Beste espetxe politika bat aldarrikatu dute milaka lagunek Bilbon eta Baionan
Sare plataformak eta 'Bakearen Artisauak' direlakoek deituta, manifestazio bana egin dute Bilbon eta Baionan gaur arratsaldean euskal presoen eskubideen alde eta egungo espetxe politikaren kontra. Bakean eta elkarbizitzan sakontzea eta euskal presoen eskubideen alde "urrats ausartak" ematea aldarrikatuko dute bi hiriburuotan. Sarek jakitera eman duenez, 80.000 pertsonak baino gehiagok parte hartu dute bi manifestazioetan. Bilboko Udaltzaingoak 65.000 lagun kontatu ditu Bilbon.
'Ez dezagun historia errepikatu' lelopean, 15:00etan abiatu da Baionako manifestazioa Lauga kirolgunetik, eta 'Orain presoak' lelopean, 17:15ean hasi da Bilboko martxa, Casillatik.
60 hautetsik baino gehiagok agertu diote sostengua Baionako mobilizazioari: Jean-Rene Etchegaray Baionako alkate eta Euskal Elkargoaren lehendakariak, Max Brisson (UPM) eta Frederique Espagnac (PS) senatariek, eta Bruno Carrere Uztaritzeko auzapezak, besteak beste. Hamabi traktorek ireki dute bidea Lapurdiko hiriburuan. Horien atzetik, Iparraldeko hainbat alkate eta udal ordezkari, aginte makilak eskuetan; belaunaldi berriak ordezkatu dituzten gazteak, eta presoen senideak. Pankarta eta oihal handi bat abiatu da martxaren buruan, eta atzetik, hitzorduarekin bat egin duten milaka pertsona.
Manifestazioa hasi aurretik, Jean Rene Etchegarayk presoen hurbilketa eskatu du komunikabideen aurrean egindako adierazpenetan, eta gogor kritikatu ditu "bakea oztopatzen duten blokeo jarrerak".
Ibilbidearen amaieran, manifestua irakurri dute 17:00ak aldera deitzaileek Errepublika Plazako oholtza gainean. Kotte Ecenarro Hendaiako alkateak adierazi du "lurralde baten bake borondateak mendeku izpiritua eta iraganean kokaturik gelditzeko tentazioa gainditu behar" dituela. "Etapa berri bat ireki behar da. Presoak dauden artean, ez da bake prozesu iraunkorrik izaten ahal" gaineratu du.
Anaiz Funosas Bake Bidea fundaziok lehendakariak ere hartu du hitza. "Apirilean kartzelan 30 urte beteko duten lau preso ditugu. (..) Horiek preso atxikitzea heriotza zigorrera kondenatzea da. Etxean eta bizirik nahi ditugu. Eta horretarako borrokatuko gira!" eta "iraganeko sufrimenduak ezin dira etorkizuneko traba izan." adierazi du.
Mixel Berhocoirigoin 'bake artisauak' bere aldetik, "2020 gauzak mugituko diren urtea" izango dela iragarri du.

Baionako manifestazioaren burua. Argazkia: Sare
Bilboko manifestazioa
Baionako mobilizazioari lekukoa hartu, eta 17:15ak pasatxo zirenean hasi da Bilboko manifestazioa, pankartan Rosa Rodero, Joseba Goikoetxea ETAk hildako Ertzaintzako sarjentuaren alarguna, Axun Lasa, Joxean Zabala GALeko biktimaren arreba (biek irakurri dute azken manifestua), Joseba Azkarraga Sareko bozeramailea eta Etxerateko hainbat kide zirela.
Partehartzaileen artean ziren Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusia, Andeka Larrea Euskadiko Podemoseko Komunikazio idazkaria eta Josetxo Arrieta Senatari ohia, Mitxel lakuntza eta Garbiñe Aranburu ELA eta LABeko idazkari nagusiak, baita UGT eta CCOOko kideak, besteak beste.
