Estatutua betetzea eta plurinazionaltasuna aitortzea eskatu dio Urkulluk Sanchezi
Gernikako Estatutua "osorik" betetzeko eskatu dio Iñigo Urkullu lehendakariak Pedro Sanchezen Gobernuari, eta transferitzeke dauden eskuduntzak laster Jaurlaritzaren esku geratuko diren itxaropena azaldu du gaur Eusko Legebiltzarrean egiten ari diren politika orokorrerako eztabaidan. Horrez gain, Espainiako Estatuaren izaera plurinazionala aitortzeko galde egin dio PSOEren Gobernuari.
Lehendakariaren iritzian, 'onartezina' da 40 urteren ostean Estatutua bete gabe egotea. Hori horrela, hura eguneratzeko elkarrizketaren bideari ekiteko deia egin dio Espainiako gobernuburuari.
Horrez gain, "enplegua sortzeko eta gizarte politikak bermatzeko" aurrekontu batzuk adosteko konpromisoa hartu du. Aurreratu duenez, Jaurlaritzak prestatutako aurrekontu proiektuan inbertsioek % 7 egingo dute gora, eta % 5 ikerketa eta garapenera bideratuko dituzte. Gizarte gastuak 7.000 milioi euroak gaindituko ditu, lehen aldiz.
EAJk eta PSE-EEk osatutako koalizio gobernuak bi urte bete berri ditu, eta udal eta foru hauteskundeen atarian gaude. Ingurumaria horretan egiten ari dira gaur politika orokorreko bilkura. Lehendakariaren hitzaldiarekin hasi da eztabaida, 09:30ean. Ordubete pasatxoan, egungo egoeraren azterketa, Jaurlaritzak orain arte egindakoak eta etorkizuneko erronkak izan ditu hizpide Urkulluk.
Arlo politikoan, bi afera nabarmendu nahi izan ditu lehendakariak: Espainiako Gobernu berria eta Kataluniako egoera.
'Baiezko bikoitza' eskatu dio Sanchezi
Mariano Rajoyren Exekutiboarekin izandako harremana izan du aztergai, lehendabizi. Urkulluk aitortu duenez, "akordio garrantzitsuak" erdietsi ziren, hala nola, Kontzertu Ekonomikoaren eta Kupoaren inguruan. Dena dela, "elkarrizketa politiko eta instituzionala handiagoa" izatea espero zuela esan du, baita "euskal erakundeen eta Estatuaren arteko harremanak Estatutuari leialtasuna eta errespetua erakutsita garatzea ere". Horren ildoan, euskal legeen kontra aurkeztutako helegiteak gogorarazi ditu.
Zentsura mozioaren ostean sortutako PSOEren Gobernuan, baina, aldaketa igarri duela adierazi du Urkulluk: "Jarrera formal berriarekin abiatu du ibilbidea". Horrela bada, Espainiako Gobernuari 'baiezko bikoitz' bat eman dezala: "Osorik bete dezala Estatutua, gure Autogobernu aitortua; eta onar dezala Estatuko errealitate plurinazionala".
Espainiako Estatuaren "izaera plurinazionala" aitortu eta eredu konfederal batean aurrera egin behar dela uste du lehendakariak. Are, "Eskubide Historikoak gaurkotuta, euskal herriaren pertsonalitate politikoaren erabateko aitortza suposa dezake".
Urkullurentzat "onartezina" da, 40 urte eta gero, Estatutua osorik bete gabe egotea. Nabarmendu duenez, "Jaurlaritza itundutakoa betetzeko lanean ari da. Hori da defendatzen eta eskatzen duguna. Bide horretan aurrera egiteko giro aproposa sortzea da gure konpromisoa".
Estatutua, Konstituzioaren pare
Eusko Legebiltzarrean estatutu berri bat sortzeko lantaldea ere aipatu du lehendakariak. EAJk eta EH Bilduk adostutakoa "zabaltzeko" eginahalak egiteko deia egin die gainerako alderdiei.
