Belzten ari da pandemia Hego Euskal Herrian: 1.710 kasu atzeman dituzte 24 ordutan
1.012 COVID-19 kasu positibo berri atzeman dituzte larunbat honetan Euskal Autonomia Erkidegoan, hau da, aurreko egunean baino 200 gutxiago. Hala ere, 2.800 proba gutxiago ere egin dituzte. Hala, positibotasun tasa % 9,1era igo da.
Osasun Sailak jakitera eman dituen datuen arabera, larunbatean 11.088 proba egin ziren PCR eta antigenoen artean (aurreko egunean 13.895), eta egindako probekin alderatuta, positiboen ehunekoa % 8,72tik % 9,1era igo da.
Gipuzkoa da kutsatze berri gehien izan dituen lurraldea: 459, aurreko eguneko 620 positiboen azpitik. Bizkaian 443 positibo berri antzeman dituzte, aurreko eguneko 452ak baino gutxiago eta Araban 99, aurreko eguneko 136en azpitik. Beste 11 kasu Euskaditik kanpo bizi diren pertsonei dagozkie.
EAEko ospitaleetan 36 pertsona ospitaleratu dituzte plantan azken 24 orduetan, aurreko egunean baino 25 gutxiago, eta 74 gaixo ZIUn daude COVID-a dela eta, hiru gehiago.
Herrietako datuak ez dituzte astelehenera arte eguneratuko.
Nafarroako Foru Erkidegoan 698 COVID-19 kasu berri atzeman dituzte larunbat honetan, inoiz izan den positibo kopururik handiena. Izan ere, gertu izan arren, orain arte sekula ez ziren egun bakarrean 600 kasu baino gehiago atzeman.
Nafarroako Gobernuko Osasun Sailetik jakitera eman dutenez, 3.332 proba egin zituzten atzo, PCR eta antigeno testen artean, aurreko egunean baino 500 gutxiago, baina positibotasun tasa % 20,9ra igo da, inoiz ikusi ez den mailara.
Atzo, Nafarroako ospitaleetan 22 lagun ospitaleratu zituzten, horietako bi ZIUn. Halaber, 74 urteko gizon eta emakume bana hil ziren COVID-19aren ondorioz. Beraz, pandemia hasi zenetik 674 pertsona hil dira jada Nafarroan.
Eremuka, Iruñean eta eskualdean atzeman zituzten kasuen % 57, Tutera inguruan % 18, eta Lizarraldean % 7. Gainerako positiboak ( % 18) Nafarroako beste eremu batzuetan banatuta daude.
Adin banaketari dagokionez, positibo berri gehienak 45 eta 59 urte artekoak izan dira (% 24). Jarraian, 15-29 urtekoak daude (% 23); ondoren, 30-44 urtekoak (% 17); 15 urtetik beherakoak (% 16); 60 eta 75 urte bitartekoak (% 14); eta, azkenik, 75 urtetik gorakoak (% 6).
Gaur egun 389 pertsona daude ospitaleratuta COVID-19arekin (atzo baino 22 gehiago), horietako 44 ZIUan (atzo baino hiru gehiago).
Bizkaiak probak egingo dizkie 15 egoitzatako langile eta bisitariei
Bizkaiko Foru Aldundiak "prebentziozko baheketa" egingo du datorren astean Galdakaoko, Arrigorriagako, Ugao-Miraballesko eta Urduñako adinekoentzako eta desgaitasuna duten pertsonentzako 15 zentro soziosanitariotan, eta PCR probak egingo dizkiete zentro horietako langileei eta bisitariei. Azken bi egunetan jaitsi egin da COVID-19ak jota daudenen kopurua zaharren egoitzetan.
Aldundiak ohar baten bidez jakinarazi duenez, azken orduetan COVID-19arekin ez da zentro horietako erabiltzailerik hil. Joan den ostiralean jakinarazi zituzten azken hiru heriotzak, eta, ondorioz, 79 adineko hil dira zentro horietan pandemiaren bigarren boladan.
Azken bi egunetan 58ra jaitsi da (7 gutxiago) COVID-19arekin dauden erabiltzaileen kopurua. 12 erabiltzaile daude ospitaleratuta, hau da, Aldundiaren aurreko txostenean baino 2 gehiago.
Positibo eman duten egoitzetako langileen kopuruak ere gora egin du: 82 dira orain (duela bi egun baino 2 gehiago), eta koronabirusaren baieztapenik gabeko isolamenduko langileak 60 dira (beste 2 gehiago).
Sei zentrotan daude positiboak: Aitzea-Gamiz-Fika (20), Leioa-IFAS (18), Aspaldiko-Portugalete (14), Zorrozgoiti-Bilbo (3), Anai Cantero II-Bilbo (2) eta Anai Cantero III-Bilbo (1).
Gainera, Birjinetxeko unitate soziosanitarioan 56 gaixo daude (duela bi egun baino 1 gehiago). Horietatik 39 egoutza sarearen erabiltzaileak dira, eta beste 17ak, berriz, zaurgarritasun-egoeran daude eta berrogeialdia egiten ari dira ospitaleratu ondoren.
