"Dimisioaren aukera mahai gainean" izan zuela aitortu arren, "ez etsitzea erabaki" du Sanchezek
Bere bazkideen kritiken eta oposizioko alderdien dimisio eskaeraren artean, ustelkeriaren aurkako 15 neurri biltzen dituen plana aurkeztu du. Besteak beste, ustelen kontrako zigorrak handitzea, delituak preskribatzeko epea luzatzea eta kontratazio publikoetan legez kanpoko jardueragatik zigortutako enpresen zerrenda beltza osatzea jasotzen ditu proposamenak.
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak, oraingoz, bere inbestidura ahalbidetu zuten taldeen babesari eusten dio, baina ustelkeriaren kontrako neurri zorrotzak eta ekintzak eskatu dizkiote.
Espainiako legealdiaren etorkizuna zegoen jokoan gaur Kongresuan. PSOEren eta Gobernuaren barruan lehertutako ustelkeria kasuaz azalpenak eman ditu Sanchezek, inbestidura kideen artean duen konfiantza maila zenbaterainokoa den jakiteko. Eta konfiantza hori bereganatu nahian, ustelkeriaren kontrako hainbat neurri iragarri ditu. Barkamena eskatu du berriro, baina argi utzi du aurrera jarraitzeko asmoa duela. Santos Cerdan PSOEko Antolakuntza idazkaria izandakoaren kasua lehertu eta legealdia koloka geratu denean etorri da gaurko ezohiko bilkura.
Aita zendu berri zaion Yolanda Diaz presidenteordeari eta Sumarren buruari doluminak agertuz hasi du bere hitzartzea buruzagi sozialistak, eta hitz horiek esanda, heldu dio gaiari. Aitortu du dimisioa aurkezteko aukera mahai gainean izan zuela, Guardia Zibilaren txostenek Cerdan ustelkeriarekin zuzenean lotu zutenean, "irtenbide errazena" hori izan zitekeela iritzita, beretzat zein bere familiarentzat.
Azaldu du, baina, "gogoeta egin ondoren" ez etsitzea eta aurrera egitea erabaki zuela, bera "politikari garbia" eta bere alderdia "eredugarria" direlako. Erantsi du, gainera, bere egitekoa "zintzotasun" hori defendatzea dela.
Hitza hartu orduko, bazkide dituen taldeei eta herritarrei zuzendu zaie, "zalantzak" ulertzen dituela esateko. Beste behin, nabarmendu du ez zuela Cerdanen eta Jose Luis Abalos ministro ohiaren "jarduera ustelen" berri.
"Dezepzioa". Hitz hori erabili du gaur ere, alderdikide izan dituen bi kide horiei konfiantza eman zielako sentitzen duena azaltzeko. Hain zuzen, orain, bazkideen konfiantza berreskuratu nahi du, eta inbestidurako babesari eutsi.
Argi esan du ez dituela hauteskundeak aurreratuko. "Egoerak eskatzen duen maila emango dut, eta bete egingo ditut hartutako konpromisoak", esan du, ordezkatzen duen proiektu politikoa ez dela agortu sinetsita.
Ustelkeriaren kontrako 15 neurri
Espainiako Gobernuko presidenteak ustelkeriari aurre egiteko Estatu plana iragarri du, Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundearekin elkarlanean landutakoa.
15 neurri biltzen dituen plana da. Besteak beste, ustelen kontrako zigorrak handitzea, delituak preskribatzeko epea luzatzea edota kontratazio publikoetan legez kanpoko jardueragatik zigortutako enpresen zerrenda beltza osatzea jasotzen ditu proposamenak.
Era berean, Sanchezek aurreratu du ustelkeriaren kontrako agentzia independente bat sortzea eta Prozedura Kriminalaren Legearen erreforma ere badaudela neurrien artean.
Hauteskundeak aurreratzea eskatu du Feijook
Sanchezen agerraldiaren ondoren, Alberto Nuñez Feijoo PPko burua izan da hitza hartzen aurrena, eta hiru gauza eskatu dizkio sozialisten idazkari nagusiari: "dakien guztia" aitortzeko, "harrapatutako dirua" itzultzeko eta hauteskundeak berehala deitzeko. Beste irtenbiderik ez du ikusten buruzagi popularrak, Espainiako presidentea "birrindutako politikoa" dela irizten baitio. "Ez dago hori estaliko duen makillajerik", gehitu du.
Iragarritako neurri guztiak zalantzan jarri ondoren, EAJren aurka ere egiteko aprobetxatu du, eta "azpiratutako" edo "diruz lagundutako" alderdia ote den itaundu du.
Abascalek Sanchezen dimisioa eskatu du
Bere aldetik, Santiago Abascal Vox eskuin muturreko alderdiaren buruak Sanchezen dimisioa eskatu du, eta, aldi berean, Feijook “PSOE urdina” bihurtzeko izan dezakeen tentaldia gaitzetsi du.
Behin eta berriz, sozialisten eta popularren arteko “antzekotasunetan” jarri du fokua. Esan duenez, "politika eta sare ustelak" partekatzen dituzte, eta Vox beldur omen da bi alderdiok batak bestea “amnistiatzeko” erabiliko ote duten boterea.
