Edukiera % 60ra handitu du LABIk, ostalaritzan salbu, % 50ekoa izango baita
LABI instituzionalak covid-19ari aurre egiteko Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ezarritako neurriak malgutzea erabaki du. Horrela, bada, irailaren 1etik aurrera, edukiera % 60ra handituko dute, ostalaritzan salbu, % 50ekoa izango baita. Futbol-estadioetan, berriz, % 30ekoa izango da, eta mahaiaren bueltan bil daitekeen jende kopurua, berriz, zortzi pertsonara igo da.
Iñigo Urkullu lehendakaria buru duen Euskadiko Babes Zibileko Planaren aholku-batzordea (LABI) astelehen goizean bildu da, eta pandemiaren bilakaera aztertzeaz gain, Euskadin covid-19ari aurre egiteko indarrean dauden neurri murriztaileak arintzea erabaki dute.
Aldaketa nabarmenenak edukierari buruzkoak dira. Gehienezko edukiera % 35ekoa zen orain arte, eta, oro har, % 60koa izango da asteazkenetik aurrera. Dena dela, ostalaritzan % 50ekoa izatea adostu dute.
Gizarte, kultura edo kirol-ekitaldietan, gehienez ere 600 pertsona bildu ahal izango dira toki itxietan, eta 800, berriz, toki irekietan. 600 eta 5.000 pertsona arteko edukiera duten esparruetan, 800 pertsonako maximoa ezarri dute toki itxietarako, eta 1.200 pertsonakoa toki irekietarako.
5.000 pertsonatik gorako edukiera duten esparruetan, gehieneko edukiera ezingo da % 30ekoa baino handiagoa izan, betiere prebentzio-neurri orokorrak beteta. Lehen Mailako futbol-estadioetan, beraz, % 20tik % 30era igotzeko aukera izango dute aurrerantzean edukiera.
Gainera, ostalaritzako establezimenduetan gehienez ere zortzi lagun bildu ahalko dira mahai baten bueltan asteazkenetik aurrera (orain arte seikoa zen muga). Barran edo zutik kontsumitzeko debekuari eutsi diote, toki itxi zein irekietan, eta arau berberak aplikatuko zaizkie joko-lokalei eta txokoei edo elkarte gastronomikoei.
Merkataritza-, gizarte- eta kultura-jarduera guztiak beranduenez ere 01:00ean ixteko ordutegia bere horretan utzi dute, bata III. eta IV. taldeetan sailkatutako gazte-lokalen eta gaueko aisialdiko establezimenduen itxierak ere.
Maskararen erabileraren inguruan zuzenketa bat iragarri dute. Hondartzetako eta igerilekuetako joan-etorrietan eta ibilaldietan nahitaezkoa izango da maskara erabiltzea pertsonen arteko gutxiengo distantzia gorde ezin bada.
Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak LABIren bileraren ostean emandako prentsaurrekoan eman ditu neurri horien berri. Dena dela, gogorarazi du, joera aldaketa nabari bada ere, testuinguruak zalantzazkoa izaten jarraitzen duela, eta "segurtasun faltsuak edo krisia gaindituta dagoela uste izateak ahuldu egiten gaituela".
Sailburuaren hitzetan, joera hori ez da ospitaleetako okupazioetan gehiegi nabaritzen, eta gaineratu du horren aurrean txertaketa dela daukagun tresnarik onena.
12 urtetik gorako herritarren % 86,6k dute dosi bat, eta % 78,9k, pauta osoa. "Dosiak iristeko erritmo horretan, xede-biztanle guztiei gutxienez dosi bat jarriko zaie hilabete pasatxoan", azaldu du sailburuak.
Hala ere, ziurgabetasuna nagusi izaten jarraitzen duela azpimarratu du, eta "krisi hau gainditua dagoela uste izatea edo segurtasun faltsua izatea ahultzen gaituzten faktoreak direla" esan du.
Sagarduik adierazi duenez, abuztuko azken aste hauetan "apur bat" gora egin du txertoa hartzeko eskatutako hitzorduen kopuruak, batez ere gazteenen artean, baina oraindik "hobetzeko tartea" dagoela gaineratu du.
Gaineratu duenez, hitzordu libreak daude, 74.000 inguru, eta herritarrei txertoa jartzeko deia egin die berriro, "Ahalik eta azkarren ahalik eta jende gehienak hartu behar duelako txertoa, babes indibiduala eta kolektiboa handiagoa izango delako", eta murrizketa gutxiagoko bizitza berreskuratzetik gertuago egongo delako.