Beste heriotza batekin 35ra igo da biktima kopurua Gipuzkoan
Pertsona bat hil da azken orduotan Donostiako Berra zentroan, koronabirusaren pandemiaren bigarren olatuan Gipuzkoako egoitza sarean hil den 35.a.
Gipuzkoako Foru Aldundiak igande honetan jakitera eman duenez, erabiltzaile batek gaixotasuna gainditu du Hernaniko Maria Magdalena egoitzan, eta ostiraletik aurrera lurraldeko egoitza-sarean kasu positiborik ez da izan.
Gaur egun, Gipuzkoako egoitzetako erabiltzaileen artean 71 kasu positibo daude COVID-19arekin, eta zortzi egoitzatan banatzen dira: Hernaniko Santa Maria Magdalena (1), Bergarako Mizpirualde (4), Zumarragako Argixao (10) eta Donostiako Alai-Etxe (26), La Paz (1), Berra (8) eta Lamourous (20).
Guztira, zazpi pertsonak behar dute ospitale-arreta, eta beste 49 erreferentziazko bi zentroetara bideratu dituzte: Eibarko Ospitaleko gizarte-zentrora eta Ordiziako San Josera.
Bigarren olatuaren lehen positiboak zenbatu zituztenetik, abuztuaren 11tik, 35 pertsona hil dira eta 83k gainditu dute gaixotasuna.
Zure interesekoa izan daiteke
Luciaren amesgaiztoa: pisu "perfektua" alokatu, eta hiru egunen buruan, maula baten biktima dela konturatu
Bi seme-alaba dituen venezuelar batek 2.000 euro ordaindu ditu Deustun alokairuzko etxebizitza bategatik, baina etxea apartamentu turistiko bat da berez. Iruzurgileak gutxienez beste zortzi pertsonari alokatu die, tartean Luciari berari. Biktima horrekin mintzatu da EITB.
Zeledon Txikik eta Edurnek giro aparta sortu dute Andre Maria Zuriaren plazan, Txikien Egunean
Ekain Gonzalez eta Haizea Lauzurica izan dira Zeledon Txikiren eta Edurneren jaitsieraren protagonistak, Gasteizko jaietako haurrek gehien espero duten ekitaldietako batean.
Kerman Villateren familiak gezurtatu egin du Gasteizko Udalak barne ikerketa egin izana
Gasteizko Mitika diskotekako atezain baten kolpe baten ondorioz hildako gaztearen familiak Maider Etxebarria alkatearen adierazpenei erantzun die, eta esan du Udalak ez duela inoiz ikerketa bat egin gertatutakoa argitzeko. Gainera, eskatutako dokumentazioa emateko eta justiziarekin elkarlanean aritzeko eskatu diote Udalari.
Ander Zubillagak omenaldia egin die Biescasko biktimei tragediaren 30. urteurrenean
Uholde batek Biescasko Las Nieves kanpina suntsitu zuen 1996ko abuztuaren 7an, Arasko sakanean bat-bateko ur-goraldi bat izan ondoren. 87 pertsona hil eta 187 zauritu ziren. Ander Zubillaga gitarrista tolosarrak 6 urte eskasekin bizi izan zuen tragedia hura.
Juan Sebastian Elkanoren lehorreratzea antzeztuko dute Getarian ostiral honetan
EITBk zuzenean emango du Orain.eus atarian, ETB1en eta ETB ONen, 16:45etik aurrera, lau urtean behin egiten den ekitaldi honen berri.
Zuzenean: Eklipsea Bardean
Abuztuaren 12ko 19:00etatik aurrera, eguzki-eklipse osoaren zuzeneko seinalea eskainiko dugu Bardeatik.
Zuzenean: Juan Sebastian Elkanoren lehorreratzea
Juan Sebastian Elkanoren lehorreratzearen antzezpena zuzenean Getariatik, 16:45etik aurrera.
Asintomatikoa eta kontrolpean dago Galizian atzemandako hantabirusaren kasua
Pazientea, frantziar-argentinar herritar bat, ostatuan isolatuta dago, eta Osasun Ministerioa zein Galiziako Xunta haren kontaktuen jarraipena egiten ari dira.
Mila pertsona inguru etxetik atera dituzte Baionako erdigunean gas-isuri baten ondorioz
Baionako hiriguneko mila bizilagun etxetik atera behar izan dituzte bart, gas-ihesa dela eta; ondorioz, segurtasun dispositibo handia aktibatu behar izan dute. Suhiltzaileek 100 metroko perimetroa itxi dute, eta goizaldeko ordu batak arte ezin izan dute etxebizitzetara itzuli.
Sosik ez, eta hilobirik ere ez: Juan Sebastian Elkano getariar nabigatzaile handiari buruzko 5 bitxikeria
Zenbat dakizu munduari lehen bira eman zion euskal itsasgizon handi honi buruz? Elkanoren figura lerroburuetara ekarri nahi dugu, haren heriotzaren 500. urteurrena bete berri den honetan. Hain justu, Getarian Elkanoren lehorreratzea antzeztuko dute gaur arratsaldean, lau urtean behin egiten den gisara, eta Orain-ek zuzenean eskainiko du, streaming bidez.