Louvre museoa ireki dute, bitxien lapurretaren ondoren
Hala ere ezingo da museoa osorik bisitatu. Museoak adierazi du lapurreta gertatu zen Apolo galeria "aldi baterako" itxita egongo da.
Louvre museoa asteazken goizean ireki dute berriro, pasa den igandean bitxiak lapurtu zituztenetik lehen aldiz.
Museoko ateak 09:00etan zabaldu dituzte, ohi bezala. Sarreran ehunka pertsona zeuden, ilara egiten.
Dena den, ez dute museoa osorik irekiko. Louvrek zehaztu duenez, lapurreta gertatu zen Apolo galeria "aldi baterako" itxita egongo da.
Zer dakigu Louvreko bitxien lapurretari buruz?
Lapurreta igandean gertatu zen, 09:30ean. Komandoa museoaren hegoaldeko hegaletik sartu zen, Sena ibaiaren ondotik, bi motozikleta eta karga-jasogailu bat erabiliz. Leiho bat apurtu, eta horietako bi Apolo galeriara sartu ziren, eta han Bigarren Inperioko bitxiak eta Frantziako errege-erreginen bildumako diamanteak gordetzen zituzten beirak apurtu zituzten.
Horrela egin zuten Parisko Louvre Museoko lapurreta
Lapurtutako piezen artean, Maria Amelia eta Hortensia erreginen diademak eta zafirozko lepoko bat daude, Maria Luisaren esmeralda-belarritakoak eta Eugenia enperatrizaren paparreko eta diadema bana. Ihesean zihoazela, lapurrek Montijoko Eugenia enperatrizaren koroa galdu zuten, lurrera erori eta kaltetu zen. 1.300 diamante eta 56 esmeraldaz josia, 1855eko Erakusketa Unibertsalerako sortu zen, eta Frantziako Estatuak berreskuratu zuen duela mende bat pasatxo.