Pandemiak ez ditu feminismoaren berdintasun aldarriak isilaraziko M8an
Covid-19aren pandemiaren murrizketek ez dute isilaraziko berdintasunaren aldeko oihua Emakumeen Nazioarteko Egunean; izan ere, pandemiak berak berdintasunerako bidea geldiarazi duela salatuko dute. Soldata arrakalarekin oso lotuta dagoen zaintza lanen feminizazioa eta horien garrantzia argi utzi ditu pandemiak.
M8an pandemiak "krisi sistematikoa" loratu duela salatuko du feminismoak. "Kapitala lehenetsi dute gure osasunaren aurretik. Mugak eta kaleak militartu dituzte, gehiegikeria poliziala jasan behar izan dugu, ehunka langile kaleratu dituzte, milaka emakumek lan merkatua utzi behar izan dute zaintza dela eta, erabakitzeko eskubidea urratu digute, okupatutako guneak hustu dituzte, indarkeria matxista ez da eten eta feminizatutako sektoreak gogor kolpatu ditu krisiak, bereziki egoera irregularrean dauden beharginen kasuan", esan du Euskal Herriko Mugimendu Feministak.
"Arduraz jokatuta eta osasun neurriak errespetatuz" egingo dituzte martxak eta elkarretaratzeak Euskal Herrian zehar, Mugimendu Feministak iragarri zuenez. Bilboko bozeramaileek, adibidez, "ardura eta elkarlana" eskatu dituzte mobilizazioetan, goizean Atzerritarren Bulegoan egingo duten elkarretaratzean zein arratsaldeko manifestazioan, "denon artean zaindu behar baikara".
Alarma egoeran zehar mota askotako protestak egin diren honetan, feministek nabarmendu dute M8aren egokitasuna baino ez dela zalantzan jarri.
"Kasualitatez, emakumeek kaleak betetzen ditugunean eta protagonismoa hartzen dugunean, gure eskubide legitimoa zalantzan jartzen da", kritikatu zuen Bilbo Feminista Saretzen taldeko Amanda Verronek. Alejandra Cosesal Arabako Emakumeen Batzordeko kideak gauza bera salatu zuen: "Uste dugu manifestazio bat egin daitekeela, beste asko egiten ari diren bezala. Polemika handia sortzen ari dira. Martxoaren 8ak eta feminismoarekin zerikusia duen orok zakarkeria eta gutxiespena sortzen ditu. Deseroso jartzen duen jendea dago, eta hori gauzak ondo egiten ari garen seinalea da".
Erakundeek zuhurtzia eskatu dute
Madrilen manifestazio guztiak debekatu ditu Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzak, baina euskal erakundeek ez dute bide beretik jo, eta soilik osasun neurriak errespetatzeko beharra azpimarratu dute.
Osasun Publikoaren gomendioa da 500 pertsonatik gorako elkarretaratzeak ez egitea, baita segurtasun distantzia mantentzea eta musukoa beti erabiltzea. Espainiako Exekutiboak EAEn eta Nafarroan dituen ordezkaritzek ez dituzte mobilizazioak debekatu. Horien arabera, ez dituzte baimendu behar; taldeek, besterik gabe, elkartu egingo direla komunikatu behar dute, eta agintariek, kasuan kasu, debekatu ahalko lituzkete.
"Martxoaren 8a aldarrikatzeko, salatzeko eta berdintasunaren alde lan egiteko eguna da, baina modu arduratsuan". Hori da Beatriz Artolazabal Berdintasun sailburuak mugimendu feministari helarazi dion mezua. Gotzone Sagardui Osasun sailburuak ere M8ari buruz hitz egin du: "Ez da elkarketa masiboak egiteko momentua", baina esan du manifestatzeko eskubidea "legislatuta" dagoela eta "erabili" daitekeela.
Arabako ahaldun nagusi Ramiro Gonzalezek, bere aldetik, martxoaren 8an manifestazio jendetsuetara ez joateko eskatu die herritarrei, "osasun egoerak ez duelako gomendatzen", eta "beste formul batzuk" erabiltzearen alde egin du.
