Bi herri, aldarri bat
Kirol ekitaldi batetik haratago doan hitzordua bizi izan da larunbat honetan San Mamesen eta, oro har, Bilbon. Palestinarrak nozitzen ari diren genozidioa amaitzeko eskatu dute milaka lagunek aho batez, baita herri gisa aitortuak izateko eskubidea ere.
Bi zale San Mameseko harmailetan. Argazkia: EuropaPress
Euskal Herriak herri solidarioa dela erakutsi du beste behin ere larunbat honetan Bilbon. 53.000 lagun bildu dira San Mamesen, errekorra ezarriz, eta milaka gehiago izan dira Euskal Selekzioaren eta Palestinaren arteko partida telebistaz, irratiz eta online jarraitu dutenak ere. Urte askotako lotura, katebegi sendoak erakutsi dituzte bi herriek, eta une ezin zailago honetan, genozidioa amaitzeko aldarria eta Palestinako herriari elkartasun oihu ozena igorri dio Euskal Herriak, naziotasuna eta ofizialtasuna aldarrikatuz, era berean.
Aldarrikapenak eta jaiak bat egin dute goizean goizetik Bilbon, kolore gorri, zuri eta berdeak nagusitu direnean. Ikurrinek eta bandera palestinarrek bete dituzte kaleak, Alde Zaharra eta "Katedralaren" inguruak bereziki. Palestinako gizonezkoen selekzioak Europan jokatzen zuen lehen aldia zen, baita Euskal Selekzioaren partida batek horrenbesteko jendetza biltzen zuena ere.
Goizean zehar, Israelek hildako kirolari palestinarrak omendu dituzte, Palestinarekin Elkartasuna taldeak antolatutako ekitaldi batean. 1.300 eliteko kirolari hil dituztela kalkulatzen da, horien artean 894 atleta olinpiko, eta 300 kirol-instalazio suntsitu dituztela ere salatu dute.
Antolatzaileek gogorarazi dutenez, "euskal selekzioaren zaleentzat, jokatzen duen eguna beti da berezia, jokatzen ikusteko aukera dugulako, eta aldarrikapen eguna delako. Ofizialtasuna aldarrikatzeko eta zapaldutako gainerako herriei babesa adierazteko ere izaten dira partida hauek".
Taupada solidarioa olatu bihurtu da arratsaldean Bilbon, milaka pertsona atera baitira kalera, genozidioa salatzeko eta euskal selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatzeko.
Partidaren ordua iristen ari zenean, estadioaren barruan, airezko erasoez ohartarazteko sirenak entzun dira zaleak sartzen ziren bitartean. Milaka ikurrina, bandera palestinar eta lepokoz josi dira harmailak Eñaut Elorrieta, Izaro eta Soul Band talde palestinarrak KenZazpiren "Gernikan" abesten zuten bitartean.
Ondoren, jokalariak zelaira irten direnean, hainbat pankarta zabaldu dituzte, ofizialtasunaren alde, genozidioaren amaiera eskatuz eta bakea aldarrikatuz. Minutu bateko isilunea egin da orduan, biktimen alde. Izan ere, ia 70.000ra iritsi da ofizialki, hildakoen kopurua Gazan, duela bi urte Israelek bonbardaketak hasi zituenetik.
Gaur, inoiz baino gehiago, existitzeko eskubidea izan da aldarri. 3-0 amaitu da partida, baina emaitza gutxienekoa zen, mundu osoan ikusi ahal izan den senidetasun eta aldarrikapen irudiarekin alderatuta.
Une gogoangarriak bizi izan dira neurketa osoan, baina, agian, aparteko aipamena merezi du amaierak. Partida bukatuta zegoela, txalo zaparrada jaso du Yaser Hamed palestinar jatorriko Leioako jokalariak, bere garaian Lezamako harrobian arituak, hark zein Palestinako selekzioko jokalariek hunkituta, zelaiari ohorezko itzulia egin diotenean. "Thank you Basque Country" zioen pankarta batekin egin dute buelta, euskal selekzioko jokalariek atzetik lagunduta.
Eta Athleticeko jokalariek partiden amaieran egin ohi duten bezala, bi selekzioetako futbolariak San Mameseko animazio harmailen aurrean gelditu dira eta Mikel Laboaren 'Txoria Txori' abestu dute guztiek elkarrekin.
Gaurko topaketa honetarako saldu diren sarreei esker bildutako diru guztia Mugarik Gabeko Medikuak GKEari bideratuko zaio, palestinarrei osasun-arreta emateko.
