Osakidetzak beste 4 kategoria ikertuko ditu, eta salatzaileak auzitara eramango ditu
Osakidetzak jakinarazi du beste lau espezialitate gehiago ere ikertuko dituela, Digestio-aparatua, Medikuntza Intentsiboa, Traumatologia eta Urologiako probak, hain zuzen ere. Halaber, azterketen filtrazioa salatu zuten oposiziogileak Fiskaltzaren aurrera eramango dituela iragarri du, ustez iruzurra egin dutelakoan.
Jon Darpon Osasun sailburuak, Maria Jesus Mugica Osakidetzako zuzendariak eta Maite Iruretagoiena Herri Administrazioaren Euskal Erakundeko zuzendariak agerraldia egin dute Eusko Legebiltzarrean, Osakidetzaren azkeneko lan eskaintza publikoan izandako ustezko iruzurraren gaineko azalpenak emateko.
Ikerketaren emaitzak jaso eta gero, iraila aldera, erabakiak hartzeko moduan egongo direla adierazi du Osasun sailburuak, "frogak eskuan" dituztenean. Gainera, irailean berriz azalpenak Legebiltzarreko taldeen aurrean emango dituela adierazi du.
Darponek Oviedoko Unibertsitateak egindako ikerketaren emaitzen berri eman du gaurko saioan. Ikerketak LEParen 86 epaimahaitik 44 aztertu ditu.
Ikerketaren ondorioak aztertu ostean, Osakidetzak lau informazio espediente berri irekitzea erabaki du, Digestio-Aparatua, Medikuntza Intentsiboa, Traumatologia eta Urologiako espezialitateei dagokienez. Espediente horien aurretik, Kirurgia Plastiko, Angiologia eta Kirurgia Baskularra, Anestesia eta Kardiologiakoak ere egin zituzten, eta horien ondorioa izan zen lau kategoria horien hirutan bost azterketa errepikatzea, Kirurgia Plastikoan izan ezik.
Gainera, Osakidetza indartzeko eta hobetzeko gogoeta prozesua abiarazi dutela iragarri du. Horrela, neurri berriak onartuko dituzte eta, besteak beste, espezialitate guztietan azterketa bakarra egingo da, modu automatikoan zuzenduko dira eta notak erabakitzen dituzten epaimahaien kide kopurua murriztuko da.
Beste neurrietako batzuk hauek lirateke, "enplegu eskaintzak aldizka eta etengabe egitea bolumen txikiagoko prozesuen bitartez, eta kategoriak taldekatuz", eta sindikatuen partaidetza mantentzea epaimahaietan eta Jarraipen Batzordean.
Darpon: "Iruzurra frogatzea zaila izango da"
Sailburuaren esanetan, ekainaren 1etik, Angiologia kategoriako epaimahaikide baten idatzi bat jaso ondoren, "Osakidetzak arduraz eta zuhurtziaz jardun du, egiaztatutako gertakarien neurrian; errugabetasun-printzipioa errespetatuz deliturik objektibatzen ez den bitartean; eta hartutako konpromiso guztiak betez".
"Lanean jarraituko dugu bukaera arte iristeko", esan du Darponek, bere lehen txandan. Halaber, berretsi duenez, Sailak "bere gain hartzen du erantzukizuna eta 96.000 parte hartzaile izan dituen prozesu baten arriskua".
Darponek esan du oraingoz ezin izan dutela argitu azterketak filtratu ziren ala ez, eta erantsi du hori egiaztatzea "zaila" izango dela, "inork ez baitu halakorik aitortuko".
"Argi dago hemen banago arazo bat dugulako dela eta oposaketa hauetan arazoak izan dira. Arazoaren tamaina neurtu eta arazoa konpontzen saiatu behar gara", azaldu du.
Filtrazioaren salatzaileak auzitegira eramango ditu Osakidetzak
Bestalde, Maria Jesus Mugica Osakidetzako zuzendari nagusiak jakinarazi du Fiskaltzaren aurrera eramango dituztela azterketen balizko filtrazioa salatu zuten oposiziogileak. Osakidetzak uste du iruzurra egiten saiatu zirela, ustezko filtrazioa agerian uzteko asmoz epai-mahaiko kideei azterketak eskatu zizkietelako.