"Presoak askatzea eta erbesteratu zein deportatuak itzultzea ere euskal agenda" dela esan du Arnaldo Otegik, "herri honen gehiengo sozial, sindikal eta herritarrak defendatzen duena, alegia". "Urte asko igaro dira ETAren indarkeria armatua amaitu zenetik eta mundu guztiak esan zuen hori gertatzean konponduko zirela hainbat gai" baina konpondu ez direla ikusita, ohartarazi du "ez dagoela munduan inongo gatazkarik, behin amaitutakoan, presoek kartzelan eta urrun jarraitu dutenik".
Hori dela eta, "gaur berriz ere aro honek amaitu egin behar duela esateko manifestatuko gara" adierazi du. "Elkarbizitzak preso, erbesteratu eta errefuxiatuentzat irtenbidea izango den ibilbide orri argia eskatzen du" esan du Otegik: "Ez da alderdi baten eskaria, herri honen gehiengo instituzional, sozial eta sindikalaren babesa duen eskari da eta bete egin beharra dago".

Pankarta Autonomia kalean. Argazkia: EFE
Josetxo Arrieta Euskadiko Podemoseko kideak "Giza Eskubideen ikuspegitik" joan direla manifestaziora azaldu du: "Oinarrizkoa da presoen hurbilketa, baina ez hori bakarrik, presoei tratu humanitarioa eman behar zaie eta ez da inolako salbuespen neurririk onartu behar".
Presoen aldetik, berriz, "biktimei eragindako minaren aitortu" behar dietela esan du Arrietak: "Euskal gizarteak urte luzez eskatu duen bezala, indarkeria gaitzetsi behar da, injustua izan dela ulertu eta inongo biktimak ez zuela gertatu zena merezi.
Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak egungo espetxe-politikarekin amaitu beharra dagoela esan du, eta elkartasun osoa adierazi die berau sufritzen duten senideei. Ildo horretan, "presoen gaia agenda politikoan kokatzeko" eskatu dio Espainiako Gobernuari.
Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak larunbat honetan izandako bi manifestazio handiek jasotako babesa nabarmendu du, eta milaka lagun horien aldarriak argi uzten duela espetxe politikaren aldaketa "azkartu" egin behar dela gaineratu du.
'Euskal presoak, etxera' izan da lelorik errepikatuena, baina independentziaren zein Kataluniako presoen aldeko oihuak ere entzun dira. ERCk Nuria Picas eta Isaac Peraire buru ziren ordezkaritza bidali du Bilbora, JxCatek Eduard Pujol parlamentaria eta CUPek Albert Botran diputatua. Horien ondoan izan dira, besteak beste, Arkaitz Rodriguez (Sortu), Metxe Aizpurua (EH Bildu), eta Roberto Uriarte (Podemos). Kataluniako ordezkariek ere bat egin dute egungo espetxe politikaren amaieraren eskariarekin.
Carlos Garaikoetxea eta Juan Jose Ibarretxe lehendakari ohiek, eta Carles Puigdemont Generalitateko presidente kargugabetuak ere euren babesa agertu diote gaurko mobilizazioari.
Bilbon eguerditik antzeman da bertara espreski joandako jendearen presentzia, Alde Zaharrean batez ere. Dozenaka autobus joan dira Euskal Herri guztitik eta eguerdirako iritsi direnen artean giroa berotzeko, dultzaineroak, batukada, trikitixa, bertsolariak... ibili dira Zazpi Kaleetan.

Bertsolari eta musikariak Bilboko Alde Zaharrean. Argazkia: Sare
Bideoa: Otegi: 'Espetxe-politikan aldaketak exijitzen ditu euskal gehiengo sozial batek':
Manifestua
Rosa Roderok, Joseba Goikoetxea ETAk hildako Ertzaintzako sarjentuaren alargunak, eta Axun Lasak, Joxean Zabala GALeko biktimaren arrebak, irakurri dute manifestazioaren azken manifestua.
