Euskadi % 10era iritsi da lehen aldiz positiboen tasan
Azken orduotan 1.461 COVID-19 kasu zenbatu dituzte Euskadin, eta positiboen portzentajea % 10ekoa izan da lehen aldiz; aldi berean, Araba eta Gasteiz beste lurraldeak eta hiriburuak zeuden gune gorrian sartu dira.
Positiboen portzentajea % 9tik gorakoa izan da behin baino gehiagotan (tasarik altuenak abuztuaren 23an izan ziren, % 9,6rekin, eta joan den larunbatean, % 9,5ekin), baina inoiz ez da iritsi % 10eko mugara, orain arte.
Datu horiek Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren aurreko txosten epidemiologikoaren zifrak baino okerragoak dira, 1.425 kasu berri eta % 9,1eko positibo tasa atzeman baitzituzten asteartean.
Euskadiko ospitaleen egoerak okerrera egiten jarraitzen du, atzo 76 pertsona ospitaleratu ondoren. Guztira, 573 gaixo daude ospitaleratuta (16 gehiago) eta zainketa intentsiboetako unitateetan COVID-19a duten 111 paziente dituzte, hau da, bezperan baino 4 gehiago.
Atzo 14.668 test diagnostiko egin zituzten Euskadin, eta 1.461 positibo atzeman zituzten, bezperan baino 36 gehiago. Asteazkenean, Gipuzkoan izan ziren kutsatze gehien (671, 41 gehiago), Bizkaian (621, bi gutxiago) eta Araban (152, 11 gehiago) baino gehiago atzeman baitzituzten lurralde horretan. Gainera, EAEtik kanpo bizi diren edo egoitza ezezaguna duten bederatzi lagunek positibo eman dute EAEn egindako testetan.
Asteazken honetan, lau udalerri gehitu dira 100.000 biztanleko 500 kasu baino gehiago pilatu dituztenen zerrendara, Gasteiz eta Laudio (Araban biztanle gehien dituzten bi herriak) eta Arrigorriaga eta Leioa (Bizkaia) batu ostean.
Gipuzkoan 33 udalerri daude, Bizkaian 25 eta Araban 3; beraz, autonomia-erkidego osoan 61 udalerri daude eremu gorrian.
Gasteiz zerrenda horretan sartzearekin batera, EAEko hiru hiriburuak daude atalase epidemiko horren gainetik.
Gaixo batek zenbat pertsona kutsa ditzakeen neurtzen duen R0 indizea 1,09 da.
Gotzone Sagardui Osasun sailburuak ohartarazi duenez, egoerak "kritikoa izaten jarraitzen du", eta gaur arratsaldean bilduko den Euskadiko Babes Zibileko Planaren (LABI) aholku-batzordeak duela 10 egun abiatutako prebentzio-neurriak "are gehiago gogortu" ditzakeela onartu du, pandemia eta presio asistentziala gorantz doazelako.
Euskadiko intzidentzia epidemiologikoaren bilakaera hemen kontsulta daiteke. Azken orduetan herriz herri zenbatutako positibo berriak azter daitezke, eta pandemia hasieratik atzemandako kasu guztiak eta adin taldeen araberako datuak ageri dira bertan.
Bi hildako izan dira Foru Erkidegoan
Koronabirus kasuek gora egin dute berriro Nafarroan, 400eko langa igarota; 420 positibo berri atzeman dituzte azken orduetan, 4.359 PCR eta antigenoen proba eginda. Kasuen kopuruak gora egin du, bezperan 340 izan baitziren, Nafarroako Osasun Publikoaren Institutuaren datuen arabera.
Atzoko 420 kasu berriek % 9,6ko positibo tasa dute, aurreko egunean baino puntu erdi gehiago, Foru Gobernuak Twitterren jakinarazi duenez.
Ikuspegi epidemiologikotik, pandemiaren bilakaerari dagokionez, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren arabera, atzo gaixotasun horrekin lotutako 25 gaixo ospitaleratu zituzten Nafarroan, horietako bat zainketa intentsiboetako unitatean, eta bi gaixo hil dira: 63 urteko gizon bat eta 89 urteko emakume bat. Horiek ere zenbatuta, guztira 739 pertsona hil dira.
