Gaur eratuko da Kongresua, eta ikusteko dago Vox Mahaian izango den ala ez
Demokraziako XIV. legegintzaldia abiatuko da gaur, asteartea, Espainiako Gorteetan, eta diputatuek Kongresuko Mahaia osatuko duten kideak aukeratuko dituzte. Ildo horretatik, ikusteko dago Vox alderdiak Behe Ganberako zuzendaritza-organoan eserlekuren bat izango duen edo ez, eta alderdi horretako ordezkariek kargua hartzeko orduan Konstituzioari men egiteko zer formula erabiltzen duten.
Kongresua eta Senatua eratzeko saioak aldi berean egingo dira, 10:00etan, eta azaroaren 10eko hauteskunde orokorretan aukeratutako ordezkariak bertan izango dira.
Behe Ganberan, diputatu hautetsi zaharrena izango da bilkura zuzentzeko arduraduna: Agustin Javier Zamarron Moreno, PSOEkoa (73 urte). Eta bi ordezkari gazteenak izango dira harekin batera, idazkari lanetan: Marta Rosique, ERCkoa (23 urte) eta Lucia Muñoz Dalda, Unidas Podemosekoa (26 urte).
Ondoren, ganbera horretako gobernu-organoa osatuko duten bederatzi kideak aukeratuko dituzte, bozketa bidez. Hala, diputatuak euren eserlekuetatik jaitsiko dira, eta Presidentetza Mahaian jarriko duten hautetsontzian emango dute botoa.
Lehenik eta behin, Kongresuaren Mahaiko presidentea aukeratuko dute, eta, horretarako, gutxienez bi hautagai aurreikusten dira: Meritxell Batet (PSC) eta Ana Pastor (PP). Gehiengo osoa lortzen duena izendatuko dute presidente, eta, Bateten kasuan, PSOEren eta Unidas Podemosen akordioari esker ziurtatuta dituen botoez gain, beste 21 boto gehiago beharko ditu. Lehen bozketan inork ez baditu 176 boto lortzen, babes gehien lortu duten bi hautagaien arteko bozketa errepikatuko da, eta boto gehien lortzen dituena izendatuko dute presidente, gehiengo sinplearekin.
Ondoren, gobernu-organo horretako lau presidenteordeak aukeratuko dituzte. Horretarako, diputatuek izen bakarra idatzi ahalko dute boto-paperean, eta babes gehien jasotzen dituzten lau diputatuek beteko dituzte postu horiek. Gauza bera egingo dute lau idazkariak aukeratzeko.
Bozketa horiei begira, PSOE eta Unidas Podemos gainerako taldeen babesa lortzen ahalegindu dira azken orduetan, Voxek Kongresuko gobernu-organoan ordezkaririk izan ez dezan. Alabaina, oraindik ez dago argi zer geratuko den.
PPk, Kongresuan dituen ordezkarien arabera, gutxienez bi ordezkari izango ditu, eta uko egin dio sozialistek proposatutako "beto" horri. Hala, akordio bat proposatu die Voxi eta Ciudadanosi, PPk bi ordezkari eta beste biek bana izateko.
Alabaina, Voxek ez du Ciudadanosek ordezkaririk izatea nahi, eta bi postu dagozkiela azpimarratu du. Testuinguru horretan, bi alderdi horiek Kongresuko Mahaian ordezkari bana izateko ahalegina egingo dute PPko kideek, baina Voxek akordio horri uko egiten badio, ez dute baztertu PSOEren babesa bilatzea hiru eserleku bereganatzeko.
Gainera, Voxen jarrera horren aurrean, baliteke Ciudadanos sozialisten babesa bilatzen saiatzea, eta ez soilik PPrena.
Bozketak amaituta, aukeratutako bederatzi diputatuek dagozkien tokiak hartuko dituzte Kongresuko Mahaian, eta Mahaiko presidenteak Konstituzioa beteko dutela zin egiteko edo hitzemateko eskatuko die gainerako diputatuei, karguaren jabe egiteko.
Talde politikoek adierazpen edo "formula" ezberdinak erabiliko dituzte Konstituzioari men egiteko. Aurrekoetan, ERC, EH Bildu eta CUPeko diputatu independentistek "legeak hala aginduta" egin dute.
Ondoren, Ganberako presidenteak hitzaldia emango du, eta Kongresua eratutzat emango du.
Behe Ganberako Mahaia bilkura amaitutakoan bilduko da lehenengoz, talde parlamentarioen eraketa prestatzen hasteko (bost egun ditu horretarako). Abenduaren 12an amaituko da taldeak eratzeko epea, eta ordurako talderen batera batzen ez diren diputatuak Talde Mistoko kide izango dira.
Urtarrilera arte atzeratu daiteke Sanchezen inbestidura
Bestalde, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteak ez du baztertu inbestidura-saioa urtarrilean egitea, eta ez die erantzun ERCrekin zer negoziatzen ari den galdetu dioten kazetariei. Ildo horretatik, arduraz jokatzeko eskatu die PP eta Ciudadanosi, egoera desblokeatu eta gobernua lehenbailehen osatu ahal izateko.
