Edukiera % 60ra handitu du LABIk, ostalaritzan salbu, % 50ekoa izango baita
LABI instituzionalak covid-19ari aurre egiteko Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ezarritako neurriak malgutzea erabaki du. Horrela, bada, irailaren 1etik aurrera, edukiera % 60ra handituko dute, ostalaritzan salbu, % 50ekoa izango baita. Futbol-estadioetan, berriz, % 30ekoa izango da, eta mahaiaren bueltan bil daitekeen jende kopurua, berriz, zortzi pertsonara igo da.
Iñigo Urkullu lehendakaria buru duen Euskadiko Babes Zibileko Planaren aholku-batzordea (LABI) astelehen goizean bildu da, eta pandemiaren bilakaera aztertzeaz gain, Euskadin covid-19ari aurre egiteko indarrean dauden neurri murriztaileak arintzea erabaki dute.
Aldaketa nabarmenenak edukierari buruzkoak dira. Gehienezko edukiera % 35ekoa zen orain arte, eta, oro har, % 60koa izango da asteazkenetik aurrera. Dena dela, ostalaritzan % 50ekoa izatea adostu dute.
Gizarte, kultura edo kirol-ekitaldietan, gehienez ere 600 pertsona bildu ahal izango dira toki itxietan, eta 800, berriz, toki irekietan. 600 eta 5.000 pertsona arteko edukiera duten esparruetan, 800 pertsonako maximoa ezarri dute toki itxietarako, eta 1.200 pertsonakoa toki irekietarako.
5.000 pertsonatik gorako edukiera duten esparruetan, gehieneko edukiera ezingo da % 30ekoa baino handiagoa izan, betiere prebentzio-neurri orokorrak beteta. Lehen Mailako futbol-estadioetan, beraz, % 20tik % 30era igotzeko aukera izango dute aurrerantzean edukiera.
Gainera, ostalaritzako establezimenduetan gehienez ere zortzi lagun bildu ahalko dira mahai baten bueltan asteazkenetik aurrera (orain arte seikoa zen muga). Barran edo zutik kontsumitzeko debekuari eutsi diote, toki itxi zein irekietan, eta arau berberak aplikatuko zaizkie joko-lokalei eta txokoei edo elkarte gastronomikoei.
Merkataritza-, gizarte- eta kultura-jarduera guztiak beranduenez ere 01:00ean ixteko ordutegia bere horretan utzi dute, bata III. eta IV. taldeetan sailkatutako gazte-lokalen eta gaueko aisialdiko establezimenduen itxierak ere.
Maskararen erabileraren inguruan zuzenketa bat iragarri dute. Hondartzetako eta igerilekuetako joan-etorrietan eta ibilaldietan nahitaezkoa izango da maskara erabiltzea pertsonen arteko gutxiengo distantzia gorde ezin bada.
Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak LABIren bileraren ostean emandako prentsaurrekoan eman ditu neurri horien berri. Dena dela, gogorarazi du, joera aldaketa nabari bada ere, testuinguruak zalantzazkoa izaten jarraitzen duela, eta "segurtasun faltsuak edo krisia gaindituta dagoela uste izateak ahuldu egiten gaituela".
Sailburuaren hitzetan, joera hori ez da ospitaleetako okupazioetan gehiegi nabaritzen, eta gaineratu du horren aurrean txertaketa dela daukagun tresnarik onena.
12 urtetik gorako herritarren % 86,6k dute dosi bat, eta % 78,9k, pauta osoa. "Dosiak iristeko erritmo horretan, xede-biztanle guztiei gutxienez dosi bat jarriko zaie hilabete pasatxoan", azaldu du sailburuak.
Hala ere, ziurgabetasuna nagusi izaten jarraitzen duela azpimarratu du, eta "krisi hau gainditua dagoela uste izatea edo segurtasun faltsua izatea ahultzen gaituzten faktoreak direla" esan du.
Sagarduik adierazi duenez, abuztuko azken aste hauetan "apur bat" gora egin du txertoa hartzeko eskatutako hitzorduen kopuruak, batez ere gazteenen artean, baina oraindik "hobetzeko tartea" dagoela gaineratu du.
