Pedro Sanchezen aurkako zentsura mozioaren lehen egunean Ramon Tamames hautagaia itzaletan gelditu da
Pedro Sanchezen aurkako zentsura mozioaren lehen egunean, Ramon Tamames hautagaia, 89 urteko komunista ohia, mozioaren aurpegia izanda ere, itzaletan gelditu da. Proposamenetik urrun, kritikaz eraiki du diskurtso apala, eta ahaztu ere egin du hauteskundeak deitzeko eskaera. Inbestidura kideak jomugan jarriz hartu nahi izan du estu Espainiako presidentea.
Hala ere, hasieratik jakinda zentsura mozioa antzua dela, ez du inork benetako seriotasunez hartu. Are gehiago, alderdi guztiek baliatu dute norberaren aldarrikapenen erakusleiho gisa.
Aitor Esteban EAJk Kongresuan duen bozeramaileak esan du bere taldeak zentsura-mozio "ez-legitimoa" errefusatzen duela, eta gogor egin du Ramon Tamames hautagai independentearen aurka.
EAJren ustez, Voxen zentsura-mozioak PP "estutasunean jarri" nahi du, eta ekonomialariari "antipolitika" eta "demokraziaren izen ona galtzea" leporatu dio.
Espainiako Gobernuko presidente izateko bere inkoherentzia eta programa falta aurpegiratu dizkio Estebanek ekonomialariari, Voxek erabili egin duela eta "etzi inork ez duela gogoratuko" salatuz, ezta Santiago Abascalen alderdikideek ere.
"Zuk ere ez duzu sinesten hautagaia zarenik", defendatu du Estebanek, eta Tamamesek aldez aurretik egindako diskurtsoa "prentsa-ebakinen bilduma bat" izan dela azpimarratu du, eta Kongresuko araudiak eskatzen duen gobernu-programa batekin etorri ez dela esan dio.
Bestalde, Mertxe Aizpurua EH Bilduko bozeramaileak gogorarazi du "faxismoa krispaziotik, antipolitikatik, 'denak berdinak dira' horretatik eta etsipenetik" elikatzen dela.
Gainera, ohartarazi du "eskuindarrak, kolorea edozein dela ere, inoiz askatu ez zuten erregimenaren tradizio politiko beretik datozela. Inoiz ez zen benetako trantsizio demokratikorik egon". "Gutxieneko alarguntza-pentsioak eta kotizazio gabeko pentsioak igotzen genituen bitartean, zer egiten zenuten zuek? Oihu egin. Alokairuak % 2an berritzen genituen bitartean, zer egiten zenuten zuek? Ostikoka eta oihuka aritu", aurpegiratu die.
Ramon Tamames ekonomialari independenteak, Voxen zentsura-mozioaren hautagaiak, uko egin dio Ganberako talde txikiei banan-banan erantzuteari. Bestalde, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak Kongresua utzi du goizeko saioa amaitu ostean, eta asteazken honetara arte ez da Ganberara itzuliko.
Espainiako Gobernuaren aurkako zentsura mozioan hautagai den Voxeko Ramon Tamamesek honela arrazoitu du gaur, asteartearekin, Kongresura eramandako eztabaida: "Zigor Kodearen erreformak sedizio delitua ezabatu du, dirua bidegabe erabiltzeagatik ezarritako zigorraldiak txikitu eta sexu indarkeriaren aurkako zigorrak aldatu ditu. Horrek guztiak zentsura mozio bat eskatzen du". Adierazpen horiekin ekin dio saioari, hauteskundeak aurreratzeko proposamenari iskin eginda.
Agerraldian, iragan astean filtratutako berbaldiaren mugarriak azaldu ditu, labur, eta zenbait puntu berri erantsita. Hartara, gogora ekarri du Sanchezek Zigor Kodea aldatzeko asmoa ezagutarazi zueneko unea, oposizioko alderdi denek zentsura mozioa aurkezteko momentu egokia zela iritzita, "gure Konstituzioaren oinarrietako bat hautsi zuen", argudiatu du.
Ezusteko gehiagorik gabe, Espainiaren batasuna aldarrikatu eta ozen esan du autodeterminazioa existitzen ez den zerbait dela. "Hauteskunde legeak behar baino garrantzi gehiago ematen dio Gobernuak baldintzatzen dituen nazionalismoari", gaineratu du.