Maite Iruretagoiena Herri Administrazioaren Euskal Erakundeko zuzendariak azaldu du azterketak prestatzeko "segurtasun-neurri bereziak" hartu zituztela.
Ildo horretan, ziurtatu du epai-mahaiko kideek oposaketak hasteko bi ordu falta zirenean jaso zituztela azterketak, eta ez lehenago.
Oposizioko taldeek Darponen jarrera kritikatu dute
Talde parlamentarioetako ordezkariek ere hartu dute hitza Osakidetzako lan eskaintza publikoan izandako ustezko iruzurrari buruzko batzordean.
Rebeka Ubera EH Bilduko ordezkariak esan du Osasun Saileko eta Osakidetzako arduradunak dena justifikatu nahian ari direla, Osakidetzako oposaketetan "filtrazioak izaten direla denen ahotan dabilenean eta epai-mahaiko kide izen direnek ere hala aitortu dutenean".
Horrez gain, beste lan eskaintza publiko bateko epai-mahaia osatzerakoan "irregulartasunak" izan zirela ohartaraziz salaketa anonimo bat jaso du EH Bilduk. Hori dela eta, ikerketa "zorrotz" egiteko exijitu du.
Cristina Makazaga Elkarrekin Podemoseko parlamentariak esan du Osakidetzaren oposaketetan "praktika mafiosoak" ematen direla. "Filtrazioak salatu dituztenak jazartzen dituzte, filtrazioak egin dituztenak libre utzita", kritikatu du. Halaber, Oviedoko Unibertsitateak egin duen ikerketarekin, Eusko Jaurlaritza "zerbait egiten ari denaren itxurak" egiten dabilela erantsi du.
Laura Garrido Alderdi Popularreko ordezkariak uste du Osasun Sailak ez duela egoerak eskatzen duen maila eman eta txostenen atzean "ezkutatzen" ari dela salatu du. "Gertatu dena argitzea eta azkeneraino heltzea exijitzen dugu", azpimarratu du.
Sindikatuek Darponen dimisioa eskatu dute
Jon Darpon sailburuaren eta Osakidetzako arduradunen azalpenak entzun ostean, Euskadiko Sendagileen Sindikatuak esan du ikerketa "sakonagoa" ezinbestekoa dela, "azterketak filtratu ziren ala ez egiaztatzeko".
"Oviedoko Unibertsitateak egindako ikerketa ez da nahikoa, analisi estatistiko bat egin dute eta horrek ez du erakusten filtraziorik egon den ala ez", erantsi du.
ELA sindikatuak adierazi du egoera "oso larria" dela eta Darponek jada ez duela inolako zilegitasunik Osasun sailburu izaten jarraitzeko eta, horrenbestez, haren kargugabetzea eskatu du.
"Tamalez, filtrazioak izan direla ukatzen segitzen dutela ikusteko balio izan du gaurko agerraldiak; enplegu publikoan izandako iruzur bat azterketetako emaitzen analisi estatistiko bat eginda ikertzen dela sinestarazi nahian ari dira", deitoratu du.
LAB sindikatuak ere Darponen dimisioa eskatu du, gaurko agerraldiaren ondotik "sinesgarritasun guztia galdu" duelako eta iruzur honek eragin duen "krisia kudeatzen jakin ez" duelako.
Gainera, "oposaketetara aurkeztu diren milaka lagunei eta euskal gizarte osoari gezurra esaten aritu da, proba guztiak behar bezala egiten ari zirela behin eta berriro esanda", salatu du.
ESK-k ere gogor kritikatu du Osakidetzak egindako ikerketa eta Jon Darponen dimisioa exijitu du. "Osakidetzako gestoreek ez dute ardura bere gain hartu; alderantziz, errudunak beste nonbait bilatzen eta euren burua zuritzen ahalegindu dira", kritikatu du.
CCOO sindikatuaren esanetan, Darponek "ardura politikoa bere gain hartu behar du", Osasun Sailaren eta Osakidetzaren "sinesgarritasuna" dagoelako jokoan.
