6-12 urteko haurrek beti eraman beharko dute maskara EAEko ikastetxeetan
Eusko Jaurlaritzak gaur bidali die EAEko ikastetxeei ia murrizketarik gabeko aro berri honetan jarraitu beharreko covid-19 protokolo berria. Arauak ez du aldaketarik ekarriko maskararen erabilerari dagokionez, eta sei urtetik gorako umeek (txikiagoak salbuetsita daude) "nahitaez" erabili beharko dute "espazio guztietan eta une oro". Protokolo berria astelehenetik aurrera aplikatuko da.
Horrenbestez, aire librean zein barrualdeetan, oro har, babes jantzia soinean eraman beharko dute haurrek. Dena dela, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan (DBH) eta Batxilergoko ikasleei dagokionez ñabardura erantsi du protokolo berriak. 12 urtetik gorako ikasle asko txertatuta daudela kontuan hartuta, nerabeentzat ez da derrigorrezkoa izango aire zabalean beste kideekiko 1,5 metroko segurtasun distantzia bermatzen den kasuetan, bai eta "elikagaiak eta edariak hartzeko ere, eta kanpoaldean jarduera fisiko bizia egiten denean ere".
Segurtasun distantziari dagokionez, moldaketa egin du Hezkuntza Sailak, eta aurrerantzean 1,20 metrokoa izango da, 1,50ekoa barik. Bi salbuespen egongo dira: aurrenekoa, musikako eskoletan, haize-instrumentuak jotzean (musukoarekin bateraezina den jarduera) 1,50ekoa izaten jarraitu beharko du; bestea, aipatutakoa, DBHko ikasleek aire zabalean maskara kentzeko hautua egiten dutenean (hor ere metro eta erdikoa beharko du).
Lehen Hezkuntzan aldaketa bakarra Bizikidetza Egonkorreko Taldeetan ('burbuila taldeak' deitutakoak) egin du Bildarratz buru duen Sailak. Aurrerantzean, jolastorduan (ez, ordea, ikasgela barruan) mailaka egon ahalko dira haurrak, eta ez gelaka orain arte bezala. Haur Hezkuntzan gela bereko ikasle eta irakasleek osatuko dute 'burbuila taldea', aurreko protokoloan bezala.
Azkenik, irakasleen eta familien bilera guztiak aurrez aurre egiteko aukera zabaldu du Jaurlaritzak, betiere higiene eta aireztapen neurriak gordez.
Gainerakoan, ikasturte hasieran zehaztutako prebentzio neurriei eutsi die protokolo berriak.
Zure interesekoa izan daiteke
Nafarroako Gobernuak Maiatzeko Plazako Amak elkarteko kideak omendu ditu
Auzitegi Nazionalak Flotillako kideak torturatzeagatik ere ikertuko ditu militar israeldarrak
Euskal Hirigune Elkargoa ikertzen ari dira ur zikinak itsasora isurtzeagatik
Alzheimerra geldiarazteko gai diren bi botikak gizarte segurantzan sartzeko galdegin dute neurologo eta elkarteek
Aita Mennik lehen hiru solairuak ireki ditu berriro, hildako bat eta 18 zauritu eragin dituen sutearen ondoren
Pertsona bat atxilotu dute Ceuta Ya!-ko diputatuaren autoaren aurkako erasoagatik