Positiboen % 51 Iruñerrian erregistratu dituzte; Lizarran, % 18, eta Tuteran, % 11. Gainerako positiboak (% 20) Nafarroako beste eremu batzuetan atzeman dituzte.
Kasu gehiago pilatzen dituzten udalerri edo auzoei dagokienez, aipatzekoak dira Vianan 39 kasu atzeman dituztela, agerraldia egon baita adinekoen egoitza batean. Gainerakoan, lehenengo postuetan ohikoak diren Arrotxapea eta Txantrea Iruñeko auzoak daude zerrendan bigarren eta hirugarren (15 eta 14 kasu, hurrenez hurren). Ribaforadan 14 atzeman dituzte, eta Burlatan, 13.
Erregistratutako kasuen banaketari dagokionez, adin-tarteen arabera, talde handiena 30 eta 44 urte artekoa da (% 23), eta ondoren, 45 eta 59 urte artekoa (% 21). Jarraian, 15 urtetik beherakoak daude (% 19), 75 urtetik gorakoak (% 14), 60 eta 75 urte bitartekoak (% 10) eta, azkenik, 15 eta 29 urte bitartekoak (% 13). Kasu berrien batez besteko adina 42,3 urtekoa da.
Generoari dagokionez, kasuen % 53 emakumeak dira eta % 47 gizonak.
Ospitale-okupazioaren ikuspegitik, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak jakinarazi duenez, ospitaleratzeen eta alten balantzearen ondoren, 420 pertsona daude ospitaleratuta COVID-19arekin (atzo baino 4 gehiago), horietatik 61 zainketa intentsiboetan daude (atzo baino bat gehiago) eta beste 69 etxeko ospitalizazioan (bat gehiago). Gainerako 290 gaixoak gela arruntetan daude.
Atzoko positiboak gehituta, eta asteazken honetan Osasun Ministerioak datuak eguneratu ostean, birusak eragindako infekzioen intzidentzia metatua 35.210ekoa da Nafarroan, eguneroko datuen arabera.
Santos Indurain Osasun sailburuaren hitzetan, urtea amaitu baino lehen "berehalako ekintza-plan bat" egingo dute, aurrekontu egokiarekin, Lehen Mailako Arreta indartzeko, koronabirusaren pandemiaren pisuaren zati handi bat jasaten duelako.
Erkidegoek 21.908 COVID-19 kasu gehiago jakinarazi dizkiote Espainiako Osasun Ministerioari ostegun honetan, eta horietatik 9.606 diagnostikatu dituzte azken 24 orduetan; asteazkenean, berriz, 8.924 izan ziren, eta koronabirusak guztira kutsatutako pertsonen kopurua 1.306.316ra igo da. Espainiako Estatuan azken 14 egunetan 100.000 biztanleko 527,30 kasura igo da inzidentzia tasa.
Hildako kopuruari dagokionez, Salvador Illa buru duen departamentuak 368 gehiago jakinarazi ditu, 1.002 azken astean. Ondorioz, Estatuan 38.486 pertsona hil dira koronabirusak jota.
Ikastetxeen egoera
EAEko ikastetxeei dagokienez, 149 ikasgela itxi dituzte, bezperan baino 17 gehiago, hau da, 2 urtetik derrigorrezko unibertsitatez kanpoko irakaskuntzara arteko eskolen % 0,85. Erkidegoko 96 ikastetxek dute ikasgelaren bat itxita, bezperan baino 5 gehiago dira, eta ikastetxe bat bera ere ez dute erabat itxi.
Bestalde, Gipuzkoako adinekoen egoitzek 23 positibo atzeman dituzte azken orduetan, beste bi adinekok gaixotasuna gainditu dute, eta ez da inor hil COVID-19ak jota.
Kutsatze berriak honako zentro hauetan izan dira: Errenteriako Jesusen Bihotza (17); Alai Etxe (2), Julian Rezola (1) eta Villa Sacramento (1), Donostian; Beasaingo Arangoitin (1); eta Irungo Caser Residencial Anakan (1).
Gaixotasuna gainditu duten bi egoiliarrak Gipuzkoako hiriburuko Berra eta Lamorous zentroetakoak dira, Foru Aldundiak ohar baten bidez jakinarazi duenez.