"Osakidetzak egindako ikerketak ez zuela ezer konponduko jakina zen, arazoaren parte delako", nabarmendu du.
Zure interesekoa izan daiteke
Ikuskizunetako teknikarien grebaren deitzaileak pozik agertu dira, lanuzteak izan duen jarraipenarekin
Teknikariok, ESK, LAB, UGT, CCOO, ELA eta CNT Euskal Autonomia Erkidegoko ikuskizunen lehen hitzarmena negoziatzen ari dira, eta patronalari eskatu diote elkarrizketei berriro ekiteko, urtebete baitaramate blokeatuta. Behineko kontratuak, lanaldi oso luzeak, legez ezarritako atsedenaldiak ez errespetatzea, jaiegunetan zein gaueko ordutegian lan egiteagatiko plusik ez jasotzea edota lana eta bizitza pertsonala uztartzeko zailtasunak izatea salatzen dute.
Langabeziak gora egin du uztailean Euskadin eta Nafarroan: 1.378 eta 534 langabe gehiago dago, hurrenez hurren
Euskadin uztailean 105.590 enplegu-eskatzaile egon dira, ekainean baino 1.378 gehiago. Nafarroan, berriz, 534 langabe gehiago izan dira, 28.843. Eusko Jaurlaritzaren arabera, datu hori hainbat langile lan-merkatuan sartzearekin lotuta dago.
Bizkaiko Golkoa eta Frantzia lotuko dituen goi tentsioko linearako kablea jartzen hasi dira, Lemoiz parean
Bizkaiko Golkoaren eta Frantziaren arteko interkonexio elektrikoa gertuago dago. Goi tentsioko linea honek Gatika eta Bordeletik gertu dagoen Cubnezais batuko ditu eta 276 kilometroko tartea egingo du ur azpian. Ekosistemari kalterik egingo ez zaiola ziurtatzeko, Aztik gainbegiratuko ditu lanak.
Ikuskizunetako teknikariek "enpatia" eskatu diete artistei hiriburuetako jaietan deitutako greban
EAEko lehen lan-hitzarmena negoziatzen ari diren sindikatuek lanuzteak deitu dituzte abuztuaren 5, 14 eta 26rako, lan-hobekuntzak eskatzeko eta patronalari negoziazioei berriro ekiteko eskatzeko.
Euriborrak % 2,855ean itxi du uztaila, mailarik altuena 2024ko irailetik
Ekainarekin alderatuta, tasa oinarrizko 6 puntu igo da.
Euroguneko inflazioa % 2,9an kokatu da uztailean, hamarren bat igota
Eurostatek argitaratu berri duen urte arteko tasa % 3,8koa da Espainian, ekainekoa baino bi hamarren handiagoa, eta % 2,4koa Frantzian, joan den hilean baino lau hamarren handiagoa. Energiaren esparruan igo da gehien inflazioa.
Gipuzkoako Moeve gasolindegietako langileek greba ziklo bati ekin diote, lan-baldintzak hobetzeko asmoz
Lehenengo lanuztea ostegunean hasi zen, 22:00etan, eta igandean amaituko da. Mobilizazioen artean, gaur elkarretaratzea egin dute AP-8 autobidearen Oiartzungo gasolindegian.
Gasolina eta gasolioa 6 zentimo baino gehiago garestitu dira litroko, Hidrokarburoen Zerga Bereziaren igoeraren ondorioz
Batez beste, gasolina depositua betetzeak duela urtebete baino 8,5 euro gehiago balio du, eta gasolio deposituak ia 16 euro gehiago, abuztuko irteera-operazio betean.
38 urteko langile bat oso larri zauritu da Alesbeseko kontserba-enpresa batean izandako istripuan
Foru Gobernuak zabaldutako oharraren arabera, langileari ur irakina erori zaio gainera, eta erredurak ditu gorputzaren % 80an.
Bazka erosketa bateratua aztertuko du Euskadik, lehorteak eragindako larre-eskasia dela eta
ENBA sindikatuko eta UAGA Arabako nekazarien elkarteko ordezkariak Eusko Jaurlaritzarekin bildu dira Lakuan, beroak eta euri faltak lehen sektorean eragindako kalteak aztertzeko.