Hildako bat eta 58 kasu gehiago zenbatu dituzte EAEn azken orduetan
58 positibo atzeman dituzte azken 24 orduetan EAEn PCR proben bidez. Kasu berrietako 31 Gipuzkoan atzeman dituzte (oso zabalduta daude kasuak), 20 Bizkaian eta bost Araban. Horrez gain, EAEtik kanpo bizi diren bi pertsonak positibo eman dute azken orduetan.
Gainera, 21 kasu atzeman dituzte test azkarren bidez (proba horiek pertsona batek hartutako immunitatea edo sortutako antigorputzak neurtzen dituzte, eta iraganeko infekzio bat adieraz dezakete).
Azken orduetan pertsona bat hil da COVID-19aren eraginez; beraz, 1.623 dira jada pandemia hasi zenetik hil direnak.
Guztira, 4.795 proba egin dituzte azken orduetan (4.425 PCR eta 390 test azkar), eta positiboak atzeman dituzte herri hauetan:
Gipuzkoan: Aizarnazabal (bi), Deba (bat), Donostia (sei), Eibar (lau), Elgoibar (bi), Eskoriatza (bat), Lizartza (bat), Pasaia (hiru), Soraluze (bat), Tolosa (sei) eta Zarautz (lau).
Bizkaian: Abadiño (bat), Arrigorriaga (hiru), Barakaldo (bi), Basauri (bat), Berango (bi), Bermeo (bat), Bilbo (hiru), Ermua (bat), Getxo (bost) eta Zaldibar (bat).
Araban: Urkabustaiz (bat) eta Gasteiz (lau).
Koronabirusa atzemateko proban aurretik positibo emandako 13 pertsonak negatibo eman zuten atzo, eta lau pertsonak alta jaso zuten ospitalean.
1,54 da gaurko R0 indizea (atzo 1,48 zen).
Ospitaleetako egoerari dagokionez, egun lau pertsona daude ZIUn ospitaleratuta, Osasun Sailak eguneroko prentsaurrekoan emandako datuen arabera.
Gaixotasuna gainditu duten herritarrei dagokienez, aurretik positibo eman duten 14.162 gaixok eman dute negatibo jada, eta 4.394 pertsonak jaso dute ospitaleko alta.
Pandemiaren bilakaerari buruzko balorazioa
Bestalde, azken egunetan lagun taldeetan eta aisialdi-guneetan atzeman dituzten kasuekin kezkatuta agertu da gaur Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua, eta kezka handiena sortu dutenak "gazteen arteko agerraldiak" direla onartu du, "haien ohitura sozialengatik eta mugikortasunagatik". Ostegun honetan Radio Euskadiko Boulevard albistegian egindako elkarrizketan ohartarazi duenez, "kontrolatzen zailak izan daitezke".
Murgaren esanetan, kutsatutako pertsonen kopurua maiatzean zenbatu zirenen antzekoa bada ere, egoera bestelakoa da orain. Hala, koronabirusarekin bateragarriak diren sintomak dituzten herritarrei eta horien kontaktu estuei egiten zaizkien PCR probei esker kasuak arinago atzeman daitezkeela azaldu du. Ildo horretatik, honakoa ez dela bigarren bolada bat azpimarratu du, gaur egun indarrean dagoen kontrol-sistema "eraginkorra" baita.
Maskara derrigor erabiltzeko aginduari dagokionez, "beti" jarri behar dela gogorarazi du Murgak, eta zalantza izatekotan ere maskara jartzea gomendatu du. Horrez gain, birusa oraindik gure artean dagoela ohartarazi du Osasun sailburuak, eta, "egoera kontrolpean" badago ere, arduraz jokatzeko deia egin du. Hala, herritarrei maskara jartzeko ahalegina egiteko eskatu die.
Une honetan kezka handiena eragiten duen agerraldietako bat Tolosan atzemandakoa da, dagoeneko 22 kutsatu baitaude. Ildo horretatik, ostegun honetan, gaitza atzemateko 800 eta 1.000 PCR proba artean egingo dituzte Beotibar pilotalekuan. Horretarako, hitzordua eskatu behar da osasun zentroan (943 00 68 00).
Datu horien aurrean, Ordiziako ostalaritza-establezimenduetan ezarri zituzten neurri murriztaileak Zarautzera, Tolosara eta Eibarrera zabaltzea erabaki du ostegun honetan Osasun Sailak. Neurri horiek bihartik aurrera (ostirala) egongo dira indarrean, eta maskarak derrigor erabiltzeari dagokionez hartutakoen osagarri dira.
Herri horietan, ostalaritza-establezimenduen edukiera % 50era mugatu dute, barran kontsumitzea debekatu dute, eta establezimenduek, gehienez ere, 23:30ean itxi beharko dute. Txokoei eta elkarte gastronomikoei ere aplikatuko zaie neurria. Gainera, jaiak, berbenak eta ekitaldi herrikoiak bertan behera utziko dituzte.
Bestalde, Zarautzen uztailaren 8an eta 12an egindako ikasturtearen amaierako ospakizunetan parte hartu zuten herritarrei etxean geratzeko eskatu diete Osasun Sailak eta Osakidetzak, baita arriskuko pertsonekin kontakturik ez izateko eta osasun-zentroarekin harremanetan jartzeko (PCR proba egiteko) ere.
22 positibo eta agerraldi berri bat Nafarroan
Bestalde, Nafarroan 22 kasu gehiago baieztatu dituzte azken orduetan. Horietako bi Iruñerrian atzemandako agerraldi berri bati lotuta daude; orain arte, lau kasurekin.