Diaz: "Gobernatzea ez da eustea, eraldatzea da”
Ondoren, Yolanda Diazen txanda izan da. Sanchez "presidente zintzoa” dela sinetsita, "Gobernuaren norabidea aldatzea" eskatu dio. Bere hitzetan, "gobernatzea ez da eustea, eraldatzea baizik”. Hala, ustelkeriaren aurkako “berme gehiago” eskatu dizkio presidenteari.
Ontzat jo ditu gaur iragarritako neurriak, eta nabarmendu du Sumarrek proposatutako gehienak daudela jasota. Halere, uste du oraindik ere neurri zorrotzagoak hartu daitezkeela, eta horien artean aipatu du ustelkeria delituen indultua debekatzea.
Rufian: “Ustelkeria-sarea mailaz igotzen bada, herritarrei hitza ematea eskatuko dugu”
Berme gehiago eskatu du, baita ere, Gabriel Rufian ERCren eledunak Kongresuan, eta presidenteari ohartarazpena helarazi dio: ustelkeria-sarea mailaz igotzen bada, herritarrei hitza ematea eskatuko du bere alderdiak.
Rufianen iritzian, ezinbestekoa da PSOEk estrategia aldatzea, “ezkerrak lapurtzen duenean”, “zigorra handiagoa” delako. Horregatik, Sanchezi eskatu dio “bunkerretik atera” eta “erasoari ekiteko”.
Nogueras: “Gure bloke bakarra Katalunia da”
Tonu oso kritikoan mintzatu da Juntseko Miriam Nogueras ere. Azaldu du Juntsek ez duela “bloke bat edo bestea” hautatuko. “Gure blokea Katalunia da eta izango da”, esan du.
Are, ziurtatu du Espainiako Gobernuaren erakundeen “zikinkeriari” eta “miseriari” aurre egiten dion alderdia Junts dela, eta horretan jarraituko duela hitz eman.
Aizpurua: “Ez da nahikoa esatea PP eta Vox okerragoak direla”
Bi buruzagi kataluniarren ondotik, EH Bilduko Mertxe Aizpuruak hartu hitza. Espainian ustelkeria “egiturazkoa” dela esan du eta “jarduera ustel guztiak” errotik desagerrarazteko “programa politiko berri" baten beharra aldarrikatu du.
“Ez da nahikoa eustea. Ez da nahikoa esatea PP eta Vox okerragoak direla. Euskal herritar guztiok ondo baino hobeto dakigu. Alternatiba sendo eta programa politiko berri bat eraikitzeko ordua da. Ausardiaz, konplexurik gabe. Ustelkeria zantzu oro Estatuko egitura guztietatik ezabatzeko, herritarrak babestuko dituen neurri sozial eraldatzaileak onartzeko eta programa plurinazional bat martxan jartzeko nazioen eta Estatuaren arteko harremana errotik aldatzeko”, adierazi du.
Aizpuruaren arabera, “jokoan dagoena ez delako soilik Gobernuaren eta legealdiaren iraupena”. “Jokoan dagoena gehiengo sozialaren eta gure herrien etorkizuna da”.
Sanchezek aurkeztutako plana begi onez ikusi arren, EH Bilduren ustez hori ez dela nahikoa esan du diputatu independentistak. “Horregatik oso exijenteak izango gara PSOErekin eta Gobernuarekin”.
"togina” konpontzeko eskatu dio Vaquerok Sanchezi
Maribel Vaquero diputatu jeltzalea igo da tribunara ondoren. Azalpenak berandu ematea leporatu dio Sanchezi, eta esan dio galdera asko dituela oraindik erantzuteke.
EAJren ordezkariaren hitzetan, Gobernuak ez du norabide argirik, eta “itogina” sozialisten teilatuan dago. Hori konpontzea eskatu dio Sanchezi.
Mahai gainean jarritako plana aztertu egingo du EAJk, baina uste du “kontrol eta lege” gehiago ez dela nahikoa izango.
Jeltzaleek PSOEgan duten konfiantza “zaintza intentsiboen unitatean” dagoela gogorarazi du Vaquerok.
Podemosek uste du Sanchez “ustelkeria sistemako kide” dela
Podemoseko Ione Belarrak gogor egin du Sanchezen kontra. “Ustelkeria sareko kide” izatea eta “neurri kosmetikoekin” eskandalu bat “estali” nahi izatea leporatu dizkio.
BNGk “irmotasuna” eskatu du ustelkeriaren kontra
BNGko Nestor Regok, berriz, “zorroztasuna” eskatu dio Sanchezi ustelkeriaren kontrako borrokan.
Bazkide dituen alderdiekin dituen konpromisoak bete ditzala eta gaur iragarritako neurriak abian jartzea eskatu dizkio. Osterantzean, bere alderdiaren babesa ez duela izango jakinarazi dio.