Irene Montero Espainiako Gobernuko Berdintasun ministroak esan duenez, Exekutiboko kidea den heinean osasun gomendioak eta Madrilgo manifestazioen debekua bete behar ditu, baina mugimendu feministaren "kriminalizazio" bat dagoela salatu du. Deitoratu duenez, badago emakumeei kalea "ukatu" nahi dienik, "hainbeste lortzea kostatu zitzaigun kalerako eskubidea, ikasteko kalea, lan egiteko kalea, eskubideak aldarrikatzeko eta konkistatzeko kalea".
Zaintzaren garrantzia agerian utzi du pandemiak
2021eko M8ko kanpainan, Emakundek zaintza-lanak ikusarazteko, baloratzeko eta gizarte osoaren artean banatzeko beharra azpimarratu du, emakume eta gizonen artean eta baita erakundeetan eta gizarte osoan ere, "Nork zaintzen du? Jar dezagun agerian. Egin dezagun dagokiguna" lelopean.
Izaskun Landaida zuzendariak zaintzarekin lotutako hiru alderdi azpimarratu ditu: horren garrantzia, "funtsezkoa baita gure biziraupenerako eta gizartearen funtzionamendurako", pandemian inoiz baino nabarmenago geratu den bezala; horren ikusezintasuna, eta emakumeen eta gizonen arteko banaketa desorekatua. Horren hitzetan, "horrek emakumeen desabantaila sozioekonomikoa indartzen du, hezkuntzarako, osasunaren arretarako, bizitza publikorako eta ordaindutako enplegurako duten sarbidea mugatuz".
Nafarroako Gobernuak, "Emakumea behar zuen izan" leloa duen kanpaina baten bidez, emakumeek egunerokoan betetzen duten paper garrantzitsua aldarrikatu du, covid-19aren ondorioz oinarrizkotzat jo diren lehen lerroko profesionaletako asko emakumeak direla ikusaraziz.
Satse sindikatuak egunotan esan duenez, "aurten argi geratu da urteetan aldarrikatu duguna: zaintzen garrantzia", gehienbat emakumeek egiten dituzte eta "normalean ikusezinak eta gutxietsiak" dira. Pandemian zehar "gizartearen sostengua ahalbidetu dute" emakumeen zaintza lan horiek.
"Erizainen balioa" onartzea aldarrikatzen du sindikatuak. Pandemian zehar "zaintzen lehen lerroan" egon dira, baina ez dute jaso "beharrezko errespeturik ezta zaintzarik ere".
Manuel Lezertua arartekoaren ustez, pandemiak gizarteari argi erakutsi dio "zenbat eman duten lehen lerroan egon diren emakumeek beste pertsonen alde", eta horren garrantzia kolpea arintzeko.
"Zenbat eta genero berdintasun gehiago, orduan eta demokrazia gehiago, giza eskubideen babes handiagoa eta gizarte guztiarentzat ongizatea", nabarmendu du Euskadiko Herriaren Defendatzaileak.
Datu ekonomikoetan islatzen da berdintasun falta. UGT-Euskadik aurkeztutako genero arrakalari buruzko analisian, emakumeek bete zituzten lanaldi partzialen bi herenak. Behin-behinekotasun hori kasu askotan "nahi gabekoa" da.
Ondorioz, emakumeek kotizazio txikiagoa dute, eta pentsioetan ere eragin zuzena du horrek. Zaintzarekin zein garbiketarekin lotutako sektoreak dira feminizatuenak eta prekarioenak.
Genero indarkeria konfinamenduan
Azken urtean, genero indarkeriaren biktimak bere erasotzailearekin batera giltzapetuta egon dira etxean. Konfinamenduan, ohi baino dei gehiago jaso zituen indarkeria jasaten duten emakumeei laguntzen dien Satevi arreta zerbitzuak. Bakarrik sentitzen ziren edota erasotzaileen aurrean nola jokatu ez zekiten emakumeen deiak ziren gehienak.
900 840 111 telefonoan indarkeria matxistaren biktimak artatzen dituen lantaldeak jasotako ondorioak dira horiek. Erasotzailea etxean zela deitzen zuten emakumeek klabean hitz egiten zuten, monosilaboak soilik erabilita. Gisa horretako kasuetan, oraindik ere indarrean dago protokolo hori.
Egiturazko arazo baten isla da datua, mundu osoan errepikatzen dena. Europako Kontseiluak ere ohartarazi du telefono horietara egindako deien kopuruak "igoera dramatikoa" izan duela.