"Herri honetan izan diren indarkerien biktima gisa" aurkeztu dira eta "seme-alabei eta bilobei berradiskidetutako gizarte bat, bakean, guk jaso genuena baina hobea utzi" nahi dietela nabarmendu dute.
"Edozein indar politikoren manipulaziotik urrundu, edo mendekua zuzenbidearen gainetik jartzen duten bideak alde batera utzi" beharko liratekeela adierazi dute. Roderok eta Lasak inork beraien izenean hitz egiterik ez dute nahi, ezta euren atsekabea alderdikeriaz erabiltzerik ere.
Ahanzturarik gabe eraiki nahi dute, "gorrotorik gabe bidean aurrera egin". Eta bide horretan, Espainiako zein Frantziako espetxeetan giza eskubideak errespetatu behar direla direla esan dute.
Etxerat eta Sareren balorazioa
Etxerateko bozeramaile Urtzi Erraztik ere hitz egin du manifestazio hasieran. Espainiako eta Frantziako estatuei eskatu die euskal gizarteak dioenari "kasu" egin diezaiotela, eta jar daitezela, "behingoz, bakearen alde lan egiten", sakabanaketa-politikarekin amaitzeko.
"Sakabanaketak kalterik egiten ez digun urte osoko asteburu bakarra da hau, ez garelako kartzeletara joaten gure senideak bisitatzera, Bilboko eta Baionako manifestazioetara etortzeko, euskal gizarteak helarazten digun elkartasun eta indar hori guztia jasotzeko", adierazi du. "2020an oraindik sufritzen jarraitzen dugu, eta honekin behin betiko amaitu behar da", gehitu du.
"Manifestazioa inflexio puntua izatea, aktibazio sozialean gakoa izatea" espero dutela esan dute Sareko ordezkariek gaur goizean, manifestazioa egin baino ordu batzuk lehenago. Frantziako Gobernuaren jarrera imitatu eta espetxe politika aldatzeko eskatu dio Sarek berriro ere Espainiako Gobernuari:
ETAren jarduna amaitu eta bederatzi urtera, espetxe politika ez da gehiegi aldatu, izan ere. EPPK kolektiboko 241 preso daude, gaur egun, Espainiako eta Frantziako espetxeetan, ETAko kideak izatea edo ETAri laguntzea egotzita. Espainian, hamarretik zazpi preso etxetik 600 kilometro baino urrunagoko kartzeletan daude. Hiru preso bakarrik daude Euskal Herriko espetxeetan.
Sarek "baikor" begiratzen dio etorkizunari, eta Espainiako Gobernu berriak espetxe politikan pausoak ematea espero dute. "Ez dakigu baikorrak izatea bertutea edo gabezia den, baina, edozein kasutan, badugu esperantza gauzak, eremu honi dagokionean, aldatuko direnarena. Hala behar luke, behinik behin", nabarmendu dute.
Manifestazio jendetsuetan lau haizetara zabaldu den aldarria "bere egiteko" eskatu dio Sarek Espainiako Gobernuari. "Gobernu berri hau osatu duten bi alderdi nagusiek, hemen, Euskal Herrian duten ordezkaritzaren bitartez, espetxe politika hau aldatzeko borondatea behin eta berriro erakutsi dute azken urtean onartu diren adierazpen anitzetan. Honi, Gobernu honen aldeko bozka eman edota abstentzioaren bitartez ahalbidetu duten alderdien izaera gehituz gero, alderdi katalan eta euskaldunak kasu, elkarbizitzaren eta bakearen alde zein espetxe politika aldatzearen aldeko indarren batuketaren aurrean gaude. Horregatik, gaur, are enfasi gehiagorekin, galdera bera errepikatzen dugu; orain da unea, izan ere, orain ez bada, noiz?".