Coalicion Canariak konfiantza galdea nahi du
Konfiantza galde bati aurre egiteko eskatu dio Sanchezi Cristina Valido Coalicion Canariako diputatuak, eta aurrera egitea lortuko ez balu, herritarrek erabaki dezatela zein nahi duten Gobernuan.
UPN: “Hauteskundeak deitzeko ordua da”
Egoera bideratzeko aukera bakarra hauteskundeak deitzea esan du UPNko Alberto Catalanek. Presidente sozialistari gogorarazi dio ustelkeriaren kontrako zentsura mozio baten bidez iritsi zela, eta, azkenean, sare horretan bertan harrapatuta geratu dela.
“Zehaztasun falta” salatu du Compromisek
Agueda Mico Compromis alderdiko diputatua izan da hitz egiten hurrengoa. Ustelkeriaren aurkako neurrien “zehaztasun falta” kritikatu du.
Sanchezi esan dio Compromis ez dagoela “Gobernua salbatzeko”, “neurri aurrerakoiak bultzatzeko” baizik.
PSOEren “konpromisoa” aldarrikatu du Lopezek
Azkenik, Patxi Lopez PSOEren bozeramaileak bere alderdiak ustelkeriaren aurka egiteko duen “konpromisoa” defendatu du, eta PPri leporatu dio “ustelkeria babestea eta ordaintzea”.
Zure interesekoa izan daiteke
Ceutako krisia bideratzeko Segurtasun Nazionaleko Kontseiluaren ezohiko bilera eta aginte bakarra deitu du Sanchezek astearte honetarako
Diputatuen Kongresuak asteazkenean eztabaidatuko du Espainiako presidentea migrazio krisiari buruzko agerraldia egin behar duen ala ez eta 10 ministro deitzen dituenetz.
Udal eta foru hauteskundeetarako eta Nafarroako Parlamenturako prozesua prestatzen ari da EH Bildu
Bere oinarriei dei egin die "parte har dezaten eta ezkerreko soberanismoaren eskaintza politiko eta elektorala osatzeko lanaren parte izan daitezen, erronkaren tamainako anbizioarekin".
Saizek Feijooren aurka egin du Ceutan konfinamendua eskatzeagatik: "Xenofobia da kutsakorra"
Elma Saiz Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazio ministroaren arabera, Alberto Nuñez Feijoo PPren presidenteak Ceuta konfinatzeko eskatu izana "arduragabekeria larria" da, ez baitago kutsatzeko arriskurik, eta buruzagi popularraren "ezjakintasuna" kritikatu du.
EAJk Frantziarekin hitz egiteko eskatu dio Espainiako Gobernuari, Irungo trafikoaren "itogunea" konpontzeko
Halaber, Cristina Laborda Irungo alkatearen "demagogia" kritikatu du, eta adierazi du arazoa ez dela "errepide gutxi" dagoela, baizik eta Frantziak muga "itogune" bihurtu duela herria.
Pradalesek humanismoaren alde egin du ziurgabetasunaren aurrean, Euskadiren "euskarri sendoena" delakoan
Lehendakariak Jose Maria Arizmendiarrieta, euskal kooperatiben mugimenduaren sortzailea, eta Jose Antonio Agirre lehendakaria aipatu ditu humanismoaren erreferente gisa, eta kontzeptu hori eguneratzea beharrezkotzat jo du.
Eusko Jaurlaritzak ostegunean hasiko du urte politiko berria
Besteak beste, etxebizitzaren prezioak, Osakidetzako itxaron-zerrendek, transferentziek eta erreforma fiskalak markatuko dute agertoki politikoa udazkenean.
Valcalderan fusilatutakoak omendu dituzte Iruñean eta Cadreitan, 90 urte betetzen direnean
1936an, agintari militarrek 52 preso errepublikano atera zituzten Iruñeko kartzelatik, askatuko zituztelako aitzakian, baina hil egin zituzten. Bederatzi hamarkada geroago, ez dakite non dauden haien gorpuzkiak.
Ceutan konfinamendua ezartzeko eskatu dio Feijook Sanchezi "osasun arriskuagatik"
Alberto Nuñez Feijoo PPko buruak Ceutan konfinamendua ezartzeko eskatu dio Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari, uztailaren amaieran migratzaileak masiboki sartu ostean atzeman diren gaixotasun infekzioso eta kutsakorrak direla eta. Horren hitzetan, sarna eta tuberkulosi kasuak daude eta "osasun-arriskua" dago.
Bizirik dauden migratzaileak eta hildakoen gorpuak aberriratzeko eskatu dio Marokok Espainiari
Marokoko Justizia ministroak Espainiarekin akordio bat sinatzeko eskatu du, eta ziurtatu du Maroko prest dagoela autobusak Ceutara bidaltzeko, bizirik dauden migatzaileak hartzeko.
Gorenak atzera bota du ministroak abuztuan Senatuan agertzera behartzeko PPk egindako premiazko eskaera, Ceutako krisia dela eta
Nuñez Feijook Gobernuari eskatu dio baimena eman diezaiola Felipe VI.ari hiri autonomoa bisitatzeko, erregeak “Ceutara joan nahi duelako hala dagokiolako”.