Erantzunen tartean, Sanchezen mintzaldia eten du Tamamesek, kexati, "aurretik idatzitako 20 orriko txostentzarra irakurtzen ari zelako".
Sanchez, Voxek "eragiten duen gorrotoaren" aurka
Voxek "eragiten duen gorrotoaren" aurka oldartu da Espainiako presidente Pedro Sanchez, "eskuinaren glutamatoa" dela arguditatuta. Zentzu horretan, iritzi dio gorrotoa, asaldura, irainak eta zentsura mozio antzuak soilik ekartzen dituela.
Abascali, gainera, egotzi dio Tamamesen atzean ezkutatzea, erakunde demokratikoak bidegabe erabiltzea eta, legegintzaldi osoan, bizikidetza oinarri duen proposamen bat bera ere ez egitea.
"PPren eta Voxen artean dagoen ezberdintasun bakarra da Abascalen alderdiak basakeria plus bat ematen duela, eta soilik errudun faltsuak bilatzen dakiela", adierazi du.
Abascalek "berriro hutsetik hastea" eskatu dio PPri
Voxeko presidente Santiago Abascalek hasi du Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentearen aurka aurkeztutako zentsura mozioaren eztabaida, "Espainiako aberriak bizi duen egoera larria" mintzagai hartuta, eta "legealdi zikin hau bukatzeko beharraz" jabetuta.
09:00ak jota igo da tribunara Voxeko buruzagia, Ramon Tamares hautagaiari bere eserlekua lagata. Hizketaldia hasi eta batera esan du mozioa aurkezteko "nahikoa arrazoi" daudela, eta "legealdi zikin hau amaitzeko" eta "hauteskunde orokorrak deitzeko beharra" dagoela. Horregatik, PPri eskatu dio "berriro hutsetik hastea" eta mozioa elkarrekin bozkatzea, "etorkizunean elkar ulertu ahal izateko, eta Espainiak izan duen gobernu okerrenaren aurrean alternatiba sendo bat eraikitzeko".
"Gauzak hala moduz eginda ere, ezingo genuke legegintzaldia zuek bezain beste narriatu", adierazi du, prentsan azken orduotan gaurko eztabaidari buruz idatzitakoak kritikatu ondoren. Gauzak horrela, tamalgarritzat jo du Vox hiltzat ematea.Espainiako Gobernua "iraungita" dagoela ere nabarmendu du, eta PPko buru Alberto Nuñez Feijoori galdegin dio argitu dezala esparru sozialdemokrata batean mugitzen den ala ez.
Tamamesek ez du Abascalen diskurtsoa txalotu. 50 minutuan aurkeztu du mozioa Voxeko buruzagiak. Bitartean, karpeta batean zeramatzan orriak errepasatu ditu eta ordulariari begiratu dio Tamamesek.
Demokrazia higatzea egotzi Diazek Tamamesi
Yolanda Diaz Espainiako Gobernuko presidenteorde bigarrena eta Lan ministroa izan da hitza hartzen hurrengoa, eta hasteko, Espainiako Alderdi Komunistatik Voxeraino Tamamesek egin duen "bidaia ideologikoa" kritikatu du."Zu kide izan zinen alderdi baten (Espainiako Alderdi Komunista) borrokari esker ere iritsi gara gauden lekuraino, eta nahasgarria zait orain Voxeko kide gisa entzutea", esan dio.
Gaurko mozioaren bidez Gobernu programarik ez aurkeztea ere leporatu dio Diazek Voxen hautagaiari, eta hori Kongresuko Araudia ez errespetatzea dela gogorazi dio —zentsura mozioetan Gobernu programa bat aurkeztu behar dela dio araudiak—. "Demokrazia higatzen ari zarela dirudi, zentsura mozio bat mozio suntsitzaile bilakatuz", nabamendu du Diazek.
Alor ekonomikoa izan du ardatz presidenteorde bigarrenak bere hitzaldiaren zati handi batean. Hala, Nadia Calviñoren eta Maria Jesus Monteroren, Ekonomia Gaietako eta Ogasuneko ministroak, hurrenez hurren, lana txalotu du, besteak beste, nazioarteko krisi ekonomiko betean zor publikoa hamar puntu jaistea lortu dutelako.
Diezek "hainbat gauza interesgarri" esan dituela aitortu du Tamamaesek
Labur erantzun dio Tamamesek Diazi, azken horren hitzaldia Sumar proiektu politikoaren aurkezpena izan dela esanez. Hori bai, gauza "interesgarri asko" ere esan dituela aitortu du.
