EH Bildu, Urkulluri: Espainia da Eskozia eta Kataluniaren arteko aldea
EH Bilduk ostiral honetan esan duenez, Kataluniak eta Eskoziak eredu bera aukeratu dute erabakitzeko eskubideaz baliatzeko, eta bi kasu horien arteko aldea Erresuma Batuko eta Espainiako gobernuetan dagoela: "Erresuma Batuan, erabakia eskoziarren esku utzi dute; Espainiako Gobernuak ez du borondate demokratikorik".
Horrela erantzun dio koalizioak Iñigo Urkulluri. Izan ere, lehendakariak, ostegunean, Eskoziako erreferendumaren ereduaren alde egin zuen, "bi gobernuen arteko akordioak sortua izateagatik", eta esan zuen EAEk horri begiratu ahal diola.
Maribi Ugarteburu EH Bilduren bozeramaileak eta Maiorga Ramirez parlamentariak prentsaurrekoa eman dute Bilbon, koalizioak urte politikoari hasiera emateko erabiliko duen ekitaldiaz hitz egiteko. Donostian egingo dute, irailaren 6an.
"Borondaterik eta egintzarik ez"
Ugarteburu atzo Urkulluk esandakoaz aritu da, eta esan dio Espainian ez dagoela "Eskoziako eredua garatzeko moduko Estatu bat", eta ez duela ematen "etorkizunean egongo denik". Horren aurrean "ez ikusiarena egitea borondaterik ez izatea da, eta Urkulluren gelditasuna islatzen du", esan du.
Nabarmendu duenez, borondaterik ez izate horren ondorioz ezin izan du Kataluniak Eskoziako bideari eutsi; hala ere, Kataluniako ordezkari politikoek aurrera jarraitzea erabaki dute, kontsultarekin, zehaztu du.
Egoera horren aurrean, EH Bilduk "Euskal Herria eredua" eskaini nahi dio gizarteari; urrats praktikoetan garatu ahal den erabakitzeko eskubidean oinarritutako bidea da. Urrats praktiko horiek, Ugartebururen arabera, arlo guztietako egunerokoan eman beharko lirateke: lanean, hezkuntzan, osasunean… Eta bizikidetasuneko akordioa “partekatua, eta ez alderdikoia” izan beharko litzateke.
"Dena doa erabakitzeko eskubideari lotuta", esan du. Bere ustez, Euskadik ez du krisialdia gaindituko aipatutako eskubide hori izan gabe.
Irailaren 6ko ekitaldia
Irailaren 6an egingo duten ekitaldi politikoaren inguruan, jakinarazi du mintegi bat izango balitz bezala dagoela antolatuta; bertan, EH Bilduk 2014-2015erako izango duen plangintza zehaztuko dute.
"Estatu espainiarraren inposizioa, errepresioa, eta ezezkoa" gainditzeko formulak aztertuko dituzte, "euskal gizartearen erabakian oinarritutako bidea egin ahal izateko".
Proposamen ekonomiko eta sozial “desberdinak” egingo dituzte, egun abian daudenak ez bezalakoak, eta hurrengo udal eta foru-hauteskundetarako eskaintza ere prestatuko dute.
Zure interesekoa izan daiteke
Milaka pertsonak hartu dute parte Bartzelonan, Gironan eta Ampostan egin diren Diadako manifestazioetan
Independentziaren aldeko sugarra bizirik eta indartsu dagoela aldarrikatu dute, gaur arratsaldean, Bartzelonan, Gironan eta Ampostan (Tarragona) egin diren Diada eguneko manifestazioetan. Bartzelonako ekitaldian, ANCk iragarri du independentziaren aldeko elkarteen goi-bilera deituko duela, datorren urterako "mobilizazio handi bat" antolatzeko. 2027an hamar urte beteko dira independentziaren aldeko erreferendumetik, eta bide horretan, beste mugarri bat ezarri nahi dute.
Lekunberrin, Irurtzunen eta Leitzan "izaera faxistako pintadak eta mehatxuak" agertu direla salatu dute EH Bilduk eta Geroa Baik
EH Bilduren arabera, pintadak "ia berdinak dira, ikur eta mehatxu nazi berberak dituzte". Geroa Baik, gorrotoaren aurrean, "bizikidetza, errespetu eta demokrazia gehiago" eskatu du.
Konstituzionalak atzera bota du Jaurlaritzak Estatuko Etxebizitza Legeari jarritako helegitea
2024an aurkeztu zuten helegitea, Iñigo Urkullu lehendakaria zen garaian, eta gobernukide zituen hiru sailburu sozialistek ez zuten babestu urrats hori. Gaur, Denis Itxaso Etxebizitza sailburuak txalotu egin du erabakia.
Melgosak ez du baztertzen Ceutatik adingabe migratzaileak Euskadira ekartzea, baina ohartarazi du "dagokiguna baino gehiago" hartzen ari garela
Eusko Jaurlaritzako sailburuak esan du adingabeen harrera-sarea "tentsiopean" dagoela, eta lehentasuna orain Euskadin daudenak artatzea dela, "etorriko direnak" baino lehen.
Hezkuntza Sailak irakurmena indartuko du bereziki, ikasleen maila hobetzeko
PISA txostenak utzitako emaitzen ondoren, ikasleen emaitzak hobetzeko lan-ildo berriak ezarriko ditu Hezkuntza Sailak. Ondorioetako bat da irakumenean jarri behar dela indarra.
Hauteskunde orokorretan ezkerreko indarrak lideratzeko hautagaitza aurkeztuko du Irene Monterok larunbatean
Podemoseko iturrien arabera, "ezkerreko hautagaitza argi eta garbi bat" antolatzea du helburu, baina ez dute zehaztu zein alderdi edo figura politikorekin egin nahi duen.
Euskal Herriko eta Kataluniako "herriak" aldarrikatu dituzte euskal alderdiek Diada egunean
Bartzelonan, Diada ospatzeko ekitaldietan, Aitor Esteban EAJko presidenteak ohartarazi duenez, "oker dabil Euskadi eta Katalunia beste edozein autonomia-erkidego bezala tratatu nahi dituena". Bestalde, "gure herrien eta nazioen eskubide nazional eta sozialak" aldarrikatu ditu Mertxe Aizpurua EH Bilduk Kongresuan duen bozeramaileak.
EH Bilduk Maria del Rio proposatu du Bilboko alkategai izateko
EH Bilduren Bilboko Mahai Politikoak Del Rio proposatu du 2027ko udal hauteskundeetarako, "bilbotarrak erdigunean jarriko dituen eta guztiei bizi-proiektu duinak garatzea bermatuko dien ziklo berri baten buru izateko".
Sahararrei espainiar nazionalitatea emateko legea onartu du Kongresuak
Saharar kolektiboen arabera, 80.000-120.000 pertsonak jaso dezakete nazionalitate hori.
EH Bilduk Nerea Kortajarena aukeratu du Donostiako alkategai
Kortajarena EH Bilduren Programa idazkaria da gaur egun, eta legebiltzarkidea Eusko Legebiltzarrean 2016tik. Azken hauteskunde autonomikoetan EH Bilduren Gipuzkoako zerrendaburua izan zen, eta "emaitza historikoa" lortu zuen, botoen % 40 gainditzea ahalbidetuz.