Azken hamarkadetako uholde handienak, eta oraindik Ebro maila gorenera iristea falta da
Azken hiru asteotako etengabeko prezipitazio gogorrek azken hamarkadetako uholde handienak eragin dituzte Euskal Herrian. Nafarroa izan da denboraleak gogorren jo duen ingurua, Arga eta Ebro ibaien emariagatik bereziki.
Ebro ibaiaren aparteko gorakada jaitsi egin da apur bat goi arroan, baina ertainean hazi egin da, Castejonen (Nafarroa) hain zuzen ere, eta gaur gauean eta goizaldean iritsiko da maila gorenera, gutxienez astelehena arte.
Horixe jakinarazi du behintzat Maria Luisa Moreno Ebro Konfederazio Hidrografikoko Hidrologia buruak, eta gaineratu du Zadorra ibaiaren egoerak zaila izaten jarraituko duela oraindik.
EAEko ibaiadarren kasuan mailak nahikoa goran jarraituko omen du, eta Zadorraren kasuan eragina "oso nabarmena izan da", igandera arte 150 metro kubikoko emaria izango baitu.
"Uste dugu ibaiaren gorakada hori bihar edo etzi amaituko dela, prezipitatzen jarraitzen baitu", aurreratu du adituak.
Funes, ur azpian
Funesen, Nafarroa erdi inguruan, urak gainezka egin du herri osoan, eta inkomunikatuta geratu da. Argak goizean goiz egin du gainez, eta ura indartsu sartu da kaleetan eta baita etxebizitza askotan ere.
Aitor Perez bidali bereziak Euskadi Irratian adierazi duenez, Erriberako udalerriko alkateak esan du egoera oso larria dela eta "Venezia" dirudiela.
Era berean, Ebroren ardatzean ibaiaren maila altuena Mendabiara (Nafarroa) iritsi da, eta Argak eta Aragoik Ebrorekin bat egiten duten lekura bidean da.
Hori horrela, Morenok zehaztu du Castejonen atzemango dela uraren maila altuena, ibaiadarretako emariak ere maila gorenera iristen direnean. Hala, Egak, Argak eta Aragoik bat egingo dute Ebron, Castejonen, eta goizaldean segundoko 2.500-3.000 metro kubikoko emarira iritsiko da.
Horren ondorioz, uholde "eremu handia" bihurtuko omen da Castejon eta ingurua, eta ez da "ordu gutxietako kontua izango", igande osoa iraungo omen du.
Arrisku mailak behera Bizkaian eta Gipuzkoan
Uholdeei aurre egiteko larrialdi faseari Araban bakarrik eustea erabaki du Eusko Jaurlaritzak, batez ere, Zadorra ibaiaren arroan eta inguruko herrietan egoera zaintzeko. Bizkaian eta Gipuzkoan bertan behera utzi dute alerta.
09:00etan bildu da Uholdeen Ziozko Larrialdiko Plan Bereziaren krisi mahaia Gasteizen, denboraleak utzitako egoera aztertu eta hemendik aurrerako neurriak adosteko. Iñigo Urkullu lehendakariak eta Josu Erkoreka lehendakariordeak eta Segurtasun sailburuak hartu dute parte batzarrean, besteak beste.
"Aurreko egunetan oro har 1.500 inzidentziatik gora izan ditugu egun guztian zehar. Gaurkoan, 200 inguru izan ditugu eta une honetan 150 daude zabalik. Aurreko egunarekin konparatua, egoera askoz hobeagoa da", esan du Erkorekak bilera amaitu ondoren.
Sailburuaren arabera, urtegiei eta Zadorra ibaiari so daude orain larrialdietarako zerbitzuak.
Iñigo Urkullu lehendakariak nabarmendu duenez, "azken hamarkadetako denborale larrienaren azken astinduak pairatzen ari gara". Iragarri du bihartik aurrera euriteek utzitako kalteak zenbatzeko garaia izango dela.
Heriotzak eta etxe husteak
Ostiralean lanera zihoala desagertutako Elizondoko pertsonaren ibilgailua ibaian murgilduta aurkitu dute gaur Lesakan, eta Uretako Erreskate Taldeko suhiltzaileek gorpua barruan, gidariaren eserlekuan, zegoela egiaztatu ahal izan dute.
Gainera, gogoratu behar da atzo 49 urteko emakume bat hil zela Sunbillan, baserri bateko etxola gainera erorita. Euriteak luizia eragin zuen baserri ondoan eta etxola eraitsi zuen.
Bestalde, Gasteizko lau familia hoteletara eraman behar izan dituzte azken orduetan uholdeen ondorioz, Gorka Urtaran alkateak jakinarazi duenez.
Izan ere, Gasteizen, Abetxuko, Aztegieta eta Gamarra auzoetan sartu da ura. Azken eremu horretan itxita dago Bilborako irteera, eta Bizkaiko hiriburura joateko Duranako edo Zurbanoko bidea hartzea gomendatzen da.
