Zaldibarko krisiak hilabete egin du bi desagertuak topatu ezinda
Ostiral honetan, hilak 6, bete da hilabete Zaldibarko zabortegia erori zela. Ordudanik, desagertuta daude hondakindegiko bi langile, Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran. Gertakari larri hark krisi hirukoitza eragin zuen: osasun arlokoa, ingurumen arlokoa, eta baita politikoa ere, EAE kanpainaurre betean zela.
Honako hauek dira hilabete honetan gaiaren inguruan egindako albiste nagusiak:
1. Zaldibarko hondakindegia otsailaren 6an amildu zen. Luizia Bizkaiko udalerri txiki horren lurretan gertatu zen, baina Ermua eta Eibar herri handietatik oso gertu. Eitzaga auzoan kokatutako zabortegia pribatua zen, Verter Recycling 2002 enpresarena, eta urtero milioi erdi tona hondakin jasotzen zituzten, hondakin ez-arriskutsuak denak ere (hondakin bizigabeak salbu, mota guztietako materiala botatzen zuten bertara: hondakin industrialak, siderurgiak sortutako hondarrak...)
2. Oraindik ez dago argi zerk eragin zuen luizia, baina ia hasieratik jakin zen bi pertsona, zabortegiko behargin bi, zeudela hondakinen azpian harrapatuta. Hain justu, egunean bertan ekin zieten biak bilatzeari. Suhiltzaile, ertzain eta larrialdietako boluntarioak aritu ziren, txakurren laguntzarekin, eskuz.
3. Otsailaren 7ko goizaldean bilatze lanak eten zituzten, bat-batean: amiantoa topatu zuten hondakinen artean. Zabortegiak bazuen fibrozementuzko estalkiak (eraikuntzan oso erabiliak ziren) jasotzeko baimena. Estalki horiek berez ez dira arriskutsuak, baina apurtuz gero, bai, arnasteak minbizia eragiten duelako.
4. Lehen asteburuan, otsailaren 8-9, desagertutako langileen senitartekoak "minduta eta haserre" azaldu ziren, erreskate lanak hainbat aldiz eten zituztelako: aurrena, amiantoagatik, gero lurzoruaren ezegonkortasunagatik. Horrez gain, hondakindegiaren goialdean sutea piztu zen hilaren 8an, eta horrek kezka sortu zuen Eitzaga auzoko biztanleen artean, sor zezakeen kutsadura dela eta. Lehen egun horietan jakin zenez, zabortegiko azken ikuskapenetan "arau-hauste larriak" topatu zituzten.
5. Luiziaren ondoko lehen astean giza krisiari eztabaida politikoa batu zitzaion. Oposizioa Eusko Jaurlaritzaren kudeaketa kritikatzen hasi zen. Lehendakaria otsailaren 10ean mintzatu zen auziaz lehen aldiz (hauteskundeak deitzeko agerraldian). Adierazi zuenez, luizia izan eta berehala sortu zela krisi-mahaia. Erakundeen kudeaketarekin kritiko, Zaldibar, Eibar eta Ermuko bizilagunak kalera atera ziren astelehen horretan bertan.
6. Otsailaren 11n, Durangoko epaitegi batek eginbideak abiatu zituen Verter Recycling 2002 enpresaren kontra, ingurugiro eta lan arloko delituak egotzita. Hainbat erakundek iragarri dute auzian pertsonatuko direla. Jaurlaritzak astebeteko epea eman zion enpresari plan bat aurkez zezan. Verter Recycling 2002 enpresak komunikazioan aditua den enpresa bat kontratatu zuen, krisiari aurre egiteko.
7. Otsailaren 12an, lehendakaria Zaldibarko zabortegian izan zen eta desagertutako langileen senitartekoekin bildu. Egun berean, Jaurlaritzak Verter Recycling enpresaren arduradunekin bildu zen. Gerora, zehapen-espedientea ireki zion.
8. Oposizioko alderdiek eskatuta, Legebiltzarreko Diputazio Iraunkorreko Mahaiak Iñigo Urkullu eta beste lau sailbururen agerraldia onartu zuen. Egun berean, otsailaren 13an, bi desagertutakoak bilatzeari ekin zieten berriro.
9. Otsailaren 14an, ostiralarekin, beste ezusteko bat: dioxina eta furanoa atzeman zituzten airean, ezohiko maila altuan. Erretako plastikoek eragiten dituzten substantziak dira biak. Prebentzio neurri gisa, aire librean ariketa fisikorik ez egitea eta etxeak ez aireztatzea gomendatu zieten Zaldibar, Ermua eta Eibar herrietako bizilagunei.
10. Luiziaren bigarren asteburua, otsailaren 15ean eta 16an, bigarren manifestazio handia egin zuten "Zaldibar Argitu orain" lelopean. Herritarrek bi langileak bilatzeko lanak lehenestea eta herritarren osasuna zaintzea eskatu zieten erakundeei. Dioxina eta furanoak tarteko, bertan behera geratu zen Eibar-Reala futbol partida.
11. Bigarren astean beste erpin bat atera zitzaion auziari: hondakinen krisia eta Euskadiko zabortegien leku falta. Zaldibarkoa amilduta eta Mutiloakoa itxita, Jaurlaritza beste erkidego batzuekin harremanetan jarri zen.
11. Otsailaren 18an lehendakariaren agerraldia egon zen Diputazio Iraunkorrean. Urkulluk akatsak onartu zituen. Oposizioak, kritiko, "harrokeria" eta "maila ez ematea" egotzi zion.
12. Egun horretan bertan, URA Uraren Euskal Agentziak amonio eta metalen presentziaren igoera atzeman zuen Zaldibar inguruko ibaietan. Dena dela, iturriko ura edatea edota inguruko ortuariak jatea arriskutsua ez zela ebatzi zuten adituek.
