'Mozal legea'ren erreforma bozkatuko dute gaur Kongresuan, horren onespenerako babesik bermatu gabe
Kongresuko Barne Batzordea astearte honetan bilduko da Herritarren Segurtasunerako Legearen erreformari buruzko irizpena onartzeko, 'mozal legea' izenez ezaguna, kritikoen artean. Bozketa erabakigarria izango da, baina koalizio Gobernua osatzen duten alderdiek ez dute babes nahikorik.
Saioa 09:30ean hasiko da, eta lege proposamen horri buruzko lehen eztabaida publikoa izango da, 2020ko irailean Kongresuko Osoko Bilkurak EAJk mahaigaineratutako ekimena aintzat hartzea onartu zuenetik.
Azken hilabeteetan, ponentziak lantzen aritu dira, eta ateak itxita egiten dira bilerak. Lantaldeak otsailaren 1ean onartu zuen txostena, eta izapide hori gainditu zuen, ERCk aldeko botoa eman zuelako, nahiz eta, EH Bildurekin batera, testu horrekin desadostasunak dituen.
Gaur, ordea, aurka bozkatuko dutela iragarri dute EH Bilduk eta ERCk. Jon Inarritu EH Bilduko bozeramailearen iritzian, "mozal lege light" bat da mahai gainean jarriko den proposamena eta ezin dute "desobedientzia eta errespetu faltak zigortu eta gomazko pelotak eta migranteen itzulketa azkarrak onartzen dituen lege baten konplize izan".
Maria Dantasek (ERC) gaineratu du "herritarren segurtasuna bermatu beharrean, Poliziarena bermatzen" duela proposamenak, "gizarte osoaren eskubideak inolako zigorrik jaso gabe zapaltzen jarraitzeko aukera ematen" diolako.
Oraingoz, koalizio gobernua osatzen duten bi taldeek EAJren babesa baino ez dute itxita, eta, batzordeak irizpena onartzeko, gutxienez bi talde minoritarioren abstentzioa behar dute (ERC, EH Bildu edo Junts); PP, Vox, Ciudadanos eta Carlos Garcia Adanero Navarra Sumako diputatua erreformaren aurka baitaude.
Aitzitik, PSOEk eta Unidas Podemosek orain arte lortutako akordioen garrantzia azpimarratu dute, eta "arduragabekeria" ikusiko lukete ohiko bazkideek bere garaian PPk bultzatutako legea indarrean mantentzea nahiago izatea. Biek azpimarratu dute, ponentzian adostutako testuaren ondoren, legeak ezin duela "mozal" deitzen jarraitu, eta dena ez hondatzeko deia egin diete bazkideei.
Zure interesekoa izan daiteke
Ceutako portuan prestatzen ari diren migratzaileen kanpalekua geldiaraztea baztertu du Auzitegi Nazionalak
Amaia Martinezek Pradalesi aurpegiratu dio Gobernuak "itxurakeriaz eta antzerkikeriaz" diharduela
Gogora Institutuak Falange Espainolaren mehatxuak salatu ditu Ertzaintzaren aurrean
Pradalesek iragarri du 340 milioi euro bideratuko dituela eraikin publikoak eta etxebizitzak klimatizatzeko
PSE pozik agertu da Jaurlaritzak politikan, enpleguan eta etxebizitzan erabilitako politikekin
Pradalesek absentismoari buruzko herri akordioa babestu eta lanbidearteko gutxieneko soldatan "marra gorririk gabe" aurrera egin nahi du
Segurtasun ezaz eta immigrazio irregularraz hitz egin ez izana leporatu dio Voxek Pradalesi
EH Bilduk autogobernuan "lider" izan dadila eskatu dio Pradalesi
Alba Garcia: "Lehendakariak ardura gehiago bere gain hartu beharko lukeela uste dut"