"Akordioa zabaldu nahi dugu Autogobernua eguneratzeko eta handitzeko. Subiranotasun partekatuen mundu honetan, badaude aukerak erabakitzeko eskubidea eta adosteko borondatea uztartzeko. Horregatik, aldebikotasuna azpimarratzen dut. Aintzat hartzen ditut Batzorde txostengilean lortutako akordioak, eta akordio horiek zabaltzea planteatzen dut. Autogobernua herrialde-helburua da", azaldu du.
Urkulluren esanetan, "demokraziaren handitasuna" ez da bakarrik gehiengoak adostutakoa islatzea, baizik eta "integrazioa ahalbideratzeko, gutxiengoaren iritzia aintzat hartzea".
Azpimarratu duenez, helburu da "Euskadiren izaera nazionala autogobernuaren eta erabakitzeko ahalmenaren borondate historikoarekin uztartzea, eta Estatutua Konstituzioaren izaeraren mailan jartzea".

Legebiltzarra, gaur. Foto: EFE
Kataluniako "blokeo politiko eta instituzionala" ere gogoan eduki du Urkulluk, eta "elkarrizketa eta lasaitze giroa sortzeko" deia egin du.
Lehendakariaren aburuz, behin-behineko espetxealdia "ez dago justifikatuta eta neurriz kanpokoa da ikuspuntu judizial batetik". Hori horrela, Kataluniako prozesuagatik kartzelan diren "pertsona guztiak" aske uzteko eskatu du.
Urkulluk azpimarratu duenez, politika judizializatzea "kontraesankorra da", eta ordezkari politikoei "berehala irtenbidea topatzeko lanean jartzeko" eskatu die.
Bizikidetza, herrialde-helburu
Bizikidetza alorrean, gaurkoa "ETA behin betiko amaitu dela esan dezakegun lehen politika orokorreko bilkura" dela nabarmendu du lehendakariak. "Zoriondu dezagun bata bestea, eta atzera begiratzeko orduan, izan dezagun biktima guzti-guztientzako elkartasun sakonena", erantsi du.
Dena dela, "espetxe politikan salbuespen neurriak" indarrean daudela deitoratu du. Ildo horretan, Jaurlaritzak sustatutako Zuzen Bidean programa aipatu du, "presoen hurbilketa errazteko eta espetxe politikan bide berria zabaltzeko" sortua.
Urkulluren berbetan, "bizikidetza herrialde-helburua da". Hori horrela, "Bertizko Adierazpenaren bi ardatzetan" arreta jarriko duela azpimarratu du, hots, espetxe-politika bizikidetza-politika bihurtu, eta memoria kritiko bat partekatu, terrorismoarekin eta indarkeriarekin eragindako minaren ingurukoa.
2019ko aurrekontuak
Arlo ekonomikoari helduta, lehendakariak aurreratu du 2019ko Aurrekontuetan inbertsioak % 7ko hazkundea izango duela, eta ikerketa eta garapenerako aurrekontuak % 5 haziko direla. Hala, gizarte gastua 7.000 milioi eurotik gorakoa izango da, lehenengoz.
Ildo horretan, Urkulluk baieztatu du Eusko Jaurlaritzak "ahalegin osoa" egingo duela aurrekontuak positiboak izan daitezen, "enplegua sortu eta gizarte politikak bermatu ahal izateko".
Hain zuzen ere, "ama jostuna" zuela erantzun die akordio bat "josteko" aukeren inguruan kazetariek, saioa hasi aurretik, egindako galderei.
Halaber, nabarmendu du Kontuak "oinarrizko erreminta" direla, "politika publikoen praktika Europar Batasunaren diziplina ekonomikoaren parametroei behar bezala lotzeko".
Kargudunak eta politikariak bertatik bertara jarraitzen ari dira
Gonbidatuen artean, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako ahaldun nagusiak, Batzar Nagusietako presidenteak, Bilboko eta Gasteizko alkateak eta Eudelen presidentea daude. Manu Lezertua arartekoa eta EAEko Auzitegi Nagusiko presidentea ere han dira.
