Beroa bueltan da Euskal Herrian
Astelehenean tenperatura oso altuak izango dira barnealdean, eta asteartean, berriz, tenperaturak behera egingo du eta zenbait tokitan euria botako du.
Aste hasiera uda beteko tenperaturekin iritsiko da Euskal Herrira. Maximoak 35 gradu ingurukoak izango dira astelehen honetan barnealdeko hainbat puntutan, eta sute-arrisku handia izango da Nafarroan. Asteartean, berriz, egoera aldatzen joango da, hodeiak zabaldu eta tenperaturak jaitsiko dira, eta ipar isurialdean ekaitzek joko dute.
Euskalmeten arabera, astelehen beroa izango dugu Euskadiko barnealdean, bereziki Araban. Bertan, termometroak 32 eta 35 gradu artean ibiliko dira, eta Ebro ibarrean izango dira balio altuenak. Kostaldean, haizeak ipar-mendebaldetik joko du, eta horrek maximoak 25 gradura jaistea eragingo du. Gasteizen 34 gradu izango dira, Bilbon, 28, eta Donostian, 25. Zerua oskarbi egongo da, oro har, baina ekialdeko kostaldean behe-hodeiak ager daitezke egunaren amaieran.
Nafarroan ere beroa izango dugu protagonista. Eguzkiarekin batera, muturreko sute arriskua helduko da Hego Erriberan, eta iparraldean eta Erriberako gainerako lekuetan sute-arriskua izateko maila altuak edo oso altuak izango dira.
Ipar Euskal Herrian, giro eguzkitsu eta oso beroarekin hasiko dugu astea; maximoak 34 gradu ingurukoak izango dira, eta minimoak, 19 ingurukoak. Alerta horia aktibatuko da, ekaitz-arriskua dela eta, gauean zehar tokian-tokian joko baitu.
Astearteko zerua hodei ugarirekin esnatuko da Euskadiko iparraldean, eta hegoaldean, berriz, giro garbiagoa izango dugu lehen orduetan. Arratsaldean, ezegonkortasuna areagotu egingo da, prezipitazioekin eta zaparradekin, batez ere egunaren amaieran.
Iruñean aroak epeltzera egingo du, 33 graduko maximoekin, eta arratsaldeko zaparrada batzuk botako ditu.
Giro hezeagoa eta ez freskoxeagoa izango da Ipar Euskal Herrian, 26 gradu inguruko maximoekin. Ekaitzak nagusituko dira arratsaldean, eta prezipitazio ertainak botako ditu lurraldeko hainbat puntutan.