Zure interesekoa izan daiteke
Bilboko Konpartsek eta Sarek manifestazioa deitu dute abuztuaren 28rako, 2027an euskal presorik egon ez dadin aldarrikatzeko
Sarek eta Bilboko Konpartsek Etxera Eguna deitu dute abuztuaren 28rako, Aste Nagusi betean, “euskal preso, iheslari eta deportatuak etxera itzultzea” aldarrikatzeko. Horretarako, manifestazioa eta herri-bazkaria egingo dute. Halaber, gaurko agerraldian, 2027ko jaiak presorik eta errepresaliaturik gabeko lehenak izatea jarri dute helburutzat.
Ceutako adingabe migratzaileak beren familiekin bueltatzearen alde eta, ezin den kasuetan, hartzearen alde egin du Jaurlaritzak
Txema Ezkerra Haur, Nerabe eta Familia zuzendariaren ustez, "onartezina" da Voxek arlo hori kudeatzen duen erkidegoetan legea ez betetzea, eta Estatuari esku-hartzeko eskatu dio.
Burlatako Udalak aho batez gaitzetsi du UPNko zinegotzi bati jaietan egindako erasoa
Pasa den larunbatean Carlos Oto UPNko zinegotziari eraso egin zioten alderdi erregionalistaren egoitzan, hainbat alderdikide eta beste hainbat pertsona bilduta zeudela.
"Errealitatea makillatzea" egotzi dio Ceutako presidenteak Gobernuari, eta krisia konpontzeko 30 egun eman dizkio
Juan Vivasek gogor kritikatu du Gobernua uztailaren 30ean eta 31n Marokotik 70.000 pertsona inguru hiri autonomora sartu ondoren sortu den migrazio-krisiaren aurrean "erantzun ezagatik" eta "pasibotasunagatik". Agerraldi batean, Vivasek galdetu du ea Gobernuaren pasibotasunak Maroko "ez molestatzea" bilatzen duen, eta iragarri du botere judizialera eta beste estamentu batzuetara joko duela krisia 30 eguneko gehieneko epean konpontzen ez bada.
Javier Lasagabaster hil da, Lurralde Politika eta Herri Lan sailburua 1980 eta 1984 artean
Lasagabaster Carlos Garaikoetxea buru zuen Jaurlaritzako kide izan zen lehen legegintzaldian, 1980 eta 1984 artean.
Burlatako jaietan zinegotzi bati egindako erasoa salatu du UPNk
Alderdiaren esanetan, Carlos Otok bularrean kolpea jaso zuen UPNren egoitzan. Nafarroako presidenteak eta hainbat alderdik erasoa gaitzetsi dute eta babesa agertu diote zinegotziari.
Baionako eta Sarako herriko etxeek euskarari egindako aitortzak atzera bota ditu, behin-behinean, Paueko Auzitegiak
Euskara lekuko hizkuntza modura aitortzen duen ebazpen onartu zuen Sarako herriko etxeak uztailaren 2an eta Baionakoak 23an. Prefetaren eskariari men eginez, Paueko Auzitegi administratiboak bertan behera utzi ditu bi ebazpenak. Bi udalek helegitea aurkeztuko dute astelehenean bertan.
Monica Garciak ukatu egin du Ceutan osasun-kolapsorik dagoenik, eta pilaketen arriskuaz ohartarazi du
Osasun ministroak azken 15 egunetan 5.800 migratzaile artatu dituztela azaldu du, eta arrisku sanitario eta epidemiologikoak prebenitzeko gune gehiago eskatu ditu.
PPk gobernatutako autonomia-erkidegoek uko egin diote Ceutako adingabe migratzaileen arreta hurrengo Sektore Konferentzian eztabaidatzeari
Abuztuaren 27ko Sektore Konferentzia izango da Ceutan atzerritarren sarrera masiboa izan zenetik egingo den lehena. Ceutarako 25 milioi euroko aparteko kredituaren transferentzia ere aztertuko dute, bakarrik dauden adingabe migratzaileen arretari lotuta.
Ceutako adingabeak familiekin elkartzea defendatzen du Euskadik, banatu beharrean
Haur, Nerabe eta Familien zuzendariak esan duenez, Euskadik "ez du onartuko inposatutako, inprobisatutako edo bermerik gabeko deribaziorik", eta gogorarazi du EAEk dagoeneko bere ahalmenaren gainetik hartzen dituela adingabeak.