Euskadin ez da hildakorik izan azken orduetan, baina 13 kasu gehiago atzeman dira
Koronabirusaren ondorioz, azken orduetan ez da hildakorik izan Euskal Autonomia Erkidegoan; beraz, 1.596 heriotza izan dira guztira EAEn pandemiaren ondorioz. Horrez gain, 13 kasu berri baieztatu dira PCR proben bidez, Eusko Jaurlaritzak astearte honetan emandako datuen arabera (asteleheneko 24:00ak arte bildutakoak).
Iñigo Urkullu lehendakariak esan duenez, ostiralean alarma-egoera bertan behera uzteko prest dago, baina Osasun Sailak txosten bat egin arte itxarongo duela jakinarazi du. Horrela, behin betiko erabakia ostegunean hartuko du, gobernu bilera egin ostean.
Osasun Sailak egindako txostenaren ondorioak bihar jakingo dira, eta, nolanahi ere, Urkulluk gogorarazi du koronabirusaren bilakaera epidemiologikoa "ona eta positiboa" dela Euskadin.
Dena dela, alarma-egoera indargabetu arren, "ezer ez da berdina izango", gaineratu du lehendakariak, eta urruntze fisikoa, higienea eta maskara erabiltzea beharrezkoak izango direla erantsi du, "birusak gure artean jarraitzen duelako" eta oraindik txertorik ez dagoelako.
Bestalde, Nekane Murga Osasun sailburuak nabarmendu duenez, pandemia hasi zenetik 212.000 pertsonari egin dizkiete gaitza atzemateko detekzio-probak Euskadin.
EAEko egoera epidemiologikoa eguneratzeko egindako agerraldian, horrek herritarren % 10i gaitza atzemateko detekzio-probaren bat egin diotela esan nahi duela nabarmendu du Murgak. Bere iritziz, "datu horrek erakusten du zaintza eta detekzio goiztiarra direla gure sendotasunik handiena".
Bestalde, Txagorritxuko Ospitalean (Gasteiz) eta Basurtuko Ospitalean (Bilbo) atzemandako bi fokuei dagokienez, "egoera kontrolpean" dutela azpimarratu du Murgak.
Azken orduetan, bi pertsona gehiagok eman dute positibo Txagorritxuko Ospitalean atzemandako fokuan. Hain zuzen ere, kutsatuta zeuden gaixoen kontaktu estuak dira, eta koarentenan zeuden, badaezpada. Orain arte, beraz, 15 kasu atzeman dituzte guztira.
Bestalde, Basurtuko Ospitalean positibo berri bat atzeman dute, osasun arloko profesional bat, eta, beraz, 42 kasu zenbatu dituzte jada.
Bestalde, EAEn kutsatzeen indizea batetik gorakoa da (1,16). Zehazki, kutsatu bakar batek batez beste zenbat pertsona kutsa ditzakeen adierazten du horrek. Atzo, 1,33koa zen indize hori, eta joan den astean, berriz, 1,59koa zen.
Horrela, datuek zertxobait hobera egin dute atzo zabaldutakoekin alderatuta, eta koronabirusak eragindako pandemiaren bilakaera beheranzko joera izaten ari dela erakusten dute. Osasun Sailak jakitera eman duenez, gaitza atzemateko 3.949 detekzio-proba egin zituzten atzo: 3.465 PCR eta 484 test serologiko.
Azken orduetan, 13 kasu atzeman dituzte EAEn PCR proben bidez (13.613 guztira) eta 17 test serologikoen bidez (6.835), Eusko Jaurlaritzaren arabera; beraz, 20.448 kasu baieztatu dira orain arte.
Datuak lurraldez lurralde ikusita, azken orduotan baieztatu dituzten kasu gehienak (sei) Araban atzeman dituzte (3.319 guztira). Testuinguru horretan, Bizkaian bost kasu gehiago baieztatu dituzte azken orduetan. Hain zuzen ere, Bizkaia da orain arte PCR proben bidez positibo gehien detektatu dituen lurraldea (7.858 guztira). Gipuzkoan, berriz, gaitza atzemateko egindako detekzio-probetan positibo eman duen beste bi kasu atzeman dituzte. Gipuzkoan izan dira orain arte gutxien (2.279 guztira).
Hala, Gasteizen baieztatutako kasuei dagokienez, Laudion (bi) eta Gasteizen (lau) bizi dira azken 24 orduetan PCR bidez egindako probetan positibo eman duten sei pertsonak. Bizkaian baieztatutako bost kasuei dagokienez, Barakaldon (bi), Bilbon (bi) eta Gorlizen (bat) atzeman dituzte positibo berriak. Gipuzkoan, berriz, Hondarribian (bat) eta Oñatin (bat) baieztatu dituzte bi kasu berriak.
Horrez gain, Euskaditik kanpo bizi diren herritarrei egindako probetan 157 kasu positibo atzeman dituzte orain arte EAEn, baina horietako bat ere ez azken egunetan.
