PPk onartu du Madrilgo Biltzarraren presidenteorde Ana Millan ez dela Politika Zientzietan lizentziaduna
Noelia Nuñez popularrak, Jose Maria Angel Valentziako sozialistak eta Ignacio Higuero Extremadurako kontseilariak dimisioa eman dute azken asteetan, euren ikasketei buruzko informazio ofiziala faltsua omen da eta.
Ana Millan, Madrilgo Biltzarraren presidenteordea eta PPko Eskualde Antolaketako idazkariordea. Artxiboko argazkia: Europa Press
Madrilgo PPk astelehen honetan onartu duenez, Ana Millan, Madrilgo Biltzarraren presidenteordea eta alderdiko Eskualde Antolaketako idazkariordea, ez da Politika Zientzietan lizentziaduna; eta, hortaz, 2003an eta 2007an Arroyomolinosko hauteskundeetara aurkezteko erabili zuen propagandak zioena gezurra da.
"Hauteskunde kanpainan erabilitako publizitate-liburuxka batean egia ez esatea ez da zure curriculumean gezurra esatea, are gutxiago, berak egin ez zuenean", argudiatu du PPk.
Millanek auzi judizial bat du ebazpenaren zain ustezko ustelkeria delituengatik. Arroyomolinosko Gazteria zinegotzia zen garaikoa da ikerketa, eta, antza, kontratu publikoak esleitzearen truke enpresari batek ordaindu omen zion.
Noelia Nuñez popularrak, Jose Maria Angel Valentziako sozialistak eta Ignacio Higuero Extremadurako kontseilariak dimisioa eman dute berriki, euren ikasketei buruzko informazio ofiziala faltsutzeagatik.