Delcy Rodriguez eta CIAko zuzendaria Caracasen bildu ziren ostegunean
Jarrerak hurbiltzeko asmoz, lankidetza ekonomikorako aukerak aztertu zituzten Venezuelako jarduneko presidenteak eta CIAko zuzendariak. Bitartean, Maria Corina Machado Venezuelako oposizioko burua eta Donald Trump AEBko presidentea Etxe Zurian bildu ziren.
Delcy Rodriguez, Venezuelako jarduneko presidentea. Argazkia: EFE
Delcy Rodriguez Venezuelako jarduneko presidentea eta John Ratcliffe CIAko zuzendaria Caracasen bildu ziren ostegunean, eta segurtasunarekin zein ekonomiarekin lotutako gaiak izan zituzten hizpide, AEBko zenbait hedabidek ostiral honetan jakitera eman dutenez.
Ratcliffe Donald Trump AEBko presidentearen agindupean joan zen Hego Amerikako herrialdera, "AEBk bi herrialdeen arteko lan-harremana hobetzea espero duela adierazteko", The New York Times hedabideak zabaldu duenez.
"Caracaseko bilera horretan, lankidetza ekonomikorako aukerak aztertu zituzten bi aldeek, eta CIAko zuzendariak azpimarratu zuen Venezuela jada ezin dela babesleku segurua izan AEBren aurkarientzat, bereziki narkotrafikatzaileentzat", ziurtatu du CNN telebista kateak aipatutako iturri ofizial batek.
Ratclifferen eta Rodriguezen arteko bileraren helburua "konfiantza sendotzea" izan zen, AEBk Nicolas Maduro atxilotu eta haren presidenteordeak Etxe Zuriaren bermearekin Venezuelako agintea hartu ondoren.
Maduro eta haren emaztea, Cilia Flores, atxilotu eta New Yorkera eraman ostean Venezuelan izan den Trumpen kabineteko lehen kidea da CIAko zuzendaria.
Bitartean, Maria Corina Machado Venezuelako oposizioko burua eta Donald Trump AEBko presidentea Etxe Zurian bildu ziren.
"Esker onez, bakea sustatzeko izan zuen lidergo apartagatik", idatzi zuen Machadok Trumpi oparitutako Bakearen Nobel Sariaren urrezko dominan. Machado "emakume zoragarria" zela esan zuen errepublikanoak Truth Social plataforman, eta Nobel sariaren oparia eskertu zuen, "elkarrekiko errespetuaren erakusle" izateagatik.
Errepublikanoak kosta ahala kosta lortu nahi izan du domina, eta, hedabide estatubatuarren arabera, keinu hori ez da nahikoa izan Trumpentzat, Venezuelako trantsizioa zuzentzeko baztertu egin baitu, herrialde horretan beharrezko babesik ez duela iritzita.
Venezuelako behin-behineko Gobernuak AEBra milioika petrolio upel bidaltzea hitzartu du, merkaturatzeko, eta petrolio-industria atzerriko inbertsioari ireki dio, Errepublikanoaren bultzadarekin.