Zure interesekoa izan daiteke
Sanchezek aurrekontuen aurkezpena baztertu du uneotan, gerrari erantzuteko
Ez du baztertu aurrekontuak aurrerago aurkeztea, horietan lan egingo dutela adierazi baitu, baina argi utzi du ez dela hilabete honetan izango, "politika, bizitza bezala, ez delako aurreikusi daitezkeen planen araberakoa", eta inork ez zuelako Ekialde Hurbileko gerra aurreikusten.
Rufian eta Montero elkarrekin, ezkerraren etorkizunari buruzko ekitaldi publiko batean
Ezkerreko alderdiek ongietorria eman diote apirilaren 9an Bartzelonan izango den ekimenari. Sumarrek eta PSOEk begi onez ikusten dituzte ezkerreko fronte bat eraikitzen lagunduko duten ekintzak eta elkarrizketak.
Espainiako Gobernuak baztertu egin du adostasunik ez duten neurriak krisiaren aurkako planean sartzea
Alokairuko etxebizitzetan bizi direnei nolabaiteko babesa emateko neurriak negoziatzen ari dira oraindik. Dekretua ostiralean onartuko dute Ministroen Kontseiluan eta datorren astean bozkatu Kongresuan.
Bengoetxea: "Euskara defendatzea batzea da, ez baztertzea"
Korrikaren inguruan sortutako polemikaren harira, Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak esan du Korrika beti izan dela "euskararen inguruko topagune sozial handia", eta "garrantzitsua" dela "batzen duen espazioa izaten jarraitzea". "Ez da harresi edo lubaki gehiagorik behar. Euskarak zubiak behar ditu", adierazi du.
Etchegarayk ez dio sinesgarritasunik eman Baionan eratu duten ezkerreko aliantzari
Azken 12 urteotan Baionako alkate izan denak hautesle abertzaleei gogorarazi die Etcheto sozialista jakobinoak Euskal Hirigune Elkargoa sortzearen aurka egin zuela.
PSE-EEk ez du Korrikan parte hartuko "CCOOri jarritako betoagatik"
Alderdi sozialistak ohar batean kritikatu duenez, "CCOOren ordezkaritza baztertzea euskarak merezi ez duen intolerantzia adierazpen bat da".
Ezkerreko alderdiek akordioa itxi dute Baionan eta Biarritzen, bigarren itzulira elkarrekin aurkezteko
Lapurdiko hiriburuan, Jean-Claude Iriart abertzalea izango da ezkerreko aliantzaren zerrendaburu, eta helburua da Jean-Rene Etchegaray orain arteko auzapeza kargutik kentzea. Elgarrekin Baionarentzat izena hartuko du zerrenda berriak.
Negoziazioak ezker-eskuin, auzapezak erabaki gabe geratu diren 11 udalerrietan
Baionan, Biarritzen, Hendaian, Kanbon eta beste zazpi udalerritan datorren igandean erabakiko da nork gidatuko duen herriko etxea datozen sei urteotan. Bihar arratsaldeko 18:00ak arteko epea dute zerrendak bateratzeko, hala erabakitzen duten kasuetan.
Abascalek PPri eskatu dio Vox sar dezala Gaztela eta Leongo gobernuan, koalizioa osatzeko
Karguez hitz egin baino lehen neurriak eta bermeak dituen programa bat negoziatzea proposatu du Voxeko buruzagiak, eta PPk presioa egin du Extremaduran eta Aragoin ere akordioak lortzeko.
EAJk eskatu du elektrizitatearen gaineko zerga jaistea eta hainbat sektoretan erregaiaren prezioan hobariak ezartzea
Maribel Vaquero EAJk Kongresuan duen bozeramaileak azaldu duenez, Ekialde Hurbileko gerrak eragindako ondorio ekonomikoei aurre egiteko 31 neurri jasotzen dituen proposamena bidali dio talde jeltzaleak Pedro Sanchez buru duen koalizio gobernuari.