Israelek Sanchezi leporatu dio Palestinaren aldeko protestak hauspotzea eta lotsagarritzat jo du azken etapa bertan behera geratu izana
Gideon Saar Israelgo Atzerri ministroaren iritziz, Sanchezek eta bere gobernuak Espainia lotsarazten dute.
Palestinaren aldeko manifestarien protesten ondorioz, Vueltaren azken etapa bertan behera geratu izanak zeresana ematen jarraitzen du. Gideon Saar Israelgo Atzerri ministroak, bart, Pedro Sanchez Espainiako gobernburuari leporatu dio Palestinaren aldeko manifestazioak hauspotu izana. Are gehiago, Sanchez eta bere gobernuak Espainia lotsarazten dutela nabarmendu du.
"Duela egun batzuk, Espainiako Gobernuko presidenteak deitoratu egin zuen Israel gelditzeko bonba atomikorik ez izatea. Gaur, kalera ateratzera animatu ditu manifestariak ", idatzi du Saarrek X sare sozialean.
Israelgo diplomaziaren buruak argudiatu duenez, palestinaren aldekoek mezu "zirikatzaile" horiek entzun eta Vueltari "eraso" egin zioten. "Espainiarentzat beti harro egoteko arrazoia izan den kirol ekitaldia bertan behera geratu da. Sanchezek eta bere Gobernuak Espainia lotsarazi dute".
Espainiako Vueltako 90. edizioak amaiera izan du igande honetan helmugarako 56 kilometroren faltan. Izan ere, Palestinaren aldeko manifestazioek errepidea hartu dute, Madrilen amaitzekoa zen azken etapa bertan behera uztera behartuz.