Legebiltzarrak legealdiko azken hiru legeak onartu ditu, eta gerturatu egin du hauteskunde deialdia
Eusko Legebiltzarrak legealdi honetako azken hiru legeak onartu ditu gaur osoko bilkuran: Haur eta Nerabeena, Lankidetzarako eta Elkartasunerakoa, eta pertsona transexualen eskubideak aitortzeko araudiaren erreforma. Hirurak babes handiarekin atera dira aurrera, Jaurlaritza osatzen duten bi taldeen baiezkoa ez ezik, gutxienez oposizioko talde batena ere izan dutelako. Hauteskunde usaina izan du bilkurak, eta Iñigo Urkullu lehendakariari bozen datari buruz galdetu zaio enegarrenez. Esan duenez, erabakita du, baina, oraingoan ere, ez du iragarri.
Haur eta Nerabeen Legea izan da eztabaidatzen eta onartzen lehena, eta Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak egin du horren defentsa. Bere hitzetan, "lege honek ez du parekorik Estatuan, iraultza dakar". Nabarmendu duenez, ganberan izan duen egunik "zoriontsuenetakoa" da gaurkoa, "lege ona" onartuko baitute, "adostasun zabalarekin" gainera. Adingabeak eskubidedun subjektu moduan aitortuko ditu araudiak, eta horien babesa izango da EAEko politika publikoen ardatz.
Araudia EAJren, EH Bilduren, PSE-EEren eta Elkarrekin Podemos-IUren aldeko botoekin (67) onartu dute. PPk (5) abstentziora jo du, eta Voxek kontra bozkatu du (1).
Taldeen hitzaldietan, Isabel Gonzalez (EAJ), Gloria Sanchez (PSE-EE), Oihana Etxebarrieta (EH Bildu) eta Eva Juez (EAJ) legebiltzarkideek legearen garrantzia goraipatu dute, eta "paradigma aldaketa" eta "aurrerapausoa" ekarriko dituela nabarmendu. Akordioa lortzeko lau taldeek egindako eginahalak azpimarratzeaz gain, haurren babeserako elkarteek egindako lana eskertu dute.
Bestalde, Laura Garrido PPko ordezkariak iragarri du taldea abstenitu egingo dela. Zuzenketa batzuk onartu dizkietela onartu badu ere, kritiko azaldu da legearekiko eta, besteak beste, Estatuko Indar eta Gorputzen aipamena kendu dela salatu du. Harago joan da Amaia Martinez (Vox). Horren aburuz, "legea ez da beharrezkoa, eta nahasmena sortzen du".
Lankidetzarako eta Elkartasunerako lege berria eztabaidatu eta bozkatu dute ondoren. Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua berriro igo da oholtzara, legearen nondik norakoak azaltzera. Araudiak izan duen "babes oso zabala" nabarmendu du Melgosak, eta euskal gizarteak zein gobernuz kanpoko elkarteek ezberdintasunen kontra eta giza eskubideen alde egindako apostua goretsi du. Zentzu horretan, gobernuz kanpoko erakundeak lankidetzaren "motorrak" direla azpimarratu du.
Bigarren lege hau ia aho batez onartu du Legebiltzarrak, izan ere, Voxek bakarrik egin du kontra.
Eztabaidan zehar, Markel Aranburu (EAJ) eta Miren Gallastegui (PSE-EE) legebiltzarkideek aldarrikatu dute aurrerantzean EAEko aurrekontuen % 0,7 politika horietara bideratu beharko dela.
Bestalde, Diana Urrea (EH Bildu) eta Iñigo Martinez Zaton (Elkarrekin Podemos-IU) euren hitzaldiak baliatu dituzte Gazako genozidioa eta Auzitegi Nazionalean Euskadi-Cuba elkartearen eta Cuba Informacion aldizkariaren arduradunen kontra egiten ari diren epaiketa salatzeko.
Carmelo Barrioren (PP) ahotan, luzea tradizio luzea du EAEko herritarrek elkartasunaren eta Saharako herriaren aldeko konpromisoak. Azkenik, Amaia Martinezek (Vox) bere kontrako botoa justifikatu du esanez Estatuko legea baino ez dutela babesten alderdi ultraeskuindarrak.
Ekairen omenez, azken legea
Azkenik, transexualitatearen legearen erreforma egun seinalatuan heldu da Legebiltzarrera. Izan ere, sei urte dira Ekai nerabe transexualak bere buruaz beste egin zuena, tratamendu hormonalaren zain zegoela. Naizen ume transexualen familien elkartea ganberan izan da, bilkura jarraitzen.
Arauaren erreforma EAJk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemosek sinatutako lege-proposamen gisa iritsi da Legebiltzarrera, eta eztabaidan EH Bilduren babesa ere jaso du. PPk kontra bozkatu du eta Voxek ez du bozketan parte hartu.
Legea onartu ondoren, Naizen, Errespetuz eta gainerako elkarteetako ordezkariek txalo zaparrada luze bat egin dute eta banderak erakutsi dituzte.
"Lege hau ez da inoren aurka onartzen, pertsonen alde baizik. Ez du inor ezabatzen, onartu egiten du, azpimarratu du Iñigo Iturrate EAJko legebiltzarkideak.