Osasun arloko krisi hau hasi zenetik, Euskadin 247.370 PCR proba eta 125.621 test azkar egin dizkiete 214.428 pertsonari (askori behin baino gehiagotan egin dizkiete probak).
PCR proben bitartez, pertsona batek une horretan bertan birusa duen edo gaixo dagoen jakin daiteke. Test azkarrek, berriz, pertsona bat kutsatuta egon den ala ez jakinarazten dute, baina ez dute zehazten gaixotasuna garatu duen, oraindik duen edo dagoeneko sendatuta dagoen; izan ere, test azkarrek pertsona batek garatutako immunitatea edo sortutako antigorputzak neurtzen dituzte, eta, beraz, iraganeko infekzio bat isla dezakete.
Bestalde, Osasun Sailak azaldu duenez, azken 24 orduetan zazpi pertsonak jaso dute alta ospitalean; guztira 4.240 gaixok jaso dute (% 20,7). Halaber, kasu positibo negatibotuak, hau da, PCR probetan positibo eman ondoren negatibo eman dutenak, 23 gehiago dira, 13.402 guztira (% 65,5).
Osasun Sailaren esanetan, koronabirusaren eraginez zainketa intentsiboetako unitatean artatu behar izan dituzten pertsonen kopuruari dagokionez, bi paziente gutxiago artatu behar izan dituzte atzo zabaldutako datuekin alderatuta. Horrela, egun COVID-19ak erasandako 16 pertsona daude EAEko zainketa intentsiboetako unitateetan.
Orain arte, guztira 1.596 pertsona hil dira koronabirusaren ondorioz EAEn (gaixotu diren guztien % 7,8), Eusko Jaurlaritzak azaldu duenez.
Azken orduetan, pertsona bat ospitaleratu dute bakarrik COVID-19agatik, eta, Osasun Sailaren esanetan, gaur egun 199 pertsona daude ospitaleratuta (gela arruntetan 183 daude, eta ZIUetan 16).
*OHARRA*:
Gaurko txostenak aldaketa bat jasotzen du sendatutako pertsonen kopurua jakinarazteko moduan. Batetik, test negatiboa duten pertsonen kopurua bereizten da (PCR bidez positibo eman ondoren, azkenean negatibo eman dute), eta, bestetik, ospitalean alta jaso dutenen kopurua. Osasun Sailak uste du modu hori zehatzagoa dela; izan ere, baliteke, adibidez, ospitalean alta eman zaien pertsonak egotea, eta haien PCRak positibo izaten jarraitzen du, baina ez du ospitaleratuta egon behar.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak zabaldutako txostena hainbat profesionalek egiten dute, eta informazioa lantzeko prozesuaren fase ezberdinetan beharrezko diren analisiez arduratzen da bakoitza. Hala, zabaldutako informazioa etengabe berrikusten da, eta zuzenketa txikiak egiten dira egunero.
Positibo bat eta hildako bakar bat ere ez Nafarroan
Nafarroak positibo berri bat zenbatu du, PCR probarekin baieztatuta, eta guztira 5.353 kasu erregistratu dira Foru Erkidegoan; hildakoen kopurua, berriz, 518koa da, ez baita aldaketarik izan.
Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, 34 pertsona daude ospitalean, aurreko egunean baino sei gutxiago.
Ospitaleratutako pertsonetatik 28 gela arruntetan daude, atzo baino lau gutxiago, eta sei zainketa intentsiboetako unitateetan. Une honetan inor ez dago etxeko ospitalizazioan, atzo bi pertsona zeuden.
Bestalde, Nafarroako Osasun Ministerioak ere positibo berri bat eman du: 5.312 positibo zenbatu dituzte Nafarroan, eta 490 pertsona hil dira.
Osasun Sailak azken astean 25 pertsona hil direla jakinarazi du
Osasun Ministerioak astearte honetan jakinarazi duenez, 25 pertsona hil dira COVID-19aren ondorioz azken zazpi egunetan, eta guztira 27.136 hil dira, azken egunetako kopuru bera. Hildakoen serieak izoztuta jarraitzen du beste egun batez, erkidegoek eta Ministerioak heriotza guztien heriotza datarekin osatzeko zain.
Gaur hildako 25 pertsonetatik bat Andaluzian hil da, bat Aragoin, hiru Asturiasen, bat Kanarietan, bi Gaztela-Mantxan, hiru Gaztela-Leonen, hiru Katalunian, bat Valentzian, bat Extremaduran, zazpi Madrilen eta bi Euskadin.
Azken 24 orduetan, 76 positibo berri zenbatu dituzte, ia bikoitza, atzokoaren aldean (40). 782 pertsonak COVID-19aren sintomak hasi dituzte aurreko bi asteetan, eta horietatik 171ek azken zazpi egunetan. Horrela, 244.328 kasu zenbatu dituzte pandemia hasi zenetik.
76 kutsatze berriak honela banatu dira: bi Andaluzian, bi Aragoin, bat Asturiasen, hiru Balear Uharteetan, bat Kanarietan, bi Kantabrian, bat Gaztela-Mantxan, bi Gaztela-Leonen, hamalau Katalunian, bi Extremaduran, bat Galizian, 42 Madrilen, bat Nafarroan eta bi Euskadin.
