorkizuna ", adierazi du Barrotek X kontuan argitaratutako mezu batean.
EBren jarrera
Kaja Kallas Europar Batasuneko (EB) Atzerri gaietarako ordezkariak "neurriz" jokatzeko deia egin du larunbat honetan, Marco Rubio AEBko Estatu idazkariarekin hitz egin ostean.
"Marco Rubio Estatu idazkariarekin eta Caracaseko gure enbaxadorearekin hitz egin dut. EB gertutik jarraitzen ari da Venezuelako egoera ", esan du goi-ordezkariak sare sozialetan zabaldutako mezu baten bidez.
Halaber, Kallasek berretsi duenez, "EBk behin baino gehiagotan adierazi du Madurok ez duela zilegitasunik eta trantsizio baketsua defendatu du".
Hala ere, "edozein egoeratan, nazioarteko zuzenbidearen eta Nazio Batuen Gutunaren printzipioak errespetatu behar dira", gaineratu du.
"Giorgia Meloni Italiako Gobernuko presidentea arretaz jarraitzen ari da Venezuelako egoera, eta Antonio Tajani Atzerri ministroarekin eta Nazioarteko Lankidetzako ministroarekin harremanetan dago etengabe, gure naziokideei buruzko informazioa lortzeko", zabaldu du Italiako Gobernuak ohar labur baten bidez.
Melonik, Trumpek Europar Batasunean duen aliatu handienetako bat denak, Edmundo Gonzalez Urrutia oposizioko burua aitortu zuen 2024an Venezuelako presidente hautatu gisa, eta "trantsizio demokratikoa" defendatu zuen, 2024ko uztailaren 28ko hauteskunde polemikoen ostean.
Bestalde, Espen Barth Eide Norvegiako Kanpo Arazoetako ministroak esku-hartzea kritikatu du, nazioarteko zuzenbidearekin bat ez datorrelako, eta trantsizio baketsua aldarrikatu du Hego Amerikako herrialdearentzat.
Erasoa ontzat eman dutenen artean, Javier Milei Argentinako presidentea. Pozik hartu du Maduroren atxiloketaren berri.
Zure interesekoa izan daiteke
Pakistanek gerra deklaratu dio Afganistani eta Kabul bonbardatu du
Bi herrialdeek informazio kontrajarria ematen dute erasoen emaitzei buruz, eta biktimak ehunka dira dagoeneko.
Hillary Clintonek ukatu egin du Kongresuaren aurrean Epstein ezagutzen zuela
Bill Clinton AEBko presidente ohiaren emazteak Epstein kasua ikertzen ari den batzordeari —errepublikanoek gehiengoa dute— egotzi dio "arreta desbideratu" nahi izatea eta Donald Trump presidentearen jokabideak "estaltzea". Fokua Trumpengandik aldentzeko deitu dutela deklaratzera esan du.
Ukrainak eta AEBk bilera amaitu dute, Errusiaren parte-hartzerik gabe, gerraosteko berreraikuntzan oinarrituta
Genevako bilera hiru aldekoa izatea espero zen, errusiar ordezkaritza batekin, gatazka armatua amaitzeko moduari buruzko eztabaidetan aurrera egiteko. Hiru aldeko hurrengo bilera martxoaren hasieran izango dela aurreikusita dago.
Ipar Koreak kongresua itxi du armategi nuklearra handitzeko promesarekin
Kim Jong-unek ateak zabalik utzi ditu Washingtonekin dituen harremanak hobetzeko, betiere, AEBek Pyongang estatu nuklear gisa onartzen badute. Gainera, alderdian duen lidergoa berretsi du.
Kubak AEBtik ateratako ontzi bateko lau kide hil ditu, AEBk "helburu terroristak" zituelakoan
Marco Rubio AEBko Estatu idazkariak Kubari ohartarazi dio ikertu egingo dutela zer gertatu zen, eta horren arabera erabakiko dutela nola jokatu.
Venezuelako petrolio gordina Kubako sektore pribatuari saltzeko aukera emango du AEBk
Transakzioak baimentzeko, lehengai hori saldu eta merkaturatzeko ezarritako murrizketa batzuk bete beharko dira; esaterako, salmenten diru-sarrerak Washingtonek kontrolatutako kontu batean uztea.
Trumpek muga-zergak defendatu ditu eta migratzaileen eta demokraten aurka egin du, bi orduko hitzaldian
AEBko presidenteak historiako hitzaldirik luzeena egin, du eta duela urtebete Etxe Zurira itzuli zenetik herrialdea "handiagoa, hobea eta indartsuagoa" dela aldarrikatu du.
Frantziako Tourreko datak eta ordutegiak aldatzekotan daude, beroak eragin ditzakeen arriskuak saihesteko
Tenperaturak gero eta altuagoak direla eta gero eta bero-bolada gehiago daudela eta, zalantzan jarri dute udan kirol-ekitaldi handiak egitea, besteak beste, Frantziako Tourra. Ordutegiak edo datak aldatzea eztabaidatzen ari dira.
Europak babesa erakutsi dio Ukrainari, gerraren laugarren urteurrenean
Europak buruzagi nagusiek, horien artean, Ursula von der Leyen eta Antonio Costa Europako Batzordaren eta Europako Kontseiluaren presidenteak, hurrenez hurren, Volodimir Zelenskiri erabateko babesa agertu diote gaur goizean, Kieven. Errusiak Ukrainan inbasioa hasi zuenetik lau urte bete direnean, Santa Sofiako katedralean egindako zeremonian parte hartu dute, eta gerran hildakoak gogoratu dituzte.
Laurence des Cars Louvre Museoaren presidenteak dimisioa eman du
Emmanuel Macron Frantziako presidenteak dimisioa onartu du. Des Cars polemika baten erdian zegoen, 2025ean Frantziako hiriburuko pinakotekan izandako bitxi lapurreta handiaren ostean.