Zure interesekoa izan daiteke
Bi emakume erreskatatu dituzte Aizkorri eta Jaizkibel mendietan izandako ezbeharren ostean
Bi mendizaleak, 64 eta 70 urtekoak hurrenez hurren, helikopteroz eraman behar izan zituzten larrialdi zerbitzuek, eta ondoren ospitalera eraman zituzten.
Hiru zauritu, horietako bat larri, auto batek eta furgoneta batek talka eginda Cintruenigon
Istripua N-113 errepidean (Iruñea-Madril) jazo da, 16:39 aldera. Istripuaren ondorioz, zirkulazioa eten egin dute bi noranzkoetan, 19:25 arte.
Zuiak ur mozketak bertan behera utzi ditu
Egoerak hobera egin ostean, amaitutzat eman ditu mozketak Udalak. Hala ere, herritarrei uraren kontsumo arduratsua izateko eskatu die, mozketa berriak saihesteko.
Kirurgia robotikoa erabiliz lehen giltzurrun transplantea egin dute Gurutzetako Ospitalean
Kirurgia robotikoa hainbat ebakuntza egiteko erabili ohi da aspaldi, baina sekula ez giltzurruna transplantatzeko. Gasteizko ama-semeak dira emaile eta pazientea. Dena ondobidean, abuztuan giltzurrunen bigarren transplante bat egingo dute Gurutzetan robotaren laguntzaz.
Zortzi arrantzale eta saregile bat omendu dituzte, bizi osoa itsasoari eskaintzeagatik
Gaztetatik sakrifizio handiko lana egin duten zortzi arrantzale eta saregile baten aldeko omenaldia egin dute gaur Donostian. Gipuzkoan itsasoan lan egin duten 310 lagunek erretiroa hartu dute, eta guztien omenez eman dituzte sariak.
Donostiako Udala akusazio partikular izango da hirian delituak behin eta berriz egiten dituztenen aurkako auzietan
Jon Insasuti Donostiako alkateak esan du delinkuentziaren aurkako borroka lehentasunetako bat dutela, eta akusazio partikular izateko asmoa beste urrats bat dela. Hori bai, zehazteko dago zein kasutan emango lukeen Donostiako Udalak pausu hori.
Bost lagun atxilotu dituzte Nafarroan, bizileku-baimenak manipulatzeko sare bateko kide direlakoan
Guardia Zibilak desegindako ustezko erakunde kriminalak bizileku- eta lan-baimenak lortzeko prozesua manipulatzen zuen, diru-truk. Talde kriminaleko kide izatea, Administrazio Publikoaren aurka egitea eta immigrazio irregularra bultzatzea leporatzen zaie.
Perez Iglesias: “Milioi bat pertsona baino gehiago mugituko dira eklipsea ikusiko den inguruetara, eta hori aurreikusi egin behar da”
Juan Ignacio Perez Iglesias Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburua Radio Euskadiko Boulevard saioan izan da eta, besteak beste, abuztuaren 12an Euskal Herrian ikusi ahal izango den eguzki-eklipseaz mintzatu da. Sailburuak gomendatu du jendea “oinez edo garraio publikoan joatea eklipsea ikustera”, joan-etorriek trafikoan eragin oso handia izango dutelako. Halaber, eklipsea segurtasunez ikusteko aholku zientifikoei jarraitzeko beharra azpimarratu du, eta lehen neurri gisa homologatutako eklipse-betaurrekoak erabiltzea gomendatu du.
Samina nagusi da Erronkarin, herriko hiru bizilagun Ezka ibaian itota hil ostean
Asteazken arratsaldean emakume bat eta horren bi seme adingabe hil ziren Ezka ibaian itota, eta hiru dolu-egun ezarri dituzte herrian.
Eutanasia legezko izango da Ipar Euskal Herrian ere, Frantziako Parlamentuak heriotza lagundua izateko eskubidea onartu du eta
Orain arte, 2016an onartutako Claeys-Leonetti legeak gaixotasun terminala eta bizi-pronostiko laburra zuten pertsonentzako sedazio sakon eta jarraitua ahalbidetzen zuen. Aurrez ere Asanblea Nazionalak hiru aldiz onartu zuen lege-proiektua, baina atzera bota izan du hori gehiengo kontserbadorea duen Senatuak. Hainbat aldaketa eta erreforma eginda, oraingo bozketa behin betikoa izan da.