Horrez gain, uztailaren 8tik 15era Zarauzko Talai-Mendi kanpinean ostatu hartu zuten nafarrei PCR probak egingo dizkie Nafarroako Gobernuak. Horretarako, Osasun Departamentuarekin kontaktuan jartzeko eskatu die (646 513 629 telefonora deituz). Prebentzio-neurri gisa, proba egiteko hitzordua eskatzen duten herritar guztiek etxean isolatuta egotea gomendatzen da, emaitza ezagutu arte (gutxi gorabehera 24 orduz).
Iruñerrian aurretik ezagutzen zen agerraldiari dagokionez, atzo beste positibo bat atzeman zuten; beraz, 13 kasu dira guztira. Bestalde, uztailaren 6ko bazkariaren eta Tuterako ezkontzaren agerraldietan ez da aldaketarik izan (24 eta 37 positibo atzeman dituzte, hurrenez hurren). Sunbillako agerraldian ere, ez da kasu gehiago atzeman azken 16 egunetan (21 kasu dira guztira).
Ospitaleko egoerari dagokionez, atzo gaixo bat ospitaleratu zuten Tuterako Reina Sofia Ospitalean, COVID-19a dela eta. Egun, 11 gaixo daude ospitalean, horietako bat zainketa intentsiboetako unitatean.
Osasun Sailak jakinarazi du egunotako kasu berri gehienak "aisialdiko eta kontaktu sozialeko egoeretan dauden gazte eta kuadrillen artean" atzeman direla, eta, horregatik, gaur egun indarrean dauden prebentzio eta babes neurriak jarraitzeko eskatu du (segurtasun-distantzia zaintzea, maskara erabiltzea eta eskuen higienea indartzea). Azkenik, gazteei bereziki gogorarazi die zaindu egin behar direla "elkartasunagatik, konpromisoagatik eta sen onagatik".
Zure interesekoa izan daiteke
Guardia zibil batek bikotekide ohia hil du Llanesen, hura ere agentea
Hilketaren ondoren, ihes egiten saiatu da erasotzailea, eta ahalegin horretan, inguruan zeuden beste agente batzuk tiroka erantzun diote. Bertan zendu da.
Lizarran hildako gizonaren bikotekide ohiak azaldu du indarkeria fisikoa eta psikologikoko pairatu zituela hainbat urtez
Gizona balkoi batetik erorita hil zen, Poliziarengandik ihesi zihoala, azken horiek indarkeria matxistagatik abisua jaso ondoren.
Donostiako Udalak eraso sexisten aurkako Aste Nagusirako kanpaina aktibatu du: puntu morea Boulevardean egongo da
Ane Oyarbide Berdintasun zinegotziak adierazi duenez, "elkarbizitza, errespetu eta askatasun gunea izan behar du Aste Nagusiak, pertsona guztientzat".
Uharteko parrokoak barkamena eskatu eta sareak utzi ditu
Ohar baten bidez argitu duenez, Iruñeko eta Tuterako elizbarrutia ez dago ados Javier Aizpunek zabaldutako mezuekin, eta aita santuaren hitzak aipatuta, "giza duintasunak pasaporterik ez" duela esan du.
Zuzenean: Abordatze Pirata
Donostiako Piraten esku izaten da hiriaren abordaia, Gipuzkoako hiriburuko kaitik irten eta Kontxako hondartzan lehorreratuz. Ekitaldiaren emanaldia 16:25ean hasiko da.
Zuzenean: Artillerok hasiera emango dio 2026ko Donostiako Aste Nagusiari
Kanoikadak Donostiako Aste Nagusiari hasiera emango dio. "Artillero 2026", zuzenean 18:00etatik aurrera.
Trumpek presioa egin dio Irani; Teheran eta Oman, ordea, Ormuzko itsasartea irekitzeko negoziatzen ari dira
Iranek ziurtatu duenez, Omanekin itsas pasabide estrategikoan nabigazio mekanismo berri bat ezartzeko elkarrizketak modu positiboan ari dira aurrera egiten. AEBk berriro irekitzea eskatu du, eta Donald Trumpek mehatxu egin du akordorik lortu ezean Teheranen aurka eraso egingo duela.
Bi ibilgailuren arteko talkak auto-ilarak sortu ditu Galdakaon AP-8 autobidean, Donostiarako noranzkoan
Ibilgailuetako bat errepidetik atera da, eta bestea bidean iraulita geratu da. Istripuaren ondorioz, bi errei itxita egon dira.
Donostiako hiru hondartzetan bainatzea debekatu dute, karabela portugesak agertu direlako
Donostiako hiru hondartzetan bainatzea debekatu dute, eta Getarian eta Zarautzen ere ale handiak iritsi direla ohartarazi dute. Saturraranen, Mutrikun, bainuzale bat anbulantizan eraman dute, karabela portugesek ziztatu egin dutelako.
Gasteizko jaietako egun handia, blusa eta nesken kalejira berriarekin, teknikarien grebak baldintzatuta
Goizean, blusen eta nesken kuadrillek lore eskaintza egin diote Andre Maria Zuriari eta haren aldeko aurreskua dantzatu dute, eta arratsaldean kalejira egin dute, ibilbide berria estreinatuta. Ikuskizunetako teknikarien grebak La pasión infinita lanaren funtzioa bertan behera uztera behartu du.