Hiru dira ospitaleratuta dauden pertsonak, eta beste 85 kasu horietarako erreferentziazko bi zentroetan daude, Eibarko Ospitaleko gizarte-solairuan eta Ordiziako San Jose zentroan.
Abuztuaren 11n bigarren olatuko lehen positiboak atzeman zituztenetik, 112 adinekok gainditu dute gaixotasuna eta 47 pertsona hil dira, Foru Aldundiak gogorarazi duenez.
Zure interesekoa izan daiteke
Luciaren amesgaiztoa: pisu "perfektua" alokatu, eta hiru egunen buruan, maula baten biktima dela konturatu
Bi seme-alaba dituen venezuelar batek 2.000 euro ordaindu ditu Deustun alokairuzko etxebizitza bategatik, baina etxea apartamentu turistiko bat da berez. Iruzurgileak gutxienez beste zortzi pertsonari alokatu die, tartean Luciari berari. Biktima horrekin mintzatu da EITB.
Zeledon Txikik eta Edurnek giro aparta sortu dute Andre Maria Zuriaren plazan, Txikien Egunean
Ekain Gonzalez eta Haizea Lauzurica izan dira Zeledon Txikiren eta Edurneren jaitsieraren protagonistak, Gasteizko jaietako haurrek gehien espero duten ekitaldietako batean.
Kerman Villateren familiak gezurtatu egin du Gasteizko Udalak barne ikerketa egin izana
Gasteizko Mitika diskotekako atezain baten kolpe baten ondorioz hildako gaztearen familiak Maider Etxebarria alkatearen adierazpenei erantzun die, eta esan du Udalak ez duela inoiz ikerketa bat egin gertatutakoa argitzeko. Gainera, eskatutako dokumentazioa emateko eta justiziarekin elkarlanean aritzeko eskatu diote Udalari.
Ander Zubillagak omenaldia egin die Biescasko biktimei tragediaren 30. urteurrenean
Uholde batek Biescasko Las Nieves kanpina suntsitu zuen 1996ko abuztuaren 7an, Arasko sakanean bat-bateko ur-goraldi bat izan ondoren. 87 pertsona hil eta 187 zauritu ziren. Ander Zubillaga gitarrista tolosarrak 6 urte eskasekin bizi izan zuen tragedia hura.
Juan Sebastian Elkanoren lehorreratzea antzeztuko da Getarian ostiral honetan
EITBk zuzenean emango du Orain.eus atarian, ETB1en eta ETB ONen, 16:45etik aurrera, lau urtean behin egiten den ekitaldi honen berri.
Zuzenean: Eklipsea Bardean
Abuztuaren 12ko 19:00etatik aurrera, eguzki-eklipse osoaren zuzeneko seinalea eskainiko dugu Bardeatik.
Zuzenean: Juan Sebastian Elkanoren lehorreratzea
Juan Sebastian Elkanoren lehorreratzearen antzezpena zuzenean Getariatik, 16:45etik aurrera.
Asintomatikoa eta kontrolpean dago Galizian atzemandako hantabirusaren kasua
Pazientea, frantziar-argentinar herritar bat, ostatuan isolatuta dago, eta Osasun Ministerioa zein Galiziako Xunta haren kontaktuen jarraipena egiten ari dira.
Mila pertsona inguru etxetik atera dituzte Baionako erdigunean gas-isuri baten ondorioz
Baionako hiriguneko mila bizilagun etxetik atera behar izan dituzte bart, gas-ihesa dela eta; ondorioz, segurtasun dispositibo handia aktibatu behar izan dute. Suhiltzaileek 100 metroko perimetroa itxi dute, eta goizaldeko ordu batak arte ezin izan dute etxebizitzetara itzuli.
Sosik ez, eta hilobirik ere ez: Juan Sebastian Elkano getariar nabigatzaile handiari buruzko 5 bitxikeria
Zenbat dakizu munduari lehen bira eman zion euskal itsasgizon handi honi buruz? Elkanoren figura lerroburuetara ekarri nahi dugu, haren heriotzaren 500. urteurrena bete berri den honetan. Hain justu, Getarian Elkanoren lehorreratzea antzeztuko dute gaur arratsaldean, lau urtean behin egiten den gisara, eta Orain-ek zuzenean eskainiko du, streaming bidez.