Eusko Jaurlaritza datorren astean hasiko da aurrekontuak negoziatzen
Alderdi guztiekin hitz egingo du Jaurlaritzak, Voxekin izan ezik.
D'Anjou sailburuak urriaren amaieran eman zizkion aurrekontuak Legebiltzarrari.
Eusko Jaurlaritza datorren astean hasiko da aurrekontuak alderdi politikoekin negoziatzen, Noël d'Anjou Ogasun eta Finantza sailburuak Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan iragarri duenez.
Sailburuaren esanetan, Eusko Jaurlaritzak "eskua luzatu" dio oposizioari 2026ko aurrekontuak adosteko, eta "lasaitasunez" egingo die aurre negoziazioei, EAJren eta PSE-EEren gehiengo parlamentarioari esker bermatuta dagoelako aurrekontuak onartu egingo direla.
Sailburuak esan duenez, Jaurlaritzak oposizioarekin "zintzotasun osoz" hasiko ditu elkarrizketak, eta gaineratu du azken astean Jaurlaritzak "interes komuneko puntu batzuk" ikusi dituela, besteak beste, "etxebizitza, osasun eta segurtasun arloetan".
Negoziazioa alderdi guztiekin egingo da, Voxekin izan ezik.
Imanol Pradales lehendakaria ere aritu da aurrekontuen inguruan. Jon Hernandez Sumarreko legebiltzarkideak egindako galderari erantzunez, lehendakariak nabarmendu du Eusko Jaurlaritza akordioen bila ari dela, aurrekontuak bermatuta dituen arren.
Pello Otxandiano EH Bilduren Legebiltzarreko bozeramaileak ere aurrekontuen inguruan galdetu dio lehendakariari. EH Bilduren arabera, aurrekontuen oreka hausten da Eusko Jaurlaritzak onartutako proiektuarekin.
Javier De Andres Euskadiko PPko presidenteak ere izan ditu hizpide aurrekontuak, eta gobernuaren aholkulari eta goi-kargudunentzat aurreikusitako gehiegizko gastua kritikatu du.