Ikoitz Arrese EH Bilduko legebiltzarkideak esan du araua "hobetu" daitekeela, baina "oso lege ona" dela, trans pertsonak "eskubide osoko pertsonak" bihurtzen dituelako.
Gloria Sanchez sozialistak gizartean zaurgarritasun egoeran dauden pertsonen aurkako "diskurtso publikoei" adi egoteko deia egin du.
Elkarrekin Podemos-IUtik, Miren Gorrotxategik esan due legeak kolektibo horri laguntzea espero duela, "haurtzaroaz eta gaztetasunaz lotsarik gabe eta harrotasunez goza dezaten".
Laura Garrido PPko legebiltzarkideak azpimarratu du bere taldea pertsonen eskubideak indartzearen alde dagoela, baina popularren ustez, arauak "segurtasun juridiko falta eta nahasmen handiagoa" ekarriko duela.
Hiru horiek onartuta, 59 dira guztira Eusko Legebiltzarrak legealdi honetan aurrera ateratako legeak. Onartutako legeen % 75 oposizioaren talderen baten babesarekin onetsi dute. Bada, dena den, hurrengo legegintzaldirako geratuko den araudirik: Gardentasunaren lege egitasmoaren izapidetzea hilabete hasieran abiatu zuen ganberak, eta ia ziurra da ez dela hura onartzeko astirik izango.
Zure interesekoa izan daiteke
Espainiako Gobernuak baztertu egin du adostasunik ez duten neurriak krisiaren aurkako planean sartzea
Alokairuko etxebizitzetan bizi direnei nolabaiteko babesa emateko neurriak negoziatzen ari dira oraindik. Dekretua ostiralean onartuko dute Ministroen Kontseiluan eta datorren astean bozkatu Kongresuan.
Bengoetxea: "Euskara defendatzea batzea da, ez baztertzea"
Korrikaren inguruan sortutako polemikaren harira, Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak esan du Korrika beti izan dela "euskararen inguruko topagune sozial handia", eta "garrantzitsua" dela "batzen duen espazioa izaten jarraitzea". "Ez da harresi edo lubaki gehiagorik behar. Euskarak zubiak behar ditu", adierazi du.
Etchegarayk ez dio sinesgarritasunik eman Baionan eratu duten ezkerreko aliantzari
Azken 12 urteotan Baionako alkate izan denak hautesle abertzaleei gogorarazi die Etcheto sozialista jakobinoak Euskal Hirigune Elkargoa sortzearen aurka egin zuela.
PSE-EEk ez du Korrikan parte hartuko "CCOOri jarritako betoagatik"
Alderdi sozialistak ohar batean kritikatu duenez, "CCOOren ordezkaritza baztertzea euskarak merezi ez duen intolerantzia adierazpen bat da".
Ezkerreko alderdiek akordioa itxi dute Baionan eta Biarritzen, bigarren itzulira elkarrekin aurkezteko
Lapurdiko hiriburuan, Jean-Claude Iriart abertzalea izango da ezkerreko aliantzaren zerrendaburu, eta helburua da Jean-Rene Etchegaray orain arteko auzapeza kargutik kentzea. Elgarrekin Baionarentzat izena hartuko du zerrenda berriak.
Negoziazioak ezker-eskuin, auzapezak erabaki gabe geratu diren 11 udalerrietan
Baionan, Biarritzen, Hendaian, Kanbon eta beste zazpi udalerritan datorren igandean erabakiko da nork gidatuko duen herriko etxea datozen sei urteotan. Bihar arratsaldeko 18:00ak arteko epea dute zerrendak bateratzeko, hala erabakitzen duten kasuetan.
Abascalek PPri eskatu dio Vox sar dezala Gaztela eta Leongo gobernuan, koalizioa osatzeko
Karguez hitz egin baino lehen neurriak eta bermeak dituen programa bat negoziatzea proposatu du Voxeko buruzagiak, eta PPk presioa egin du Extremaduran eta Aragoin ere akordioak lortzeko.
EAJk eskatu du elektrizitatearen gaineko zerga jaistea eta hainbat sektoretan erregaiaren prezioan hobariak ezartzea
Maribel Vaquero EAJk Kongresuan duen bozeramaileak azaldu duenez, Ekialde Hurbileko gerrak eragindako ondorio ekonomikoei aurre egiteko 31 neurri jasotzen dituen proposamena bidali dio talde jeltzaleak Pedro Sanchez buru duen koalizio gobernuari.
Ubarretxenak iragarri du "akordio garrantzitsuak" izan direla aireportuen eskumenari dagokionez
Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile eta Gobernantza eta Autogobernu sailburuak azaldu duenez, gaur sinatutako akordioak transferentziaren dokumentuan jasotzen badira, "akordioa gertu egon daiteke".
Espainiako Gobernuak aste honetan aurkeztuko ditu energiaren prezioen igoeraren aurkako neurriak
Aegesen ministroak aurreratu duenez, "erantzun integralerako plana" da eta "eragile sozialekin eta talde parlamentarioen proposamenekin" ari dira lanean; hala ere, ez du zehaztu noiz aurkeztuko duten Iraneko gerrak energiaren prezioetan izan duen eragina arintzeko ekimena.