EAEn 3 pertsona hil dira COVID-19aren ondorioz eta Nafarroan ez da hildakorik izan
Koronabirusak eragindako pandemiaren ondorioz, hiru pertsona hil dira Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) azken 24 orduetan; beraz, 1.577 hildako zenbatu dituzte jada. Horrez gain, 16 kasu berri baieztatu dira PCR proben bidez, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak astearte honetan emandako datuen arabera (asteleheneko 24:00ak arte bildutakoak).
Horrela, datuek zertxobait okerrera egin dute atzo zabaldutakoekin alderatuta, baina koronabirusak eragindako pandemiaren bilakaera beheranzko joera izaten ari dela erakusten dute. Osasun Sailak jakitera eman duenez, gaitza atzemateko 2.984 proba egin zituzten atzo: 2.272 PCR eta 712 test serologiko.
Azken orduetan, 16 kasu atzeman dituzte EAEn PCR proben bidez (13.522 positibo guztira) eta 48 test serologikoen bidez (6.610), Eusko Jaurlaritzaren arabera; beraz, 20.132 kasu baieztatu dira orain arte.
Datuak lurraldez lurralde ikusita, Araban bost pertsonak eman dute positibo PCR probetan azken 24 orduetan (3.301 guztira), eta Bizkaian beste hamar kasu atzeman dituzte. Bizkaia da orain arte PCR proben bidez positibo gehien detektatu dituen lurraldea (7.801 guztira). Gipuzkoan, berriz, kasu bat atzeman dute azken 24 orduetan, 11 egunez positibo berririk zenbatu gabe egon ostean. Hain zuzen ere, Gipuzkoan zenbatu dira orain arte lurraldeko daturik baxuenak (2.264 guztira).
Araban baieztatutako bost kasuei dagokienez, Gasteizen (bost) atzeman dituzte baieztatutako positibo guztiak. Bizkaian, berriz, Alonsotegin (bat), Bilbon (bost), Gueñesen (bat), Portugaleten (bat), Sondikan (bat) eta Zaratamon (bat) bizi dira azken 24 orduetan PCR bidez egindako probetan positibo eman duten pertsonak. Gipuzkoan, azken 11 egunetako joera positiboa amaitzea eragin duen kasua Aretxabaletan (bat) atzeman dute.
Horrez gain, Euskaditik kanpo bizi diren herritarrei egindako probetan 156 kasu positibo atzeman dituzte orain arte EAEn, baina horietako bat ere ez azken egunetan.
Osasun arloko krisi hau hasi zenetik, Euskadin 222.647 PCR proba eta 120.725 test azkar egin zaizkie 196.850 pertsonari (pertsona askori behin baino gehiagotan egin dizkiete probak).
PCR proben bitartez, pertsona batek une horretan bertan birusa duen edo gaixo dagoen jakin daiteke. Test azkarrek, berriz, pertsona bat kutsatuta egon den ala ez jakinarazten dute, baina ez dute zehazten gaixotasuna garatu duen, oraindik duen edo dagoeneko sendatuta dagoen; izan ere, test azkarrek pertsona batek garatutako immunitatea edo sortutako antigorputzak neurtzen dituzte, eta, beraz, iraganeko infekzio bat isla dezakete.
Bestalde, Osasun Sailak azaldu duenez, azken 24 orduetan bederatzi pertsonak jaso dute alta ospitalean, hau da, guztira 4.193 gaixok (% 20,8). Halaber, kasu positibo negatibotuak, hau da, PCR probetan positibo eman ondoren negatibo eman dutenak, 1.271 gehiago dira, 13.173 guztira (% 65,4).
Bestalde, EAEn kutsatzeen indizea batetik gorakoa da (1,59). Zehazki, kutsatu bakar batek batez beste zenbat pertsona kutsa ditzakeen adierazten du horrek.
Osasun Sailaren esanetan, koronabirusaren eraginez zainketa intentsiboetako unitatean artatu behar izan dituzten pertsonen kopuruak ez du aldaketarik izan; izan ere, atzo zabaldutako datuekin alderatuta, ez dute paziente gehiago artatu behar izan. Horrela, egun COVID-19ak erasandako 18 pertsona daude EAEko zainketa intentsiboetako unitateetan.
Orain arte, guztira 1.577 pertsona hil dira koronabirusaren ondorioz EAEn (gaixotu diren guztien % 7,8), Eusko Jaurlaritzak azaldu duenez.
Azken orduetan, hiru pertsona ospitaleratu dituzte COVID-19agatik, eta, Osasun Sailaren esanetan, gaur egun 211 pertsona daude ospitaleratuta (193, gela arruntetan, eta 18, ZIUetan).
*OHARRA*:
Gaurko txostenak aldaketa bat jasotzen du sendatutako pertsonen kopurua jakinarazteko moduan. Batetik, test negatiboa duten pertsonen kopurua bereizten da (PCR bidez positibo eman ondoren, azkenean negatibo eman dute), eta, bestetik, ospitalean alta jaso dutenen kopurua. Osasun Sailak uste du modu hori zehatzagoa dela; izan ere, baliteke, adibidez, ospitalean alta eman zaien pertsonak egotea, eta haien PCRak positibo izaten jarraitzen du, baina ez du ospitaleratuta egon behar.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak zabaldutako txostena hainbat profesionalek egiten dute, eta informazioa lantzeko prozesuaren fase ezberdinetan beharrezko diren analisiez arduratzen da bakoitza. Hala, zabaldutako informazioa etengabe berrikusten da, eta zuzenketa txikiak egiten dira egunero.
