Hizkuntza gutxituak plataformetan: “Primeranek ehunka eduki eskaini baditzake euskaraz, Netflixek zergatik ez?”
EHUko Nor ikerketa taldeko Josu Amezagak hizkuntza gutxituek ikus-entzunezko plataformetan duten presentzia azaldu du Eusko Legebiltzarrean. Europako herrialdeetan ingelesezko edukiak nagusi direla ohartarazi du, “askotan herrialdeko hizkuntza ofizialaren gainetik”. Hizkuntza gutxituen presentzia, “urria izanagatik ere, hobea da kontzientzia daukaten herrietan”. Bere ustez, politika publikoek eragina izaten dute.