Gau beroa Euskal Herriko toki askotan, 30 ºC inguruko tenperaturekin
Gaur gauerako beroa protagonista izatea espero da berriro lurraldeko toki askotan, baina atzokoarekin alderatuta, tenperaturek beheranzko joera hartuko dute.
Pertsona bat atseden hartzen. Artxiboko argazkia: Europa Press
Bero handiak ez du etenik eman bart Euskal Herrian, tenperatura maximoak 30 ºC-tik gorakoak izan baitira toki askotan, EITBko Meteorologia Zerbitzuak nabarmendu duenez. Urduñan (Bizkaia) eta Uxuen (Nafarroa), adibidez, 31 ºC-ra iritsi dira gauerdian.
Euskal Autonomia Erkidegoari (EAE) dagokionez, datuek erakusten dute Bilbon 27 ºC-ra iritsi direla gauerdian, eta minimoak 22 ºC-tik gorakoak izan dira goizaldean. Donostian ere zaila izan da lo egitea, termometroak 25 ºC-ren bueltan ibili baitira gauerdian, eta 20 ºC inguruan goizaldean. Gasteiztarrek errazago hartu ahal izan dute atseden, gauez 22 ºC-ren bueltan ibili baitira eta 05:00etan 17 ºC-ren bueltan.
Nafarroan, gauean bero handiena Uxuen izan dute, gauerdian 31 ºC eta 26 ºC inguruan goizaldean. Iruñean, balio altuenak 29 ºC-ra iritsi dira gauerdian, eta minimoak ez dira 20 ºC-tik jaitsi.
Ipar Euskal Herrian ere antzekoa izan da joera: Maulen, adibidez, 25 ºC-ra iritsi dira gauerdian, eta 16 ºC-ra goizaldean. Baionan, berriz, termometroak 28 ºC-ra iritsi dira gauean, eta ez dira 24 ºC-tik jaitsi. Antzeko tenperaturak izan dira Biarritzen eta Hendaian, 29 ºC-tik igaro baitute gaua, eta ez dute lortu 24 ºC-tik jaistea goizaldean.
Gaur gauerako beroa protagonista izatea espero da berriro Euskal Herriko toki askotan, baina atzoko gauarekin alderatuta tenperaturak zertxobait jaitsiko dira. Tetsuinguru horretan, giroa sargoria eta atsedenerako deserosoa izaten jarraituko du, batez ere barnealdean.