Transferentzien Batzordea, azken orduan akordioa lortzeko zain
Transferentzien Batzorde Mistoa bihar da biltzekoa. Aurretik, transferentzien eskualdaketa sinatzeko "beharrezko bermeak" betetzen ote diren aztertuko dute lehendakariak eta sailburuak. EITBk jakin duenez, "akordio batera iristeko etengabeko harremanak" izaten ari dira, eta "aurrerapausoak" eman dira.
EITBk jakin duenez, Imanol Pradales lehendakariak eta Maria Ubarretxena Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuak datozen orduetan erabakiko dute Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritza bihar biltzekoa den Tranferentzien Batzorde Mistora joango den ala ez. Lehendakariak eta sailburuak bilera egingo dute transferentziak "behar bezalako bermeekin" gauzatzeko baldintzak betetzen diren aztertzeko.
Eusko Jaurlaritzako iturriek EITBri baieztatu diotenez, egunotan etengabeko harremanak izaten ari dira bi aldeak, "akordio batera iristen saiatzeko". Helburua "eskualdaketak ostiral honetan sinatzea" da eta "erlojupean" lanean ari dira "proposamenak trukatzen". Horrez gainera, elkarren jarrerak gerturatzea lortu dutela aitortu dute.
Pradalesek eta Ubarretxenak izango duten batzarrera "akordioaren zirriborro" batekin iristea espero dute, erabaki bat hartu ahal izateko.
Hasiera batean, bi aldeek abenduaren 29rako ezarri zuten Batzorde Mistoa biltzeko data, baina atzeratu egin behar izan zuten, uztailean lortutako akordio politikoak "osorik eta leialki gauzatuko zirela ziurtatzeko bermerik ez zegoelako". Desadostasun nagusiak Gizarte Segurantzaren alorrean zeuden.
Azken aste honetan zehar, hitzartutako bost transferentziak gauzatzeko zailtasunei buruz ohartarazi dute Eusko Jaurlaritzako EAJren sailburuek. Horrela, Ubarretxena sailburuak berak Batzordea Mistoaren bilera "kolokan" zegoela ohartarazi zuen, eta Ibone Bengoetxea lehendakariordeak egoera "kezkagarritzat" jo zuen.
Egoera horretan, asteazken honetan Aitor Estebanek ohartarazi duenez, EAJren "jarrera aldatu" egingo da, Sanchezek "sinatuta eta adostuta dagoena" betetzen ez badu.
Hala ere, bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburu Mikel Torres sozialistak uste du akordioa gaur bertan itxi ahal izango dela, arratsaldeko azken orduan, eta ostiralean batzarra egiteko moduan izango direla. Bere ustez, Sanchezen eta EAJren arteko harremana ona da oraindik.
Zure interesekoa izan daiteke
Zenbat kobratuko dut hauteskunde-mahai batean parte hartu behar baldin badut?
Behin-behinean espetxera bidali ditu epaileak terrorismo delitua egotzita Irunen atxilotutako bi lagunak
EAJren oinarriek asteazkenetik aurrera bozkatuko dituzte Batzar Nagusietarako hautagaitzak, Mendoza, Bengoetxea eta Gonzalez ahaldun nagusigai direla
Hondamendi eremu izendapena iragarri du Sanchezek Valentzian eta “herrialde mailako akordioa” eskatu du etorkizuneko larrialdietarako
Bizikidetzarako bidera batzeko deia egin die Jaurlaritzak "zor morala" dutenei
Anduezak ez du uste Irungo atxiloketen atzean "Euskadira indarkeria itzultzeko hazia" dagoenik