"Nazio bat gara eta ofizialtasuna nahi dugu"
Palestinarekiko aliantza sendotzeko balio izan duen testuinguru honetan, eta urtetako aldarrikapenari muzin egin gabe, euskal selekzioaren ofizialtasun eskariari babesa eman diote berriz ere milaka eta milaka euskal herritarrek gaur ere, elastiko berdea jantzi eta ozen oihu eginez. 1915ean sortu zen euskal selekzioak, nazioartean aitortua izatearekin amets egiten jarraitzen baitu, berriki sokatira eta euskal pilota federazioak lortu bezala.
Imanol Pradales lehendakaria ere izan da Euskal Selekzioaren eta Palestinaren arteko partidan. Atarian, lehendakariak ekitaldiaren izaera aldarrikatzailea azpimarratu du eta elkartasuna adierazi dio Palestinako herriari. Horrekin batera, Euskal Selekzioaren ofizialtasunean lanean direla adierazi du Pradalesek.
Beste hainbat ordezkari politiko ere izan dira partidan. Horien artean, Pello Otxandiano, EH Bilduko bozeramailea Eusko Jaurlaritzan; Aitor Esteban, EAJren EBBko lehendakaria; eta Eneko Andueza, PSE-EEko idazkari nagusia.
Zure interesekoa izan daiteke
Behi bat erreskatatu dute sasi artean, Faltzesko bosgarren entzierroan lubetatik erori ostean
Behia mugitu ezinik egon da hainbat minutuz, sasiz eta sastrakaz estalitako eremu batean harrapatuta. Azkenean, animalia bere kabuz irteten saiatu da, baina ez du askatzea lortu. Egoera horren aurrean, erreskate bat jarri da martxan, auzolanean sokak jarrita, zezena harrapatuta geratu den eremutik ateratzeko.
Euria lagun, Urzainkiko sutea itzaltzeko lanean jarraitzen dute
Sutea perimetratu dute, baina garrak kontrolatzeko lanean ari dira suhiltzaileak.
Rigloseko suteak onera egin du eta etxera itzuli dira hustutako 13 herritako 583 bizilagunak
Ostegun honetan baliteke sutea egonkortzea eta oraindik beren etxeetatik kanpo dauden Centenero, Ena eta Botayan herrietako bizilagunak ere itzultzea.
Melanomaren aurkako lehen txertoak 3. fasea gainditu du eskala handiko saiakuntza kliniko batean
Moderna eta Merck farmazia-enpresek RNA mezularia daraman txerto pertsonalizatu horrek immunoterapia-tratamenduarekin batera emanda izan duen arrakastaren berri eman dute. Burtsetan gorakada nabarmena izan dute bi enpresen akzioek.
Erasoen aurkako dispositiboa aktibatuko dute Bilbon larunbatean Aste Nagusirako
Udalak eta Bilboko Konpartsek, batera, eraso matxistentzako protokolo espezifikoa berritu dute.
Granada lurrikara-multzo batean murgilduta dago abuztuaren 14tik
Granadak lo egin ezinean igaro du beste gau bat, erreplikak zenbatuz, atzo probintzia astindu zuen 4,8 graduko lurrikararen ostean. Adituek baieztatu dutenez, bai probintzia eta bai metropoli-eremua abuztuaren 14tik daude multzo sismiko batean bete-betean sartuta: antzeko potentzia duten lurrazaleko lurrikaren segida bat, asteak edo hilabeteak iraun ditzakeena.
Ceutara iritsitako ehunka emakume migranteek egoera bereziki lazgarrian jarraitzen dute
Marokotik Ceutara iritsi ziren ehunka emakumeek egoera bereziki lazgarrian jarraitzen dute. Jada egoera larrian badaude ere, gainerako gizonezko migranteen hitzek, jokaerek eta ekintzek babes falta areagotzen dute. UNICEF gertutik ari da krisia bizitzen: polizia nahikorik ez dagoela eta dauden agenteek ezin dietela lagundu salatu dute.
Europa lehorte larrian dago
Euri-faltak eta ondoz ondoko bero-boladek ibaien emaria murrizten dute, eta eragina dute nekazaritzan, garraioan eta ur-horniduran.
Minutu bateko isilunea egin dute Espinosa de los Monterosen, harrapaketa batean hildako Bizkaiko haurra gogoratzeko
Espinosa de los Monteros herriko Udalak (Burgos) minutu bateko isilunea egin du astelehen honetan Gurutzetako ospitalean larunbat gauean traktore batek harrapatuta hil den 10 urteko haurraren omenez.
Etxera itzul daitezke jada Rigloseko sutearen ondorioz hustutako zazpi herritako 500 bizilagun inguru
Sutearen bilakaera ona den arren, eta ezker hegaleko sektorean perimetroa egonkortzeko bidean aurrera egin den arren, Santa Cruz de la Seros eta San Juan de la Peña inguruetan "puntu bero asko daude oraindik, erre gabe, zuhaitz-eremuetan", eta lanean jarraitzen dute hor Infoarreko brigadek eta Larrialdietarako Unitate Militarra (UME).