Hildako bat eta hamar positibo gehiago zenbatu dituzte Euskadin azken orduetan
Koronabirusak eragindako pandemiaren ondorioz, pertsona bat hil da Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) azken 24 orduetan; beraz, 1.602 hildako zenbatu dituzte jada. Horrez gain, hamar kasu berri baieztatu dira PCR proben bidez, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ostegun honetan emandako datuen arabera (asteazkeneko 24:00ak arte bildutakoak).
EAEko egoera epidemiologikoa eguneratzeko goizean egindako agerraldian, Euskadin egoera "ona" dela eta lurraldea "normaltasun berria hasteko prest" dagoela esan du Nekane Murga Osasun sailburuak, baina "norbanakoaren eta taldearen babeserako prebentzio neurriekin konpromisoa" eskatu du. "Gure esku dago egoera kontrolpean izatea", azpimarratu du Murgak.
"Zaintza aktiboa eta detekzio goiztiarra dira gure indargune nagusietako bi, eta hala erakutsi dugu", nabarmendu du Murgak, euskal osasun zerbitzu publikoaren arreta txalotuz. "Kontrol ahalmen horri esker, kasu berriak isolatu ahal izan ditugu, baina joera positibo horri eusteko, herritarren laguntza behar da", erantsi du.
Halaber, Txagorritxuko Ospitalean (Gasteiz) eta Basurtuko Ospitalean (Bilbo) atzemandako bi fokuei dagokienez, "egoera guztiz kontrolpean" dagoela jakinarazi du sailburuak. Horren harira, Basurtun beste kasu bat atzeman dute azken orduetan; Txagorritxun, berriz, ez dute positiborik baieztatu. Beraz, egun 44 pertsona daude kutsatuta Basurtun, eta guztira 15 kutsatu dira Txagorritxun.
Hala, joera positibo horrekin jarraitzeko, "herritarrei ardura" eskatu die Murgak: "Normaltasun berri honetan higiene eta babes indibidualeko neurriak funtsezkoak dira. Zenbat eta mugikortasun gehiago izan, orduan eta garrantzitsuagoa da maskarak erabiltzea eta prebentzio neurriak mantentzea. Ez dago neurri horiek betetzea baino ekintza solidario eta arduratsuagorik, ez baitugu ahaztu behar birusarekin bizitzen jarraitzen dugula".
Osasun Sailak 52 heriotza jakinarazi ditu azken astean
Osasun Ministerioak jakinarazi duenez, 52 pertsona hil dira COVID-19aren ondorioz azken astean, eta ez du beste heriotzarik gehitu atzotik; beraz, guztira 27.136 dira, eta datu hori izoztuta dago hainbat astez, erkidegoek heriotza data noiz eguneratu zain.
52 hildakoetatik bat Andaluzian izan da, bat Aragoin, bat Asturiasen, bi Gaztela-Mantxan, 13 Gaztela eta Leonen, hiru Katalunian, hiru Valentzian, 25 Madrilen eta hiru Euskadin.
Bestalde, 143 positibo berri atzeman dituzte, asteazken honetan jakinarazitakoak baino bi gehiago, pandemia hasi zenetik 245.268 kutsatu baitira. Azken 14 egunetan, gaixotasunaren sintomak hasi dituzten 701 pertsona zenbatu dituzte, 143 azken astean.