Elorrioko eta Debako 64 gaztek Saharara egitekoa zuten bidaia atzeratu dute
Elorrioko eta Debako 64 ikaslek Tindufeko kanpamendu sahararretara egitekoa zuten bidaia atzeratu dute, euren familiek hala erabakita; Espainiako Gobernuak ostegun honetan zabaldu duenez, Mendebaldeko Saharan "berehalako" atentatua egoteko alerta dago, eta horregatik hartu dute erabaki hori, EFEri Fronte Polisariok Euskadin duen delegazioko iturriek jakinarazi diotenez. Hain zuzen ere, Elorrioko Institutuko 53 ikaslek eta Debako Gaztelekuko 11k atzeratu dute bidaia.
Iturri horiek ez diote justifikaziorik ikusten alertari, eta, zehaztu dutenez, ostiral gauean Bilbotik Tindufera charter hegaldiz joatekoak diren beste 80 lagunek, aldiz, bidaiari eutsiko diote. 80 lagun horiek Euskadiko zenbait puntutik iritsiko dira Loiuko aireportura: ume sahararren harrera-familiak dira, borondatezko lankideak, osasun-langileak…
Hegaldi erregular batean, Beti Abanto Sahararekin Elkarteko zenbait kide irten dira Saharara, ostiral goizean.
Halaber, Aaiunera (Mendebaldeko Saharan dago hori ere), “Saharar Herriarentzat Bakea eta Askatasuna” izeneko taldearteko legebiltzarkideak ere joango dira, emandako alerta gorabehera.
Alertaren gaineko berririk ez, ostegunera arte
Eusko Jaurlaritzaren Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiak eta Kooperazioaren Euskal Agentziak ez dute izan alertaren gaineko berririk ostegunera arte. Hala esan diote EFEri Jaurlaritzaren hainbat iturrik; iturri horiek, halaber, baieztatu dute Elorrioko eta Debako ikasleek, azkenean, ez dutela bidaia orain egingo.
Fronte Polisarioaren EAEko delegazioaren bozeramaile batek azaldu duenez, ostegunean bertan bildu ziren erakunde horretako kide batzuk eta Elorrioko Institutuko ikasleen senideak; batzarraren xedea zen taldean hartu beharreko erabakiaren gaineko balizko desadostasunik ez egotea.
Familiek, azkenean, nahiago izan dute gazteak ez bidaiatzea orain, eta beste data batean egitea; agian Aste Santuan, gogoan dutenez.
Bozeramaile horrek berak adierazi du ez dagoela arrazoirik Espainiako Gobernuak alertarik zabaltzeko; haren iritziz, Marokok eragina izan du alerta hori hedatzeko erabakian. Esan duenez, ulergaitza da zergatik balizko alerta hori ez den iritsi Europako gainerako herrialdeetara: “Fronte Polisarioak ziurtatu du kanpamenduetan denak berdin jarraitzen duela”, nabarmendu du.
Lau legebiltzarkideren bidaia
Saharara ostiral honetan doazen lagunez gain, "Saharar Herriarentzat Bakea eta Askatasuna" izeneko taldearteko legebiltzarkideak joango dira bertara, larunbatean; ez dute bidaia bertan behera utzi ez direlako joango Tindufera, baizik eta Aaiunera, eta balizko atentatuaren alerta Tindufen dago.
Talde horretan, legebiltzarkide hauek daude: PPko Carmelo Barrio, EAJko Eva Juez, EH Bilduko Josu Estarrona, eta Elkarrekin Podemoseko Iñigo Martinez.
Bisita azaroaren 30etik abenduaren 3ra bitartean egingo dute, eta helburua du Nassa Elhaladi ekintzaile eta erreportaria laguntzea; halaber, giza eskubideen defendatzaileen elkarteekin ere batzartuko dira.
Bestalde, Mendebaldeko Saharan dauden sahararrei elkartasuna eskaintzen dieten Ondarroako elkarteko kideek aurreikusita zuten bidaia egingo dutela esan dute, ez baitiote sinesgarritasunik ematen Sanchezen Gobernuak egindako jakinarazpenari. Halaber, Nafarroako Saharar Herriaren Lagunen Elkarteak ere abenduko bigarren astean Saharara bidaiatzeko asmoarekin jarraitzen du.
Atentatu terroristak izateko arriskua
Espainiako Gobernuko Defentsa Ministerioak ostegunean jakinarazi zuenez, Mendebaldeko Saharan atentatu terroristak izateko arriskua dago, nazioarteko inteligentzia zerbitzuek emandako informazioaren arabera, eta, ondorioz, ez du sahararren kanpamentuetara bidaiatzea gomendatzen. "Tindufen atentatu larri bat gerta daiteke berehala ingurua bisitatzen ari diren edo bertan izan daitezkeen herritarren aurka", ohartarazi zuen.