"Aste erabakigarriak"
Gotzone Sagardui Osasun sailburuak prebentzioari eusteko beharra azpimarratu du, eta beste hauek nabarmendu ditu: segurtasun distantzia zaintzea, pilaketak saihestea, barneko espazioak aireztatzea eta txertoa hartzea.
Normaltasuna berreskuratzeko bidean hurrengo asteak "erabakigarriak" izango direla esan du Sagarduik, eta covid-19aren aurkako txertoa hartzea garrantzitsua dela erantsi du: "Zenbat eta lehenago hartu txertoa ahalik eta pertsona gehienek, orduan eta babes indibidual eta kolektibo handiagoa izango dugu, eta eguneroko bizitza solidarioagoa eta murrizpen gutxiagokoa berreskuratzera hurbilduko gara".
"Aste erabakigarrietan sartu gara bosgarren olatu hau menderatzeko eta seigarren bat saihesteko", gaineratu du.
Zure interesekoa izan daiteke
Meta eta Google, 2,6 milioi euro ordaintzera behartuta, gazte bati eragindako menpekotasunagatik
Antsietatea, depresioa edo gorputz-dismorfia dira gazteak pairatutako kalteetako batzuk. “Haurrentzat mendekotasuna sortzen duten eta kalte egiten duten produktuak diseinatzen dituzte”, adierazi du abokatuak.
Hondarribiak gaur onartuko du bere II. Berdintasun Plana, Alardearen inguruko gatazka bideratzeko neurriak jasoko dituena
Planak “emakumeen eskubideen defentsan jasandako indarkeria aitortzeko formulak" bilduko ditu.
Albiste izango dira: Korrika zuzenean, krisi energetikoaren aurkako neurriak eta hauteskunde sindikalak Ertzaintzan
Gaurkoan Orain-en albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
Ikerbasquek 30 ikertzaile erakarri eta 49 milioi euro baino gehiago bildu zituen 2025ean ikerketarako funtsetan
Urtearen amaierarako, 35 herrialdetako 417 profesional zeuden, eta 1.685 lagunek fundazioko langileek gidatutako taldeetan lan egiten zuten.
Kasua artxibatu ostean, Justizian sinestea zaila egiten zaiela adierazi du Amaya Zabarteren senarrak
Epaileak Amaya Zabarteren kasua artxibatzea erabaki zuen atzo, eta familiak helegitea jarri du gaur. Haren bikotekideak, Joseba Novoak, haserre eta minduta daudela dio. Deitoratu du epaileak ertzainen bertsioa soilik izan duela kontuan, lekukoen testigantzak eta frogak alde batera utzita. Probintzia Auzitegira begira itxaropentsu dago, justizia kasua hara heldutakoan iritsiko zaielakoan.
Eureka! Zientzia Museoak ekainaren amaieran itxiko ditu ateak, 25 urteren ondoren
Kutxa Fundazioak ATENEA proiektua bultzatuko du, Tabakaleran, eta jakintza-eredu irekiagoa eta diziplinartekoa proposatuko du.
Hondarribiak "berariaz" landuko du Alardea Berdintasun Planean, "gatazkaren konponbidean aurrera egiteko"
Udal arduradunek esan dutenez, Emakundek egindako txosten batek ezartzen du Berdintasun Planak gai horri heldu behar diola, "parte-hartzean dauden desorekak direla eta".
Fiskaltzak 22 urteko eskaerari eutsi dio adingabeei sexu-proposamenak egiteagatik epaitutako Irungo irakaslearentzat
Defentsak, bere aldetik, absoluzioa eskatu du, irakasleak ustezko biktimekin "adiskidetasun" harreman soila zuela eta deliturik ez duela egin iritzita.
Benetako pobrezia % 4tik % 6,1era igo da Euskadin, gizarte-desberdintasunei buruzko inkestaren arabera
Familiek eguneroko gastuak ordaintzeko duten gaitasuna hobetu bada ere, oporretan joateko eta hamar urte baino gutxiagoko autoa izateko zailtasunak areagotu dira.
Eder Perez (BFF): "Epaileen aurkako indarkeria desagertu egin behar da, eta epaileen batzordeak hartzen dituen erabakien alde gaude, % 100ean"
Bizkaiko Futbol Federazioaren presidenteak argi adierazi du "epaileak babestea" dela lehentasuna. Basaurin izandako gertaera jakin horrez gain, egoerari modu orokorrean begiratu eta epaileen kontrako indarkeriarekin amaitu beharra dagoela esan du. Haren hitzetan, Federazioak eta futbolaren egitura osoak lan egin beharko dute horretarako.