Gaineratu duenez, hitzordu libreak daude, 74.000 inguru, eta herritarrei txertoa jartzeko deia egin die berriro, "Ahalik eta azkarren ahalik eta jende gehienak hartu behar duelako txertoa, babes indibiduala eta kolektiboa handiagoa izango delako", eta murrizketa gutxiagoko bizitza berreskuratzetik gertuago egongo delako.
"Aste erabakigarriak"
Gotzone Sagardui Osasun sailburuak prebentzioari eusteko beharra azpimarratu du, eta beste hauek nabarmendu ditu: segurtasun distantzia zaintzea, pilaketak saihestea, barneko espazioak aireztatzea eta txertoa hartzea.
Normaltasuna berreskuratzeko bidean hurrengo asteak "erabakigarriak" izango direla esan du Sagarduik, eta covid-19aren aurkako txertoa hartzea garrantzitsua dela erantsi du: "Zenbat eta lehenago hartu txertoa ahalik eta pertsona gehienek, orduan eta babes indibidual eta kolektibo handiagoa izango dugu, eta eguneroko bizitza solidarioagoa eta murrizpen gutxiagokoa berreskuratzera hurbilduko gara".
"Aste erabakigarrietan sartu gara bosgarren olatu hau menderatzeko eta seigarren bat saihesteko", gaineratu du.
Zure interesekoa izan daiteke
8.000 hektarea kaltetu dira Huelvako sutean, eta 500 bizilagun inguru ebakuatu dituzte
Tirig (Castello) udalerrian ostiralean piztutako suak kontrolik gabe jarraitzen du, eta Cati herriko bizilagunak etxetik ateratzeko agindua eman du Generalitateak.
Eklipseek ikusmin handia piztu izan dute beti Euskal Herrian, baina segurtasunez ikusi behar dira
Orain mende bat ikusi zen azkenekoz eguzki eklipse oso bat Euskal Herrian. Zorionez, herritarren kontzientzia hobetu egin da. Eklipseak modu seguruan ikusteko betaurrekoak 1990eko hamarkadan agertu ziren.
Munduko bazterretatik etorri dira Euskadira, eklipsea ikustera
Estatu Batuetatik, Poloniatik, Herbehereetatik eta Alemaniatik, besteak beste, etorritako taldeek gure lurraldea aukeratu dute fenomenoa ikusteko.
Suhiltzaileek mendean hartu dute Elgeako mendilerroan piztutako baso sutea
Bart piztu dira garrak, ustez ekaitzaren ondorioz, tximista batek eragin duela uste baitute. Sutea kontrolpean hartu eta garrak itzali ondoren, suhiltzaileak gunea freskatzen geratu dira.
Bederatzi agentek kolpeak jaso dituzte igandean Araban eta Gipuzkoan izandako esku-hartzeetan
Segurtasun Sailak gertakariak gaitzetsi ditu, eta adierazi du "kezka handiz" ikusten duela poliziaren aurka indarkeria erabiltzea.
Dolumin mezu ugari, Oihane Mateos gogoan
Orain EITBren albiste zerbitzu digitaleko burua bart zendu da, eta zorigaiztoko albistea jaso eta berehala, erreskadan etorri dira samin agurrak.
Auto gidari bat hil da N-132 errepidean, Gasteizen, Lizarrarako noranzkoan
Istripua 12:30ean gertatu da, eta ibilgailuak txandaka bideratu dituzte tarte horretan, errepidea erabat garbitu arte.
Donostiak jendetza hartu du Aste Nagusiko lehen gauean
Pertsona ugari bildu dira Donostiako kaleetan Aste Nagusiaren lehen egunean jai giroaz gozatzeko. Su artifizialek ikusle ugari erakarri dituzte, eta zerua kolorez bete dute. Zezensuzkoak ere ilusioa eta dibertsioa piztu ditu, batez ere haur eta nerabeen artean.
Nola jakin daiteke noiz gertatuko den eklipse bat?
Astronomoek zehaztasunez kalkula dezakete noiz gertatuko den eklipse bat, Ilargiaren, Eguzkiaren eta Lurraren orbitak ikusita.
Zeledon San Migeleko dorrera igota emango diete amaiera Gasteizko jaiei
Astelehen goizaldean, hildako blusen eta nesken igoera eta kandelen prozesioa ere egingo dira, ekintzaz beteriko sei jaiegunei agur esateko.