Josep Borrell jarduneko Atzerri ministroak adierazi du "isilpeko informazioa" duela Saharako kanpalekuen inguruan atentatu bat izateko "arriskua" dagoela esateko, eta Espainiako Gobernuak arrisku horren berri emateko betebeharra duela, nahiz eta ezin duen debekatu herritarrak bertara joatea.
Testuinguru horretan, iragarpen horren atzean Marokoko Gobernuaren interes politikoak daudela salatu du Fronte Polisarioak, kanpalekuetan bizi diren sahararrekin aldian-aldian eta erregularki elkarlanean aritzen diren milaka familiaren elkartasuna "oztopatu" eta "geldiarazi" nahi duelako.
Horrela, alerta egoera "neurriz kanpokoa eta desegokia" dela azpimarratu dute agintari sahararrek. Fronte Polisarioak abenduaren 19tik 21era bitartean egingo du bere batzar nagusia Tifaritin, eta erabaki horrekin nazioarteko ordezkarien presentzia mugatu nahi dutela salatu du.
Espainiako Gobernuak azpimarratu duenez, atentatu arriskuaz ohartaraztea da bere betebeharra, eta, hortik aurrera, zerbait gertatuko balitz, inguru horretara bidaiatzea erabakitzen duten herritarren ardura izango litzateke.
Zure interesekoa izan daiteke
Burlatako jaietan zinegotzi bati egindako erasoa salatu du UPNk
Alderdiaren esanetan, Carlos Otok bularrean kolpea jaso zuen UPNren egoitzan. Nafarroako presidenteak eta hainbat alderdik erasoa gaitzetsi dute eta babesa agertu diote zinegotziari.
Baionako eta Sarako herriko etxeek euskarari egindako aitortzak atzera bota ditu, behin-behinean, Paueko Auzitegiak
Euskara lekuko hizkuntza modura aitortzen duen ebazpen onartu zuen Sarako herriko etxeak uztailaren 2an eta Baionakoak 23an. Prefetaren eskariari men eginez, Paueko Auzitegi administratiboak bertan behera utzi ditu bi ebazpenak. Bi udalek helegitea aurkeztuko dute astelehenean bertan.
Monica Garciak ukatu egin du Ceutan osasun-kolapsorik dagoenik, eta pilaketen arriskuaz ohartarazi du
Osasun ministroak azken 15 egunetan 5.800 migratzaile artatu dituztela azaldu du, eta arrisku sanitario eta epidemiologikoak prebenitzeko gune gehiago eskatu ditu.
PPk gobernatutako autonomia-erkidegoek uko egin diote Ceutako adingabe migratzaileen arreta hurrengo Sektore Konferentzian eztabaidatzeari
Abuztuaren 27ko Sektore Konferentzia izango da Ceutan atzerritarren sarrera masiboa izan zenetik egingo den lehena. Ceutarako 25 milioi euroko aparteko kredituaren transferentzia ere aztertuko dute, bakarrik dauden adingabe migratzaileen arretari lotuta.
Ceutako adingabeak familiekin elkartzea defendatzen du Euskadik, banatu beharrean
Haur, Nerabe eta Familien zuzendariak esan duenez, Euskadik "ez du onartuko inposatutako, inprobisatutako edo bermerik gabeko deribaziorik", eta gogorarazi du EAEk dagoeneko bere ahalmenaren gainetik hartzen dituela adingabeak.
Marlaskak segurtasun neurriak indartu ditu Ceutan, eta Marokorekiko lankidetza aldarrikatu du
Barne ministroak iragarri duenez, 45 polizia gehiago bidaliko dituzte Ceutara, herritarren segurtasuna indartzeko asmoz. Oraindik ez da erabat berreskuratu normaltasuna hirian, nahiz eta modu irregularrean sartu ziren migratzaile gehienak itzuli.
Sei atxilotu Gasteizen, Espainiako selekzioaren kamiseta zeraman gazte bati eraso egiten saiatzea egotzita
Futboleko Munduko Txapelketa baino egun batzuk lehenago gertatu omen zen. Atxiloketetako bat astelehenean izan zen, eta beste bostak asteartean.
Nafarroako Gobernuak larrialdiko 2. maila ezarri du eklipsea dela eta
Foru Gobernuak Larrialdietarako Aholku Batzordea ere eratu du, eta 1.165 kidek osatutako segurtasun-dispositiboa jarriko du martxan.
Ertzaintzako sindikatuek agenteen aurkako erasoak gaitzetsi dituzte, bitarteko gehiago eskatuz
ErNE, Euspel eta Sipe sindikatuek salatu dutenez, polizia bati eraso egitea ezin da "normal" bihurtu. Hortaz, "babes instituzionala" eta lantaldea indartzea eskatu dute.
Bilboko aireportuak ausazko kontrolak egiten dizkie Italiatik datozen bidaiariei, gorabeherarik gabe
Neurria larunbat honetan aktibatu da, eta irailaren 7ra arte iraungo du, Italiako Gobernuak Espainiatik datozen bidaiarientzako Schengen eremua bertan behera uzteko dekretuari erantzuteko.