"Baliteke uda honetan bertan berragertze bat egotea"
Alerta eta Larrialdi Sanitarioen Koordinazio Zentroko (CCAES) zuzendari Fernando Simonek ohartarazi duenez, COVID-19aren aurkako neurriak, hala nola 1,5 metroko segurtasun-distantzia eta maskarak nahitaez erabiltzea, datozen asteetan gehiegi lasaitzen badira, baliteke uda honetan bertan berragertze bat egotea.
"Gehiegi erlaxatzen bagara, progresioaren suspertze azkar samarra egon liteke", ohartarazi du Koronabirusaren Kudeaketa Teknikorako Batzordearen bileraren osteko prentsaurrekoan. Epidemiologoak azaldu duenez, Osasun Ministerioa balizko bigarren uhin epidemiko baten hipotesiarekin ari da lanean, udazkenean ziurrenik, baina gogorarazi du ez dagoela arrazoirik neurriak arintzen badira lehenbailehen ez gertatzeko, eta, gainera, atzerriko herrialde arriskutsuetatik turista asko iristen ari direla.
"Orain arte, bilakaera oso ona izan da, nahiz eta murrizketak kendu, baina ezin dugu baztertu gehiegizko erlaxazioa. Denon esku dago udan horrelakorik ez gertatzea, baina ezin dugu baztertu", ohartarazi du, baina oraingoz gertatzen ari diren agerraldi txiki guztiak "oso goiz" detektatzen ari direla gaineratu du.
Zure interesekoa izan daiteke
1,1 milioi euro utzi ditu Primitivak Bilbon
Astarloa kaleko 3. zenbakian dagoen 11 zenbakia duen Loteria Administrazioan zigilatu zuen txartela asmatzaileak.
25 pertsona artatu dituzte EAEn igande honetan izandako tenperatura altuen ondorioz
16 eta 94 urte bitarteko pertsonak dira artatuak. Horietatik zortzi tokian bertan artatu dituzte sendagiria eman diete; beste 17ak, aldiz, anbulantzian eraman dituzte osasun zentroetara eta ospitalera, jarraipena egiteko, baina ez daude larri.
Mañeruko sutea egonkortu dute, eta pertsona bat eraman behar izan dute ospitalera kea arnastu duelako
Hainbat etxebizitza hustu behar izan dituzte Mañerun, eta A-12 errepidea bi orduz itxita egon da, pilatu den keagatik.
30 urteko gazte bat hil da Sopuertan, trafiko istripu bat izan ostean
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, istripua 02:10 aldera gertatu da; gidatzen ari zen ibilgailua errepidetik atera da eta horma baten kontra jo du. Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean hil da handik ordu batzuetara.
Iñaki Dorronsoro Eusko Ikaskuntzako presidente ohia hil da
1947an Ataunen jaioa, gaur egun, Gaindegia behatokiko presidentea eta Jakiundeko akademiako ohorezko kidea zen.
Sute txikiak, atzerapenak Metroan, arazoak TUVISAn... hainbat gorabehera eragin ditu beroak
Muskizen, Arena hondartzatik gertu, sute txiki bat izan da, eta horrek ikuspena zaildu du. Bestalde, Metro Bilbaoren zerbitzua eten egin da beroak arazo teknikoak eragin baititu. TUVISAk ere gorabeheren berri eman du bere zerbitzuan.
Polemikaz inguratura itzuli da Sokamutura Eibarrera, zortzi urteren ostean
Eibarren azken sokamuturra egin zutenetik 8 urte igaro direnean, gaur berriro egin dute halako bat bertan. Udalak aurten festetako egitarauan sartzea erabaki du, eta polemika handia izan da aurreko asteetan. Hala ere, arazorik gabe egin da. Parte hartzaile asko izan dira, batez ere gazteak, eta sokamuturren aurka dauden dozena bat lagun ere bertaratu dira, protesta egiteko.
Arenako hondartzatik gertu sastraka batzuek su hartu dute, eta kea A-8raino heldu da
Sastraka batzuek su hartu dute Muskizen, Arenako hondartzatik gertu, eta A-8raino heldu da kea. Larrialdietarako zerbitzuek jakitera eman dutenez, A-8ko zati bati ere eragin dio, eta, ondorioz, zirkulatzeko arazoak izan dira. Suhiltzaileak bertaratu dira sua itzaltzera, inguruko beste sail batzuetara zabal ez zedin.
Bizirik topatu dute Gasteizen desagertutako 56 urteko emakumea
Desagerpenak kezka sortu zuen eta mobilizazio handia eragin zuen sare sozialetan.
15 urte martxan daramatzan Iraetako Trena elkarteak tren txikien X. topaketa egin du gaur
Bost hazbeteko, edo bestela esanda, 12 zentimetroko errailetan ibiltzen diren trenak jarri dituzte. Batzuek ikatzez ondo hornitu dituzte eta besteek ezustekoei aurre egin behar izan diete.