Espainiako Gobernuak 3.765 milioi euroko laguntzak onartu ditu goialdeko borraskak kaltetutakoentzat
Espainiako Gobernuak bigarren laguntza sorta onartu du, goialdeko borraskak Valentziako Erkidegoan, Gaztela-Mantxan eta Andaluzian kaltetutakoei bideratuta. Zehazki, 3.765 milioi euroko balioa duten 110 neurri osagarri aurrera atera ditu.
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak gaur goizean agerraldia egin du Moncloa jauregian, astelehenera aurreratutako Ministroen Kontseiluak oniritzia eman dion premiazko bigarren lege-dekretu baten berri eman eta onetsi diren laguntzak eta neurriak zehazteko. Iragan asteartean, Ministroen Kontseiluak 10.600 milioi euroko lehen laguntza sorta onartu zuen eta, hortaz, dagoeneko 14.373 milioi euroko balioa duten laguntza-partidak aurrera atera ditu goialdeko borraskak kaltetuentzat.
Aipaturiko neurriak premiazko prozedura erabilita onartu dira, eta, ondorioz, Espainiako Aldizkari Ofizialean argitaratu bezain laster sartuko dira indarrean.
"Espainiako Gobernua eta Espainiako jendartea oso-osorik valentziarren alboan egongo dira behar adina denbora", nabarmendu du gobernuburuak.
Bigarren laguntza sorta horren baitan, Espainiako Gobernuak erabaki du etxebizitzak errentan dituzten etxejabeei ere kalteengatiko laguntzak ematea. Halaber, maizterrek ordaina jasoko dute hondatutako altzariak eta gauzak erosteko, baita oinarrizkoak ez direnak erosteko ere.
Halaber, laguntzak eskatzen dituzten kaltetuek % 50eko aurrerakina berehala jasoko dute, espedientearen tramitazioari itxaron beharrik gabe.
Hipoteka maileguak dituzten kaltetuek beren hipotekak 12 hilabetez izoztu ahal izango dituzte. Behin denbora hori igarota, praktika onen kodea aplikatzeko eskatu ahalko dute 12 hilabete gehiagoz, 300 euro inguruko zenbatekoa ordaintzeko.
Bestalde, goialdeko borraskaren zuzeneko kalteterik izan ez dituzten enpresek ere Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espedienteak eskatu ahalko dituzte, hondamendi naturalaren ondorioak pairatu baldin badituzte. Kasu horretan, Gizarte Segurantzak langileen kotizazioaren % 100 ordainduko du.
Zure interesekoa izan daiteke
Perez Iglesiasek ohartarazi du Bilboko indarkeriak "krosko-zirrikitua" ireki duela demokrazian
Martuteneko espetxea zegoen lekuan etxebizitzak egiteko erakunde arteko akordioa aste honetan lor lezakete
Zozkatu dira Donostiako eta Gasteizko hauteskunde-mahaietako kideak ere
Denis Itxaso: “Etxegabetze guztiak ez dira ezin ordaintzeagatik”
Richar Vaquero, Blocusi buruz: "Norbaiti asko-asko interesatzen zaio mobilizazioetan istiluak egotea"
Ehunka lagun bildu dira Bilbon, terrorismoa egotzita Irunen atxilotutako bi lagunak aske uztea eskatzeko
Aske: "Gure helburua ez da istiluak egotea, Aratz eta Malenen kontrako kanpaina mediatikoari aurre egitea baizik"