22 pertsona artatu behar izan dituzte, eta lau familiari hoteletan eman diete ostatu.
Tolosan eta Villabonan Oria ibaia lasaitu egin da, eta garbiketa lanei ekin ahal izan diete. Urumea da maila gorrian dagoen bakarra Gipuzkoan, eta Astigarragan gainezka egin du.
Mendaroko Ospitaleko sarbidea berriro ireki dute, Bera ibaiak gainez egin ostean atzo erabat itxita izan ostean.
Bien bitartean, Atarrabian eta Arrotxapean normaltasunera itzultzen saiatzen ari dira, ostiraleko uholdeen ostean, eta garbiketa lanetan ari dira.
Errepideak
EAEko errepide sareari buruz, berriz, Erkorekak adierazi du azken orduotako arazo gehienak luiziek eta ur putzuek eragindakoak direla. "Arazoak gutxitzen ari dira nabarmen, eta aurreikuspenak onak dira", gaineratu du.
Larrialdietarako zerbitzuen sarea osatzen dutenen lana txalotu eta eskertu du Segurtasun sailburuak. "Egindako aurreikuspenei esker, kalteak txikiagoak izan dira", esan du.
Ipar Euskal Herrian bertan behera geratu da alerta, baina Errobi ibaia zaintzen ari dira, nahiz eta azken orduetako joera ona den. Horregatik, uholde arriskuagatik itxitako errepideak berriro irekitzekotan daude.
Zure interesekoa izan daiteke
Olatu zuri gorriak Iruñea hartu du
Txupinazoarekin, lehertu da festa Iruñean eta ez du atsedenik hartuko datorren uztailaren 14ra arte. Urteroko ohiturei, gaur beste protagonista bat batu zaie: beroa. Festazaleek 40 graduko tenperaturekin abiatu dituzte 2026ko sanferminak.
Antzuola eta Urretxu artean piztutako baso-sutea kontrolpean dago
Gipuzkoako hiru parketako suhiltzaileak aritu dira Antzuolan 13:45ak aldera deklaratutako sutea itzaltzen. Sugarrak ordu batzuk geroago kontrolatu dituzte.
Kontrolatu dute Imarkoainen piztutako sutea
Lizarra, Azkoien eta Tafallako suhiltzaile etxeetako brigadek 15:30ak aldera lortu dute sutea kontrolpeak hartzea. Guztira 80 hektarea baino gehiago erre dira baso eta, batez ere, laborantza artean.
ELAk arreta euskaraz bermatzeko eskatu dio Osakidetzari
Oraindik hizkuntza ez dakiten langileak euskalduntzeko plana aldarrikatu du sindikatuak Osakidetzaren Gasteizko egoitzan.
Lesakako sanferminak hasi dira
Txupinaren jaurtiketak eman die hasiera Lesakako San Fermin jaiei astelehen honetan, 12:00etan. Jai-egitarauak 50 kultura-, kirol- eta jolas-jarduera baino gehiago biltzen ditu, datozen 6 eguneton burutuko direnak. Gaita jotzaileen, musika-banden eta txarangen ohiko soinuek herriko kaleak alaituko dituzte uztailaren 11ra arte, larunbata.
Arrautza frijituak, txistorra eta zapi gorria: Hasi da festa Iruñean
Urtero bezala, ohiko hamaiketakoak izaten dira uztailaren 6ko goizean, festei hasiera emateko zain. Mokadu sendoak beti ere, hau izango baita seguraski, eguneko otordu bakarra.
40 ikasleri ez diete, kautelaz, USaPen Euskarako nota zenbatuko
Auzitegiek arrazoia ematen ez badiete kasuaren funtsari buruz, nota horiek kontuan hartuko dira azkenean.
Asiron eta Chivite: "Jendeak asko goza dezala, baina errespetuz"
Joseba Asiron Iruñeko alkateak eta Maria Chivite Nafarroako presidenteak 2026ko sanferminetara hurbiltzeko deia egin diete herritarrei, jaiez eta hiriaz gozatzeko, baina "beti errespetuz".
Txistulari eta Gaiteroen Bandak dantzan jarri du Iruñeko Udaletxe plaza
Gaur eguerdian Iruñeko Udaletxeko plaza bete duten milaka pertsonek Txistulari eta Gaitarien Bandaren doinuekin dantzan egin ahal izan dute.
3I/ATLAS izarrarteko kometa "Eguzkia baino askoz zaharragoa" dela ondorioztatu du astronomo talde batek
Aztarna kimiko espezifikoak neurtuz iritsi dira ondorio horretara, eta segur aski Eguzki sistematik kanpo sortu zela ere uste dute. Izarrarteko kometak eguzki sistemaren kanpoan sortu eta noizean behin eguzki sisteman sartzen diren izoztutako objektuak dira.