Bakartxo Tejeria aukeratu dute berriro Legebiltzarreko presidente
Ezusterik gabe eta aurpegi berri ugarirekin. Hala laburbildu daiteke gaur Eusko Legebiltzarra eratzeko bilkura, XIII. legegintzaldiari hasiera eman diona. Espero bezala, Bakartxo Tejeria (EAJ) aukeratu dute Ganberako presidente; laugarrenez izango da jeltzalea karguan, beste inork baino luzeagoan.
Tejeria gehiengo osoz hautatu dute (39 boto), EAJk eta PSE-EEk Eusko Legebiltzarreko Mahaian gehiengoa bermatzeko egindako itun bati esker. Hori horrela, Susana Corcuera sozialista aukeratu dute presidenteorde lehena, eta Ion Aiartza (EAJ), lehen idazkari.
EH Bilduren esku geratu dira beste bi postuak: Eba Blanco, bigarren presidenteorde izango da, eta Eraitz Saez de Egilaz, bigarren idazkari. Horrenbestez, Mahaitik kanpo geratu dira PP, Sumar eta Vox.
Hautatua izan ostean egindako lehen hitzaldian, abiatu berri den legegintzaldian "akordio zabalak" lortzeko deia egin du Tejeriak, "zenbat eta zabalagoak orduan eta hobe", erantsi du. "Indibidualismoa eta populismoa hedatzen ari diren garai honetan, guztion ongiaren defentsa interes pertsonal eta alderdikoien gainetik jarri behar da inoiz baino gehiago. Eta horretarako, elkarrizketa eta akordioa ezinbestekoak dira", azpimarratu du.
Autogobernuaren auzia ere hizpide hartu du buruzagi jeltzaleak. Horren hitzetan, "gure autogobernua eguneratu behar dugu, eta Estatuarekiko harreman-estatus berria
gauzatu".
Horretarako, nabarmendu duenez, "ezinbestekoa da Estatuaren lurralde-ereduari buruzko eztabaidari sakonean ekitea, eredu horren izaera plurinazionala benetan aitortzea eta egungo autogobernua eguneratu eta zabaltzea. Estatuarekin akordio bat lortu behar da, Euskadiko Legebiltzarraren gehiengoaren eskaerei erantzuteko".
Bina postu EAJrentzat eta EH Bildurentzat, eta bat PSE-EErentzat
Saioa, ordu eta erdikoa, 75 hautetsiak deituta abiatu da. Akreditazio ordenaren arabera, euren lekuak hartu dituzte. Behin izapide hori beteta, Adineko Mahaia eratu da, berari dagokio saioa eta hiru bozketak gidatzea.
Presidente hautatzekoa izan da lehena, eta Tejeriak ez du aurkaririk izan, ezta aukeratua izateko zailtasunik ere. Gehiengo osoaren babesa eskuratu du jeltzaleak, EAJk eta PSE-EEk adostu dituzten beste mahaikideek bezala (Susana Corcuera eta Ion Aiartza). EH Bilduk Eba Blanco eta Eraitz Saez de Egilaz bere hautagaien alde egin du.
Buruzagi politikoak gonbidatu, eta "aurpegi berriak" eserlekuetan
Iñigo Urkullu jarduneko lehendakariak eta Eusko Jaurlaritzako gainerako sailburuek euren jarlekuetatik jarraitu dute saioa.
Gonbidatuen tribunatik, aurpegi ezagun ugari ikusi ahal izan dira. Hala nola, Juan Mari Atutxa Barne sailburu izandakoa, Ramiro Gonzalez eta Eider Mendoza Arabako eta Gipuzkoako ahaldun nagusiak, Unaia Hualde Nafarroako Parlamentuko presidentea, Andoni Ortuzar EAJko burua edo Alba Garcia Sumarreko zerrendaburu izandakoa.
Legebiltzar eraberritua da gaur osatu dena. Izan ere, ordezkarien ia erdiak, 36, berriak dira. EH Bilduko 27 kideetatik 14 berriak izango dira, eta EAJko 27etatik 11k ere debuta egingo dute ganberan. Joseba Diez Antxustegik (EAJ), esaterako, estreinakoz arituko da Legebiltzarrean, bozeramaile lanetan, gainera. Beste erakunde batzuetan eskarmentua badu ere, Denis Itxaso sozialistarentzat ere lehen aldia da Gasteizko ganberan. Bestelakoa da Javier de Andres EAEko PPko presidentearen kasua: 2016an legebiltzarkide izan zen, baina ordutik ez da ganberan izan.
