Garraioan musukoa kentzeko erabakia hartzerakoan "elkarlanik ez" dela egon salatu du Sagarduik
Garraioan maskararen erabileraren derrigortasuna kentzeko erabakia ia aldebakarrez hartzea leporatu dio Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak Espainiako Gobernuari. Horren iritzian, autonomia erkidegoen eta adituen iritzia aintzat hartuta ezarri beharreko neurria zen, eta, kasu honetan, "ez da apenas elkarlanik izan". Horren harira, bestalde, esan du pandemiaren egoera hobea bada ere, beharrezkoa den lekuetan eta momentuetan musukoa erabiltzearen aldekoa dela, "kutsatzeek jarraitzen dutelako". "Hedabideen bidez izan genuen erabakiaren berri. Lurralde arteko batzordean ez zuten jakinarazi, eta ez zen neurria partekatu", adierazi du.
Radio Euskadin egindako elkarrizketan, halaber, EH Bilduk gaur Eusko Legebiltzarrera eramango duen ekimenaz ere hitz egin du sailburuak. MIR espezialisten formazioaren eskumena EAEren esku uzteko eskatuko du koalizio abertzaleak. Horren harira, proposamena xeheago ezagutu gabe ez duela iritzirik emango esan du Sagarduik, baina "argi utziko dut gu transferentzia guztien alde gaudela". "Dena dela, orain, lehentasun nagusia MIR plaza guztiak betetzea da, arreta bikaina bermatzeko", azaldu du.
Sailburuak kezka agertu du "profesional eskasiaren" eta horrek kontratazioan eragiten dien arazoaren aurrean. Osasun sistemaren arazo nagusienetakoa dela esan du, ez bakarrik EAEn, baita Espainian eta ia mundu osoan ere..
Donostialdeko ESIari buruz galdetuta, berriz, Sagarduik azaldu du mahai gainean jarri diren arazoetako batzuk "Donostialdeko ESItik harago" doazela, eta "garapen sakonagoa" eskatzen dutela. "Ez dira berehala konpondu", erantsi du.
Azkenik, "harro" agertu da Osakidetzako hainbat osasun langile Turkiara joango direlako, laguntza humanitarioa eskaintzera. Eusko Jaurlaritzak ahal duen neurrian baliabideak eskainiko dituela ziurtatu du.
Zure interesekoa izan daiteke
Ayesa Digital uholdeak aurreikusteko eta kalteak murrizteko proiektu bat garatzen ari da, konputazio kuantikoaren bidez
Aranzadiko migratzaileentzako konponbide bat eskatzeko kanpaldia hasi dute Iruñean
Euskadiko Futbol Federazioak Euskal Selekzioaren nazioarteko ofizialtasuna lortzeko prozesua berrabiarazi du
Indarkeria matxistaren aurrean emakumeak ez daudela bakarrik eta babes-sare oso bat dutela gogora ekarri du Nafarroako Gobernuak
Donostian 400 etxebizitza babestu egiteko aurrerapauso garrantzitsua: Udalak Txomin Enea II birpartzelatzeko proiektua onartu du
Garabi handiak lanean ari dira Donostia Ospitaleko protoiterapia ekipoa instalatzeko
Eusko Jaurlaritza ume txikiak dituzten familientzako laguntzak ordaintzen hasi da