Koronabirusaren semaforoa
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Zumaia gorrian dago berriro, eta 11 udalerrik berdera egin dute jauzi

Gipuzkoako zortzi herri eta Bizkaiko hiru 100.000 biztanleko 60 kasu baino gutxiagoko langatik behera kokatu dira. Ifrentzuan, Elorrio horiz ageri da.
Gráfico: EITB Media.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren semaforoa
OHARRA: Koloretako semaforoak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 5.000 biztanletik gorako udalerrien egoera epidemiologikoa adierazten du, baina ez dakar herriak perimetralki ixtea, mugikortasuna librea baita alarma-egoera amaitu ondoren.

Zumaia eremu gorrian sartu da asteburuko datu txarren ostean, covid-19ak EAEn herriz herri izan duen eragina neurtzen duen Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren semaforoaren arabera. Txanponaren beste aldean, 11 udalerri, Gipuzkoako zortzi eta Bizkaiko hiru, 100.000 biztanleko 60 kasuko langatik behera jaitsi dira, eta berdean daude orain.

Arabak (94 kasu 100.000 biztanleko) eremu horian jarraitzen du, baita Amurriok, Laudiok eta Gasteizek ere. Agurainek, bestalde, berdeari eutsi dio. Araban ez dago herririk gorrian, ezta laranjan ere.

Bizkaian, hori dago semaforoa (111 kasu 100.000 biztanleko), eta, Arabak bezala, ez du udalerririk gorrian edo laranjan.

Hori dauden udalerriak honakoak dira: Abanto, Abadiño, Arrigorriaga, Barakaldo, Basauri, Berango, Bilbo, Durango, Elorrio (okerrera egin duen herri bakarra Bizkaian), Erandio, Etxebarri, Galdakao, Getxo, Gorliz, Gueñes, Leioa, Mungia, Muskiz, Ortuella, Portugalete, Santurtzi, Sestao, Sopela, Trapaga eta Zalla.

Balmaseda, Bermeo, Elorrio, Ermua, Gernika-Lumo eta Lekeitio eremu berdean daude oraindik. Derio, Markina-Xemein eta Ondarroa ere, gune horretan sartu dira.

Gipuzkoa ere eremu horian dago, intzidentziak gora egin duen arren (89 kasu 100.000 biztanleko, ostiralean baino sei puntu gehiago). Ziurrena, Zumaiaren datu txarrek eragin dute okertzea, hiru egunetan 29 kasu atzeman baitituzte. Horrenbestez, gune gorrian dagoen udalerri bakarra da.

Horian daude honakoak: Astigarraga, Azpeitia, Deba, Donostia, Hernani, Irun, Lezo, Lasarte-Oria, Lazkao, Oñati, Ordizia, Orio, Tolosa, Zumaia, eta Usurbil.

Azkenik, aipagarria da zortzi udalerriri berde jarri zaiela semaforoa: Aretxabaleta, Arrasate, Azkoitia, Hondarribia, Mutriku, Urnieta, Urretxu eta Villabona-Amasa. Andoain, Beasain, Bergara, Eibar, Elgoibar, Errenteria, Legazpi, Lezo, Oiartzun, Pasaia, Zarautz eta Zumarraga gunerik samurrenean daude oraindik.

Europar Batasunak (EB) onartutako koloreen mapa egokitu du Jaurlaritzak, eta azken 14 egunetan metatutako intzidentzia-tasaren arabera sailkatzen ditu EAEko udalerriak.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu eta EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" da derrigorrezkoa, baita Lapurdiko herri eta hiri nagusietan ere.

Zure interesekoa izan daiteke

(Foto de ARCHIVO)

Gallinas en Cantabria



REMITIDA / HANDOUT por GOBIERNO DE CANTABRIA

Fotografía remitida a medios de comunicación exclusivamente para ilustrar la noticia a la que hace referencia la imagen, y citando la procedencia de la imagen en la firma

06/8/2025
18:00 - 20:00
Zuzenean
Duela  min.

Hegazti-gripeari aurre hartzeko neurri prebentiboak agindu ditu Espainiako Gobernuak

Arrisku- eta zaintza-eremu zehatzetan etxeko eta haztegietako hegaztiei eragingo dieten neurriak indarrean sartuko dira azaroaren 10etik aurrera. Horrelako eremuak daude Arabako eta Nafarroako zenbait udalerritan. Nolanahi ere, Europatik datorren birusaren aurrean arretaz eta arduraz jardutea eskatu dute agintariek, kutsatzeek eta birusaren hedapenak ekar ditzaketen kalteak saihesteko.

Gehiago kargatu
Publizitatea
X