Aurreko legegintzaldian bezala, XIII. honek emakumezko aurpegia du: 39 emakume eta 36 gizonezko eseriko dira hemizikloan. Mahaian ere gehiengoa dute andrazkoek: lau emakumek eta gizon bakarrak osatzen dute erakundea.
Ostegunean egingo dute legegintzaldiko bigarren osoko bilkura. Gai ordenean puntu bakarra izango du saioak: Bateraezintasun Batzordea osatzea. Erakunde horrek bere irizpena emango du maiatzaren 23an egingo duten beste bilkura batean.
Hain justu, bilkura horretan jakinaraziko du Bakartxo Tejeria presidenteak noiz izango den lehendakaria inbestitzeko bilkura. Ziurrena ekaina erdialdean izango da, Europako hauteskundeen ostetik.
Zure interesekoa izan daiteke
Madrilgo Ramon y Cajal Ospitalean itxaron-zerrendak manipulatu dituztela salatu dute
'El País' egunkariak argitaratu duenez, ebakuntzen itxaron-zerrendan zeuden herritarren lehentasuna aldatzea agindu zuten ospitaleko bi arduradunek, zirujaurekin hitz egin gabe.
Puigdemonten amnistia eskariari ezezkoa eman dio berriz Llarena epaileak, eta Konstituzionalaren erabakiaren zain geratu da
Goreneko epailearen ustez, Europar Batasuneko Justizia Auzitegi Nagusiak eman zuen epaiak ez du aldatzen politikari katalana Amnistia Legetik kanpo uzteko Llarenak berak finkatutako lehenengo arrazoiaren oinarria.
Egian migratzaile bati egindako erasoa gaitzetsi du Insaustik eta "motibazio arrazista" dagoen ikertzen ari direla esan du
Jon Insausti Donostiako alkateak gaur azpimarratu duenez, larria da pasa den astean Egia auzoan migratzaile bati egin zioten erasoa, eta gorrotoak hirian lekurik ez duela berretsi du. Biktima gizarte zerbitzuen sistemaren baitan zegoen, eta gaueko zerbitzuen eta "Otorduak" programaren erabiltzailea da.
Aburtok akordioak defendatu ditu eta "politika onaren alde" egin du
Juan Mari Aburto Bilboko alkateak elkarrizketan, akordioetan, zerbitzu publikoan eta bizikidetzan oinarritutako politika aldarrikatu du, Udalaren Egoerari buruzko azken osoko bilkuran.
Ubarretxenak azpimarratu du ez dela aldebiko batzordea elkartuko akordio garrantzitsurik lortu ezean
Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak gobernu bileraren osteko prentsaurrekoan nabarmendu duenez, Jaurlaritzak "ez du amore emango", baina akordioak lortu ahal izateko "beste aldeak borondate politikoa erakutsi behar du".
Chivitek hauteskunde kutsua ikusi dio Geroa Bairi, Belateko lanen bileratik "sartu baino kezkatuago" atera zela esan ostean
Ezustean eta harriduraz hartu ditu Nafarroako presidenteak Geroa Baik atzoko bileraren ostean egindako adierazpenak. Izan ere, Gobernuko bazkideek Belateko tunelen egoera aztertzeko bart egindako bileraren ostean, Pablo Azcona bozeramaileak "sartu baino kezkatuago" atera zela esan zuen. Azpiegituraren etorkizunari buruz esan du "oraindik ez dagoela ezer itxita".
Anduezak "seriotasuna" eta "diskrezioa" eskatu ditu Estatutu berriaren negoziazioan, "pazientziak muga bat duelako"
Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak pazientzia galtzeko arriskua dagoela ohartarazi die EAJ eta EH Bilduri. Ildo horretan, lehia eta ika-mikak alde batera uzteko eskatu die biei.
Aburtok Bilbon egindako ibilbidea aldarrikatu du, eta akordioetan oinarritutako politika defendatu: "Denak ez du balio"
Alkateak hiru agintaldien balantzea egin du, eta elkarrizketan, elkarbizitzan eta herritarren zerbitzura jardutean oinarritutako politika aldarrikatu du. "Pertsona ona izan nintzela gogoan izatea gustatuko litzaidake», esan du.
Albiste izango dira: lehendakariaren bilera Confebaskekin, Adimen Artifizialaren moteltzea eta Zinemaldia ate joka
Gaurkoan Orain-en albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
Ertzaintzak ikerketa abiatu du gazte batzuek Felipe VI .a erregearen irudi bati burua moztu ziotela eta
Gertakariak igandean jazo ziren, Ernaik faxismoaren kontra deitutako martxan. Donostiako alkateak eta Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak ekintzok gaitzetsi dituzte.