Astearte horretan, suteen fronte "handienak" itzaltzea lortu zuten suhiltzaileek, eta kea jarioa bertan behera geratu zen. Bi egun geroago, otsailaren 20an, airearen kutsaduragatik ezarritako prebentziozko neurriak kendu zituen Jaurlaritzak. Biharamunean, ordea, sua berriro piztu zen hondakindegiaren goialdean, baina ordu gutxiren buruan itzali zuten.
13. Otsailaren 21ean, Jaurlaritzak Fiskaltzaren aurrean salatu zuen Verter Recycling. Luizia gertatu baino bi egun lehenago jakin zuen enpresak zabortegian arrakalak agertu zirela, baina ez zuen neurririk hartu.
14. Bi langile desagertuen gorpuak azkenekoz ikusi zituzten eremuan bilatzeari ekin zieten otsailaren 22an.
15. Martxoaren 3an, Joaquin Beltranen familiak gutun batean salatu zuen erreskate lanetan erabilitako "komisario politikoen kudeaketa zentzugabekeria hutsa" izan zela. "Egiten ari dena baino gehiago egin daiteke eta egin behar da", nabarmendu zuten. Biharamunean, Urkullu lehendakariak erantzun zien ulertzen zuela euren mina eta Jaurlaritza ari zela "beharrezkoak diren bitarteko guztiak" erabiltzen Alberto eta Joaquin topatzeko.
16. Martxoaren 5ean, Txisko Beltranek eta Rodolfo Martinek, hurrenez hurren Joaquin Beltran desagertutakoaren anaiak eta lagunak, elkarrizketa eskaini zioten EiTBri. Bi langileak aurkitzeko eginahalak egiteko eskatu zieten erakundeei. "Zabortegi batera lore sorta bat eraman behar ez izatea da gure nahia, ez da duina pertsona horientzat", adierazi zuten.
Bestalde, Zaldibar Argitu plataformak hiru orduko lanuztea deitu zuen datorren ostegunerako, martxoaren 12rako, zabortegian izandako luiziaren kudeaketarekin "nazkatuta" daudela adierazteko eta "arduradunek behingoz aurpegia eman dezatela" eskatzeko.
Zure interesekoa izan daiteke
Guardia zibil batek bikotekide ohia hil du Llanesen, hura ere agentea
Hilketaren ondoren, ihes egiten saiatu da erasotzailea, eta ahalegin horretan, inguruan zeuden beste agente batzuk tiroka erantzun diote. Bertan zendu da.
Lizarran hildako gizonaren bikotekide ohiak azaldu du indarkeria fisikoa eta psikologikoko pairatu zituela hainbat urtez
Gizona balkoi batetik erorita hil zen, Poliziarengandik ihesi zihoala, azken horiek indarkeria matxistagatik abisua jaso ondoren.
Donostiako Udalak eraso sexisten aurkako Aste Nagusirako kanpaina aktibatu du: puntu morea Boulevardean egongo da
Ane Oyarbide Berdintasun zinegotziak adierazi duenez, "elkarbizitza, errespetu eta askatasun gunea izan behar du Aste Nagusiak, pertsona guztientzat".
Uharteko parrokoak barkamena eskatu eta sareak utzi ditu
Ohar baten bidez argitu duenez, Iruñeko eta Tuterako elizbarrutia ez dago ados Javier Aizpunek zabaldutako mezuekin, eta aita santuaren hitzak aipatuta, "giza duintasunak pasaporterik ez" duela esan du.
Zuzenean: Abordatze Pirata
Donostiako Piraten esku izaten da hiriaren abordaia, Gipuzkoako hiriburuko kaitik irten eta Kontxako hondartzan lehorreratuz. Ekitaldiaren emanaldia 16:25ean hasiko da.
Zuzenean: Artillerok hasiera emango dio 2026ko Donostiako Aste Nagusiari
Kanoikadak Donostiako Aste Nagusiari hasiera emango dio. "Artillero 2026", zuzenean 18:00etatik aurrera.
Trumpek presioa egin dio Irani; Teheran eta Oman, ordea, Ormuzko itsasartea irekitzeko negoziatzen ari dira
Iranek ziurtatu duenez, Omanekin itsas pasabide estrategikoan nabigazio mekanismo berri bat ezartzeko elkarrizketak modu positiboan ari dira aurrera egiten. AEBk berriro irekitzea eskatu du, eta Donald Trumpek mehatxu egin du akordorik lortu ezean Teheranen aurka eraso egingo duela.
Bi ibilgailuren arteko talkak auto-ilarak sortu ditu Galdakaon AP-8 autobidean, Donostiarako noranzkoan
Ibilgailuetako bat errepidetik atera da, eta bestea bidean iraulita geratu da. Istripuaren ondorioz, bi errei itxita egon dira.
Donostiako hiru hondartzetan bainatzea debekatu dute, karabela portugesak agertu direlako
Donostiako hiru hondartzetan bainatzea debekatu dute, eta Getarian eta Zarautzen ere ale handiak iritsi direla ohartarazi dute. Saturraranen, Mutrikun, bainuzale bat anbulantizan eraman dute, karabela portugesek ziztatu egin dutelako.
Gasteizko jaietako egun handia, blusa eta nesken kalejira berriarekin, teknikarien grebak baldintzatuta
Goizean, blusen eta nesken kuadrillek lore eskaintza egin diote Andre Maria Zuriari eta haren aldeko aurreskua dantzatu dute, eta arratsaldean kalejira egin dute, ibilbide berria estreinatuta. Ikuskizunetako teknikarien grebak La pasión infinita lanaren funtzioa bertan behera uztera behartu du.