Memoriaren lege proiektuak frankismoa goratzen duten taldeak debekatuko ditu
Espainiako Gobernuaren Ministroen Kontseiluak Memoria Demokratikoaren lege proiektua onartuko du gaur. 2007tik indarrean dagoen legea ordezkatuko du, Zapateroren exekutiboak onartutakoa. Legeak ekarriko dituen berrikuntzen artean, diktadurari gorazarre egiten dioten eta "biktimak gutxiesten" dituzten fundazio edo elkarteak desegin eta debekatu egingo dira; Francisco Franco Fundazioa, esaterako.
Arauak 1936ko uztailaren 18ko estatu kolpea eta ondorengo diktadura gaitzetsi eta frankismo garaian egindako epaiketa errepresiboak baliogabe utziko ditu. Frankismoaren apologia egiten duten elkarteak debekatzeaz gain, biktimen gorpuzkiak berreskuratzeko lanak bultzatzea eta desagertuta dauden pertsonak identifikatzeko DNA bankuak sortzea proposatzen du legeak. Halaber, Auzitegi Gorenean fiskaltza berezi bat sortzea aurreikusi du biktimen eskubideak babesteko eta frankismoko krimenak ikertzeko.
Erorien Harana ere jomugan jarriko du legeak, eta hori kudeatzen duen fundazioa (Santa Cruz Fundazioa) bertan behera uztea ekarriko du. Horrela, bertan dauden monje beneditarrek Harana utzi beharko dute (edozein kasutan, azken kontu hori Elizarekin negoziatu nahi du Espainiako Gobernuak). Akordio hori heldu bitartean Espainiako Ondareak hartuko du horren ardura.
2007ko legeak ez zituen arau-hausteak zigortzen, baina honakoak 140.000 eurorainoko isunak aurreikusi ditu urratze larrienetarako; hobiei eraso egiteagatik edo frankismoa goratzeagatik, adibidez.
Lege proiektua behin onartuta, Gorteetara bidaliko dute izapidetzen hasteko. Kongresura irailean helduko da. Arrazoi ezberdinak tarteko, testua ez da taldeen guztiz gustukoa. Unidas Podemosen arabera, legea "positiboa da, baina hankamotz" geratzen da hainbat esparrutan; beraz, hobetzen saiatuko direla iragarri du. Besteak beste, biktimentzako kalte-ordainak eskatuko ditu eta "trantsizio garaian egindako eskubide urraketak diktatura krimentzat" hartzea galdegingo du. Alderdi Popularrari, ordea, ez zaio batere gustatu, eta boterera heltzen denean beste bat onartuko duela iragarri du ("Adiskidetasun Legea" izango dela esan dute). Voxek, berriz, Auzitegi Konstituzionalera joko duela esan du.
Podemosen antzera, frankismoaren kontrako elkarteek adierazi dute Espainiak memoria historikoaren lege berria behar duela, baina lege proiektu horrek "hutsuneak" dituela salatu dute.
Zure interesekoa izan daiteke
Espainiako Gobernuak baztertu egin du adostasunik ez duten neurriak krisiaren aurkako planean sartzea
Alokairuko etxebizitzetan bizi direnei nolabaiteko babesa emateko neurriak negoziatzen ari dira oraindik. Dekretua ostiralean onartuko dute Ministroen Kontseiluan eta datorren astean bozkatu Kongresuan.
Bengoetxea: "Euskara defendatzea batzea da, ez baztertzea"
Korrikaren inguruan sortutako polemikaren harira, Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak esan du Korrika beti izan dela "euskararen inguruko topagune sozial handia", eta "garrantzitsua" dela "batzen duen espazioa izaten jarraitzea". "Ez da harresi edo lubaki gehiagorik behar. Euskarak zubiak behar ditu", adierazi du.
Etchegarayk ez dio sinesgarritasunik eman Baionan eratu duten ezkerreko aliantzari
Azken 12 urteotan Baionako alkate izan denak hautesle abertzaleei gogorarazi die Etcheto sozialista jakobinoak Euskal Hirigune Elkargoa sortzearen aurka egin zuela.
PSE-EEk ez du Korrikan parte hartuko "CCOOri jarritako betoagatik"
Alderdi sozialistak ohar batean kritikatu duenez, "CCOOren ordezkaritza baztertzea euskarak merezi ez duen intolerantzia adierazpen bat da".
Ezkerreko alderdiek akordioa itxi dute Baionan eta Biarritzen, bigarren itzulira elkarrekin aurkezteko
Lapurdiko hiriburuan, Jean-Claude Iriart abertzalea izango da ezkerreko aliantzaren zerrendaburu, eta helburua da Jean-Rene Etchegaray orain arteko auzapeza kargutik kentzea. Elgarrekin Baionarentzat izena hartuko du zerrenda berriak.
Negoziazioak ezker-eskuin, auzapezak erabaki gabe geratu diren 11 udalerrietan
Baionan, Biarritzen, Hendaian, Kanbon eta beste zazpi udalerritan datorren igandean erabakiko da nork gidatuko duen herriko etxea datozen sei urteotan. Bihar arratsaldeko 18:00ak arteko epea dute zerrendak bateratzeko, hala erabakitzen duten kasuetan.
Abascalek PPri eskatu dio Vox sar dezala Gaztela eta Leongo gobernuan, koalizioa osatzeko
Karguez hitz egin baino lehen neurriak eta bermeak dituen programa bat negoziatzea proposatu du Voxeko buruzagiak, eta PPk presioa egin du Extremaduran eta Aragoin ere akordioak lortzeko.
EAJk eskatu du elektrizitatearen gaineko zerga jaistea eta hainbat sektoretan erregaiaren prezioan hobariak ezartzea
Maribel Vaquero EAJk Kongresuan duen bozeramaileak azaldu duenez, Ekialde Hurbileko gerrak eragindako ondorio ekonomikoei aurre egiteko 31 neurri jasotzen dituen proposamena bidali dio talde jeltzaleak Pedro Sanchez buru duen koalizio gobernuari.
Ubarretxenak iragarri du "akordio garrantzitsuak" izan direla aireportuen eskumenari dagokionez
Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile eta Gobernantza eta Autogobernu sailburuak azaldu duenez, gaur sinatutako akordioak transferentziaren dokumentuan jasotzen badira, "akordioa gertu egon daiteke".
Espainiako Gobernuak aste honetan aurkeztuko ditu energiaren prezioen igoeraren aurkako neurriak
Aegesen ministroak aurreratu duenez, "erantzun integralerako plana" da eta "eragile sozialekin eta talde parlamentarioen proposamenekin" ari dira lanean; hala ere, ez du zehaztu noiz aurkeztuko duten Iraneko gerrak energiaren prezioetan izan duen eragina arintzeko ekimena.