Bi herri, aldarri bat
Kirol ekitaldi batetik haratago doan hitzordua bizi izan da larunbat honetan San Mamesen eta, oro har, Bilbon. Palestinarrak nozitzen ari diren genozidioa amaitzeko eskatu dute milaka lagunek aho batez, baita herri gisa aitortuak izateko eskubidea ere.
Bi zale San Mameseko harmailetan. Argazkia: EuropaPress
Euskal Herriak herri solidarioa dela erakutsi du beste behin ere larunbat honetan Bilbon. 53.000 lagun bildu dira San Mamesen, errekorra ezarriz, eta milaka gehiago izan dira Euskal Selekzioaren eta Palestinaren arteko partida telebistaz, irratiz eta online jarraitu dutenak ere. Urte askotako lotura, katebegi sendoak erakutsi dituzte bi herriek, eta une ezin zailago honetan, genozidioa amaitzeko aldarria eta Palestinako herriari elkartasun oihu ozena igorri dio Euskal Herriak, naziotasuna eta ofizialtasuna aldarrikatuz, era berean.
Aldarrikapenak eta jaiak bat egin dute goizean goizetik Bilbon, kolore gorri, zuri eta berdeak nagusitu direnean. Ikurrinek eta bandera palestinarrek bete dituzte kaleak, Alde Zaharra eta "Katedralaren" inguruak bereziki. Palestinako gizonezkoen selekzioak Europan jokatzen zuen lehen aldia zen, baita Euskal Selekzioaren partida batek horrenbesteko jendetza biltzen zuena ere.
Goizean zehar, Israelek hildako kirolari palestinarrak omendu dituzte, Palestinarekin Elkartasuna taldeak antolatutako ekitaldi batean. 1.300 eliteko kirolari hil dituztela kalkulatzen da, horien artean 894 atleta olinpiko, eta 300 kirol-instalazio suntsitu dituztela ere salatu dute.
Antolatzaileek gogorarazi dutenez, "euskal selekzioaren zaleentzat, jokatzen duen eguna beti da berezia, jokatzen ikusteko aukera dugulako, eta aldarrikapen eguna delako. Ofizialtasuna aldarrikatzeko eta zapaldutako gainerako herriei babesa adierazteko ere izaten dira partida hauek".
Taupada solidarioa olatu bihurtu da arratsaldean Bilbon, milaka pertsona atera baitira kalera, genozidioa salatzeko eta euskal selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatzeko.
Partidaren ordua iristen ari zenean, estadioaren barruan, airezko erasoez ohartarazteko sirenak entzun dira zaleak sartzen ziren bitartean. Milaka ikurrina, bandera palestinar eta lepokoz josi dira harmailak Eñaut Elorrieta, Izaro eta Soul Band talde palestinarrak KenZazpiren "Gernikan" abesten zuten bitartean.
Ondoren, jokalariak zelaira irten direnean, hainbat pankarta zabaldu dituzte, ofizialtasunaren alde, genozidioaren amaiera eskatuz eta bakea aldarrikatuz. Minutu bateko isilunea egin da orduan, biktimen alde. Izan ere, ia 70.000ra iritsi da ofizialki, hildakoen kopurua Gazan, duela bi urte Israelek bonbardaketak hasi zituenetik.
Gaur, inoiz baino gehiago, existitzeko eskubidea izan da aldarri. 3-0 amaitu da partida, baina emaitza gutxienekoa zen, mundu osoan ikusi ahal izan den senidetasun eta aldarrikapen irudiarekin alderatuta.
Une gogoangarriak bizi izan dira neurketa osoan, baina, agian, aparteko aipamena merezi du amaierak. Partida bukatuta zegoela, txalo zaparrada jaso du Yaser Hamed palestinar jatorriko Leioako jokalariak, bere garaian Lezamako harrobian arituak, hark zein Palestinako selekzioko jokalariek hunkituta, zelaiari ohorezko itzulia egin diotenean. "Thank you Basque Country" zioen pankarta batekin egin dute buelta, euskal selekzioko jokalariek atzetik lagunduta.
Eta Athleticeko jokalariek partiden amaieran egin ohi duten bezala, bi selekzioetako futbolariak San Mameseko animazio harmailen aurrean gelditu dira eta Mikel Laboaren 'Txoria Txori' abestu dute guztiek elkarrekin.
Gaurko topaketa honetarako saldu diren sarreei esker bildutako diru guztia Mugarik Gabeko Medikuak GKEari bideratuko zaio, palestinarrei osasun-arreta emateko.