Hala, Sanchezek ez du aurreratu noiz osatuko den gobernua, baina "hauteskundeak ezin dira eta ez dira errepikatuko", azpimarratu du. Testuinguru horretan, gehiengo osoarekin (176 boto) presidente inbestitu ahal izatetik "oso gertu" daudela nabarmendu du.
"Lehenbailehen gobernu bat egotea nahi dugu. Ez dut datarik jarri nahi, ez dakit abenduaren 12an, 20an edo urtarrilaren 8an izango den. Argi dagoena da Espainiak gobernu bat behar duela jada", esan du Sanchezek.
Zure interesekoa izan daiteke
Burlatako Udalak aho batez gaitzetsi du UPNko zinegotzi bati jaietan egindako erasoa
Pasa den larunbatean Carlos Oto UPNko zinegotziari eraso egin zioten alderdi erregionalistaren egoitzan, hainbat alderdikide eta beste hainbat pertsona bilduta zeudela.
"Errealitatea makillatzea" egotzi dio Ceutako presidenteak Gobernuari, eta krisia konpontzeko 30 egun eman dizkio
Juan Vivasek gogor kritikatu du Gobernua uztailaren 30ean eta 31n Marokotik 70.000 pertsona inguru hiri autonomora sartu ondoren sortu den migrazio-krisiaren aurrean "erantzun ezagatik" eta "pasibotasunagatik". Agerraldi batean, Vivasek galdetu du ea Gobernuaren pasibotasunak Maroko "ez molestatzea" bilatzen duen, eta iragarri du botere judizialera eta beste estamentu batzuetara joko duela krisia 30 eguneko gehieneko epean konpontzen ez bada.
Javier Lasagabaster hil da, Lurralde Politika eta Herri Lan sailburua 1980 eta 1984 artean
Lasagabaster Carlos Garaikoetxea buru zuen Jaurlaritzako kide izan zen lehen legegintzaldian, 1980 eta 1984 artean.
Burlatako jaietan zinegotzi bati egindako erasoa salatu du UPNk
Alderdiaren esanetan, Carlos Otok bularrean kolpea jaso zuen UPNren egoitzan. Nafarroako presidenteak eta hainbat alderdik erasoa gaitzetsi dute eta babesa agertu diote zinegotziari.
Baionako eta Sarako herriko etxeek euskarari egindako aitortzak atzera bota ditu, behin-behinean, Paueko Auzitegiak
Euskara lekuko hizkuntza modura aitortzen duen ebazpen onartu zuen Sarako herriko etxeak uztailaren 2an eta Baionakoak 23an. Prefetaren eskariari men eginez, Paueko Auzitegi administratiboak bertan behera utzi ditu bi ebazpenak. Bi udalek helegitea aurkeztuko dute astelehenean bertan.
Monica Garciak ukatu egin du Ceutan osasun-kolapsorik dagoenik, eta pilaketen arriskuaz ohartarazi du
Osasun ministroak azken 15 egunetan 5.800 migratzaile artatu dituztela azaldu du, eta arrisku sanitario eta epidemiologikoak prebenitzeko gune gehiago eskatu ditu.
PPk gobernatutako autonomia-erkidegoek uko egin diote Ceutako adingabe migratzaileen arreta hurrengo Sektore Konferentzian eztabaidatzeari
Abuztuaren 27ko Sektore Konferentzia izango da Ceutan atzerritarren sarrera masiboa izan zenetik egingo den lehena. Ceutarako 25 milioi euroko aparteko kredituaren transferentzia ere aztertuko dute, bakarrik dauden adingabe migratzaileen arretari lotuta.
Ceutako adingabeak familiekin elkartzea defendatzen du Euskadik, banatu beharrean
Haur, Nerabe eta Familien zuzendariak esan duenez, Euskadik "ez du onartuko inposatutako, inprobisatutako edo bermerik gabeko deribaziorik", eta gogorarazi du EAEk dagoeneko bere ahalmenaren gainetik hartzen dituela adingabeak.
Marlaskak segurtasun neurriak indartu ditu Ceutan, eta Marokorekiko lankidetza aldarrikatu du
Barne ministroak iragarri duenez, 45 polizia gehiago bidaliko dituzte Ceutara, herritarren segurtasuna indartzeko asmoz. Oraindik ez da erabat berreskuratu normaltasuna hirian, nahiz eta modu irregularrean sartu ziren migratzaile gehienak itzuli.
Sei atxilotu Gasteizen, Espainiako selekzioaren kamiseta zeraman gazte bati eraso egiten saiatzea egotzita
Futboleko Munduko Txapelketa baino egun batzuk lehenago gertatu omen zen. Atxiloketetako bat astelehenean izan zen, eta beste bostak asteartean.