Nafarroak gaixoen kopuruei eutsi die, kutsatze berri batekin
Nafarroak hamaikagarren egunez jarraian eutsi dio COVID-19aren hildakoen kopuruari, 515 pertsonatan, azken 24 orduetan kutsatutako kasu berri batekin.
Foru Gobernuak jakitera eman duenez, azken egunean, aurreko hamaiketan bezala, ez da hildakorik izan Foru Erkidegoan, eta Nafarroan otsailaren amaieran pandemia hasi zenetik, 5.336 lagun kutsatu dira guztira.
Une honetan 52 pertsona daude ospitaleratuta Foru Erkidegoan, atzo baino bat gutxiago; horietatik 40 gela arruntetan daude (azken 24 orduetan alta eman zaio paziente bati), 9 Zainketa Intentsiboetako Unitatean (atzoko kopuru bera) eta 3 etxeko ospitalizazio modalitatean (atzo bezala).
Osasun Ministerioak 84 kasu zenbatu ditu eta ez da hildakorik izan azken 24 orduetan
Osasun Ministerioak 84 kasu zenbatu ditu COVID-19aren ondorioz egun batean eta ez da hildakorik izan azken 24 orduetan, baina azken zazpi egunetan 50 hildako izan dira.
Guztira, 241.966 pertsonak eman dute positibo PCR proba batean; 27.136k bizia galdu dute; 124.407 ospitaleratu behar izan dituzte, 149 azken astean; eta 11.614 Zainketa Intentsiboetako Unitate batean ospitaleratu dituzte, 12 azken zazpi egunetan.
Andaluziak, Aragoik, Balearrek, Kantabriak, Ceutak, Valentziak, Melillak eta Nafarroak ez dute hildakorik izan azken zazpi egunetan.
Zure interesekoa izan daiteke
Guardia zibil batek bikotekide ohia hil du Llanesen, hura ere agentea
Hilketaren ondoren, ihes egiten saiatu da erasotzailea, eta ahalegin horretan, inguruan zeuden beste agente batzuk tiroka erantzun diote. Bertan zendu da.
Lizarran hildako gizonaren bikotekide ohiak azaldu du indarkeria fisikoa eta psikologikoko pairatu zituela hainbat urtez
Gizona balkoi batetik erorita hil zen, Poliziarengandik ihesi zihoala, azken horiek indarkeria matxistagatik abisua jaso ondoren.
Donostiako Udalak eraso sexisten aurkako Aste Nagusirako kanpaina aktibatu du: puntu morea Boulevardean egongo da
Ane Oyarbide Berdintasun zinegotziak adierazi duenez, "elkarbizitza, errespetu eta askatasun gunea izan behar du Aste Nagusiak, pertsona guztientzat".
Uharteko parrokoak barkamena eskatu eta sareak utzi ditu
Ohar baten bidez argitu duenez, Iruñeko eta Tuterako elizbarrutia ez dago ados Javier Aizpunek zabaldutako mezuekin, eta aita santuaren hitzak aipatuta, "giza duintasunak pasaporterik ez" duela esan du.
Zuzenean: Abordatze Pirata
Donostiako Piraten esku izaten da hiriaren abordaia, Gipuzkoako hiriburuko kaitik irten eta Kontxako hondartzan lehorreratuz. Ekitaldiaren emanaldia 16:25ean hasiko da.
Zuzenean: Artillerok hasiera emango dio 2026ko Donostiako Aste Nagusiari
Kanoikadak Donostiako Aste Nagusiari hasiera emango dio. "Artillero 2026", zuzenean 18:00etatik aurrera.
Trumpek presioa egin dio Irani; Teheran eta Oman, ordea, Ormuzko itsasartea irekitzeko negoziatzen ari dira
Iranek ziurtatu duenez, Omanekin itsas pasabide estrategikoan nabigazio mekanismo berri bat ezartzeko elkarrizketak modu positiboan ari dira aurrera egiten. AEBk berriro irekitzea eskatu du, eta Donald Trumpek mehatxu egin du akordorik lortu ezean Teheranen aurka eraso egingo duela.
Bi ibilgailuren arteko talkak auto-ilarak sortu ditu Galdakaon AP-8 autobidean, Donostiarako noranzkoan
Ibilgailuetako bat errepidetik atera da, eta bestea bidean iraulita geratu da. Istripuaren ondorioz, bi errei itxita egon dira.
Donostiako hiru hondartzetan bainatzea debekatu dute, karabela portugesak agertu direlako
Donostiako hiru hondartzetan bainatzea debekatu dute, eta Getarian eta Zarautzen ere ale handiak iritsi direla ohartarazi dute. Saturraranen, Mutrikun, bainuzale bat anbulantizan eraman dute, karabela portugesek ziztatu egin dutelako.
Gasteizko jaietako egun handia, blusa eta nesken kalejira berriarekin, teknikarien grebak baldintzatuta
Goizean, blusen eta nesken kuadrillek lore eskaintza egin diote Andre Maria Zuriari eta haren aldeko aurreskua dantzatu dute, eta arratsaldean kalejira egin dute, ibilbide berria estreinatuta. Ikuskizunetako teknikarien grebak La pasión infinita lanaren funtzioa bertan behera uztera behartu du.