"Nazio bat gara eta ofizialtasuna nahi dugu"
Palestinarekiko aliantza sendotzeko balio izan duen testuinguru honetan, eta urtetako aldarrikapenari muzin egin gabe, euskal selekzioaren ofizialtasun eskariari babesa eman diote berriz ere milaka eta milaka euskal herritarrek gaur ere, elastiko berdea jantzi eta ozen oihu eginez. 1915ean sortu zen euskal selekzioak, nazioartean aitortua izatearekin amets egiten jarraitzen baitu, berriki sokatira eta euskal pilota federazioak lortu bezala.
Imanol Pradales lehendakaria ere izan da Euskal Selekzioaren eta Palestinaren arteko partidan. Atarian, lehendakariak ekitaldiaren izaera aldarrikatzailea azpimarratu du eta elkartasuna adierazi dio Palestinako herriari. Horrekin batera, Euskal Selekzioaren ofizialtasunean lanean direla adierazi du Pradalesek.
Beste hainbat ordezkari politiko ere izan dira partidan. Horien artean, Pello Otxandiano, EH Bilduko bozeramailea Eusko Jaurlaritzan; Aitor Esteban, EAJren EBBko lehendakaria; eta Eneko Andueza, PSE-EEko idazkari nagusia.
Zure interesekoa izan daiteke
Gipuzkoako hainbat garajetan eta trastelekutan ustez lapurretak egin dituen gaizkile talde bat desegin dute
Batez ere, Goierri inguruan egin dituzte lapurretak. Ertzaintzak dei egin die lapurreta horien biktima izan diren herritarrei, Beasaingo komisariara joan daitezen, euren objektuak han dauden egiaztatzera.
Ia 30 graduko tenperaturarekin, uda itxura hartu du Pazko Astelehenak
Ezohiko itxura hartu du Pazko Astelehenak. Eguraldi beroak, hondartzak eta kaleak jendez gainezka utzi ditu. Hotelen betetze-maila % 80-90 ingurukoa izan da Aste Santuan.
Gasteizek lotura zuzena izango du Kanaria Handiarekin ekainaren 15etik irailaren amaiera arte
VIA sozietatearen esleipena lortu ondoren, Binter airelineak astelehen eta ostegunetan jardungo du Forondan. Ibilbide horri esker, Kanarietako artxipelagoko beste aireportuekin lotura egin ahal izango da, bai eta Portugalgo eta Afrika mendebaldeko beste aireportu batzuekin ere.
Hiru pertsona zauritu dira Berangon, lau autok elkar jo ostean
Zauritutako lagunak Gurutzetako ospitalera eraman dituzte, eta auto-ilarak sortu dira istripua gertatu den lekuan. 14:00etarako, baina, bere onera itzuli da zirkulazioa.
Gizon bat atxilotu dute Berrizen emaztea labankadaz larri zauritzeagatik
Gertatutakoa salatzeko, Berrizko Mugimendu Feministak manifestazio zaratatsua deitu du biharko, arratsaldeko 18:30ean, Udaletxe paretik abiatuta.
Aske geratu dira Gasteizen adingabe bat sastatzea leporatuta atxilotutako zazpi gazteak
Asteburuan epailearen aurretik igaro ostean, guztiak utzi dituzte libre, azken biak igandean, Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.
Eusko Jaurlaritzak 'Ttipi Ttapa' gida aurkeztu du, oinez egitea osasun eta kohesio sozialerako tresna bihurtzeko
Osasun Sailak udalerrien eskura jarri du jarduera fisikoa eta harreman sozialak sustatzeko gida praktikoa. Ekimenak ongizate fisiko eta emozionala hobetzea eta komunitateak indartzea du helburu.
Trafiko gorabeherak gaur Bilbon, Itzulia Basque Country lasterketa dela eta
Lasterketaren lehen etapak, Bilbon hasi eta amaituko den 13,9 kilometroko erlojupekoak, trafiko etenak, aparkaleku murrizketak eta garraio publikoan aldaketak eragingo ditu.
Picassoren margolan bat, 100 euroren truke: Alzheimerraren ikerketa finantzatzeko ekimena
Tête de femme (1941) Pablo Picassoren lan original honen zozketa apirilaren 14an egingo da, Parisen, eta oraindik milaka partaidetza daude saltzeko. Ekimen solidario honek mundu osoko parte-hartzaileak erakarri ditu.
Epailearen esku utzi dituzte Gasteizen adingabe bat sastatzea leporatuta atxilotutako zazpi gazteak
Ostegunean jazo zen erasoa, 18:30 aldera, bost gizonek adin txikikoa sastatu eta ibilgailu batean ihes egin zutenean. Atxilotuek 19 eta 21 urte bitartean dituzte, baina ikerketak zabalik jarraitzen du.