Horrez gain, alderdietako ordezkariak, gizarte eragileak eta EHUko eta Mondragon Unibertsitateko errektorea ere gonbidatuta daude.
Zure interesekoa izan daiteke
Italiatik datozen bidaiarien kontrol aleatorioak egiten jarraitzen dute Bilbon
Larunbat goizean ezarri dituzte kontrolak Bilbon, Malagan, Sevillan, Alacanten, Valentzian, Balearretan eta Kanarietan. Madrilgo eta Bartzelonako aireportuetan, aldiz, ordu batzuk lehenago hasi ziren ausazko kontrolak egiten.
Vivasek Ceutako mugaren kontrola indartzeko eta gutxienez 1.000 agente izateko eskatu du
Polizia Nazionaleko eta Guardia Zibileko indarrak nabarmen handitzeko eta uztailaren 30eko sarrera masiboa berriro ez gertatzeko neurriak hartzeko eskatu dio Ceutako presidenteak Espainiako Gobernuari.
30 urteko kartzela-zigorra eskatu dute ETAko bost buruzagi ohirentzat Gregorio Ordoñez hiltzeagatik
Akusatuek ETAko buruzagitza osatzen zuten, eta 1995eko urtarrilean Donostiako PPko zinegotzia hiltzea erabaki zuten, Fiskaltzaren idazkiaren arabera.
Elkarrekin Donostia afari solidarioen debekua helegite bidez auzitan jartzea aztertzen ari da
Araua neurrigabea dela eta zalantzazko oinarri juridikoak dituela uste du koalizioak. EH Bilduk, berriz, Kaleko Afari Solidarioak plataformako boluntarioen aurkako "jazarpena" salatu eta debekua bertan behera uzteko eskatu du.
Robles, Marlaska, Bolaños eta Albares Kongresuan agertuko dira abuztuaren amaieran, Ceutako migrazio-krisia dela eta
Espainiako Gobernuak lau ministroen ezohiko agerraldiak eskatu ditu, uztailaren 30ean Ceutan hasitako migrazio-krisiaren kudeaketaren berri emateko.
EAE adingabe migratzaileak hartzeko Estatuak ezarritako kupoaren gainetik dago, eta Nafarroa, berriz, azpitik
Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak 843 adingabe atzerritar artatzen dituzte egun, berez dagokiona baino 65 gehiago. Aldiz, azken datuen arabera, Foru Erkidegoa bere gaitasunaren % 30 inguruan dago.
Ceutako migrazio krisiaren aurretik alertak jaso zituen ala ez galdetu dio epaileak Guardia Zibilari
Iustitia Europak jarritako salaketaren ondorioz abiarazi ditu izapideak Auzitegi Nazionalak, eta bizi direnen eta hildakoen kokapenari buruzko informazioa eskatu du.
Melgosa: "Estatuaren lehen betebeharra da adingabeak familiekin itzultzeko bideak agortzea"
Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Eskubideetako sailburuak nabarmendu du ez zaiola "zentzuzkoa iruditzen lehen erantzuna (Espainiako Gobernuarena) adingabe horiek (Ceutan daudenak) beren familietatik urrun, milaka kilometrotara, eramatea".
Grande-Marlaska eta Robles kargugabetzea eskatu du Telladok: "Ceutan gertatu den guztiaren erantzuleak dira"
Miguel Tellado Alderdi Popularraren idazkari nagusiak, Gasteiztik, Fernando Grande-Marlaska Espainiako Gobernuko Barne ministroa eta Margarita Robles Defentsa ministroa kargugabetzea eskatu du, Ceutako migrazio krisiaren aurrean ez dutelako "ezer egin".
Gizon bat atxilotu dute, Bilbon Cake Minuesaren kontrako derrigortze eta gorroto delituak egitea egotzita
Okdiario hedabideko kazetaria Mundialeko finalaren egunean Bilbon egiten ari ziren euskal selekzioaren aldeko manifestazio batean zegoen.