Gernikako Estatutuaren 46. urteurrenean, alderdi politikoek uste dute berritu beharra dagoela
Testua berritzeko negoziazioek markatutako testuinguru batean, buruzagi politikoek aukera baliatu dute Estatutua berritu beharraz duten iritzia emateko.
Euskadiko alderdi politikoek ekitaldiak egin dituzte Gernikako Estatutuaren 46. urteurrenean, testua berritzeko negoziazioek markatutako testuinguruan.
Euskal herritarrek testua bozkatu zutenean Euskadiko alderdiak zatituta zeuden arren, argazkia bestelakoa da orain: balorazio orokorra positiboa da. Hala eta guztiz ere, alderdi politiko guztiek azpimarratu dute beharrezkoa dela testua berritzea.
Aitor Esteban EAJko buruak esan du espero duela Espainiako Gobernuak negoziazioetan aurrera egitea urtea amaitu baino lehen. Estebanek gogorarazi duenez, eskumenak eskualdatzeko "egutegi bat" adostu zuten, eta Espainiako Gobernuak hitza bete beharko duela erantsi du.
Bestalde, EH Bilduk ekitaldi politikoa egin du Amaiurreko monolitoan (Nafarroa), "nazioaren erresistentziaren ikurrean".
Bertan, Pello Otxandiano koalizioaren bozeramaileak eta Laura Aznal Nafarroako bozeramaileak autogobernua eta foraltasuna hobetzeko beharra azpimarratu dute.
Koalizio abertzalearen arabera, iritsi da "herri honen subiranotasunean aurrera egiteko garaia".
Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak, bere aldetik, autogobernua "tresna erabilgarria" dela esan, eta baztertu egin du "alegiazko subirotasuna" lortzeko nahia.
Euskal sozialisten idazkariak Estatutua berritzea eskatu du, euskal gizartearen "benetako beharrei" erantzuteko.
Euskadiko Alderdi Popularra Gernikako Batzar Etxean bildu da Gernikako Estatutua omentzeko.
Javier De Andres euskal popularren presidenteak adierazi du akordio berriak ez duela "independentziarik" aurreikusiko, eta "pertsonen askatasuna" bermatuko duen Estatutuaren alde egin du.
Azkenik, Podemos Euskadik azpimarratu du Gernikako Estatutuak autogobernua garatzeko balio dezakeela, eta erantsi duenez, "ez ditu indartu behar elite ekonomikoen pribilegioak, EAJk ulertzen duen bezala".