Bero boladak 40 graduko tenperatura maximoak utzi ditu gaur Euskal Herriko hainbat udalerritan
18:00ak arte 30 gradutik gorako tenperaturak izan dira non-nahi, eta txoko askotan 35etik gorakoak.
Gizon bat eta bere txakurra, Gasteizko Olarizu parkean freskatzen. Argazkia: EFE
Bero boladak 40 gradutik gorako tenperaturak utzi ditu gaur Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) 20 bat udalerritan, batez ere Araban, eta beroenak Laudion (Araba) eta Arrasaten (Gipuzkoa) izan dira , 42 gradukoak bietan. Tuteran (42,2), Tafallan eta Lizarran (Nafarroa) ere 40 graduko muga gainditu dute, AEMETen arabera. Urepelen (Nafarroa Beherea) 40,6 gradu izan dira.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak alerta laranja ezarri du gaur arratsaldeko ordu bata eta zazpiak bitartean Araban muturreko tenperaturengatik, eta abisu horia seiak arte Bizkaiko eta Gipuzkoako barnealdean. Bihar, asteartea, alerta laranja izango da EAE osoan.
Astelehen honetako 18:00ak arte, 30 gradutik gorako balioak izan dira non-nahi, 35etik gorako puntu askorekin eta 40tik gorako 20 bat udalerrirekin.
Gardeako estazio meteorologikoak (Laudio) 42 gradu markatu ditu. 40tik gorako tenperaturak izan dira Saratxon (Amurrio) 41,7 ºC, Agurainen 41,3 ºC, Ilarduian 40,9 ºC, Arkautin (Gasteiz) 40,7, Zanbranan 40,5, eta Sarrian eta Eturan 40,2.
Gipuzkoan bost udalerri izan dira 40 gradutik gorakoak: Arrasaten merkurioa 42 ºCra igo da, San Prudentzion (Bergara) 41,8ra, Estandan (Beasain) 40,9ra, Oñatin 40,2ra eta Urkulun (Aretxabaleta) 40,1era.
Bizkaiari dagokionez, maximoa Balmasedan izan da, 41,9 graduko tenperaturarekin. Orozkon 41,7 ºC, Igorren 41 ºC eta Sodupen, Zallan eta Aretan 40,1 ºC harrapatu dituzte.