Covid-19ak 36 hildako eragin ditu azken astean Euskadin, aurrekoan baino 12 gehiago
36 pertsona hil dira azken astean Euskadin koronabirusaren ondorioz, aurrekoan baino 12 gehiago, Eusko Jaurlaritzak irailaren 6tik 12ra bitarteko asteko buletinean jakinarazi duenez. Maiatzeko lehen astetik hildako pertsonen kopururik altuena da.
Hildakoen hazkundearen datu negatiboa alde batera utzita, covid-19aren bilakaeraren gainerako adierazleek joera positiboa izan dute; izan ere, astearte honetan % 3ko positibotasuna atzeman dute, aurreko egunean baino puntu erdi gutxiago.
Eguneroko buletin epidemiologikoaren arabera, 6.510 proba diagnostiko egin dituzte astearte honetan, aurreko egunean baino 221 gehiago, eta horietatik 195 positiboak izan dira, aurreko egunean baino 23 gutxiago.
195 positibo berrietatik 102 Bizkaian atzeman dituzte, 70 Gipuzkoan, 20 Araban eta 3 autonomia-erkidegotik kanpo bizi diren pertsonen artean.
Covid-19aren intzidentzia-tasa metatuak beheranzko joerari eutsi dio Euskadin, eta 100.000 biztanleko 155,52 kasu izan dira azken 14 egunetan, bezperan baino hamaika puntu gutxiago eta duela bi aste erregistratutakoaren erdia; izan ere, irailaren 1eko 100.000 biztanleko 312 kasutik gaur egungo 155,52 kasura igaro da.
Araban 127,8 kasu daude, Bizkaian 152,7 eta Gipuzkoan 162,8.
Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak agerraldia egin du asteazken honetan Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordearen aurrean, egoera epidemiologikoaren berri emateko, eta pandemiaren bilakaerak etorkizunari "itxaropenez" aurre egitea ahalbidetzen duela berretsi du, baina beti "zuhurtziaz" jokatuta.
Ildo berean, birusaren birsorkuntza indizeak lau eguneko goranzko joera eten du, eta apur bat jaitsi da, ehunen bat, 0,83ra arte. R0 indizea 0,77ra jaitsi da Araban, 0,83an mantendu da Bizkaian eta 0,86ra jaitsi da Gipuzkoan.
Ospitaleetako presioak behera egiten jarraitzen du, hilabete honetako egun guztietan bezala, bitan izan ezik. Astearte honetan astelehenean baino 6 pertsona gutxiago ospitaleratu dituzte.
Zainketa intentsiboko unitateetan 53 paziente zeuden zainketa intentsiboen premian, aurreko egunean baino 1 gutxiago, eta 161 gela arruntetan, bezperan baino 5 gutxiago. Halaber, 31 pertsona ospitaleratu behar izan zituzten astelehenean eta 28 astearte honetan.
Bestalde, dagoeneko 5.000 biztanletik gorako hiru udalerri daude koronabirusaren transmisio gune berdean, hau da, 60 kasu baino gutxiagoko intzidentzia metatuarekin: Laudio (Araba), Ortuella (Bizkaia) eta Villabona (Gipuzkoa).
Eremu gorrian (400 kasu baino gehiago), berriz, Lekeitio Bizkaiko udalerria besterik ez dago.
Adinekoen egitzetako egoera
Arabako Foru Aldundiak jakitera eman duenez, Gasteizko Txagorritxu egoiliar bat hil da, koronabirusak kutsatuta ospitalean zela.
Pertsona hau txertatua zegoen eta aurretik ere hainbat patologia zituen.
Gaur egun bost lagun daude koronabirusak kutsatuta Arabako adinekoen egoitzetan (Aldundiarenak nahiz pribatuak), duela astebete baino bi gutxiago, beraz.
Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak jakitera eman duenez, azken astean lau egoiliar kutsatu dira, horietako hiru Txagorritxun. Horietatik bik sintoma arinak dituzte eta hirugarrena ospitalean dago. Denak daude txertatuta.
Era berean, bi kutsatu izan dira Jesus Guridi zentroan ere. 19 langile daude uneotan bajan, izan kutsatuta daudelako, izan positibo izan den norbaitek kontaktu zuzen izan direlako.
Bizkaian bi egoiliar hil egin dira azken egunotan, biak txertatuta zeuden eta aurretiko patologia larriak zituzten. Bestalde, 80 dira kutsatutako egoiliarrak eta horietatik 14 ospitaleratuta daude, Bizkaiko Foru Aldundiak jakitera eman duenez.
29 dira positibo baieztatu duten egoitzako langileak, eta beste 30 isolamenduan daude, positibo diren ala ez baieztatzeke oraindik.
Gaur egun, guztira, 7 zentrotan daude koronabirus kasuak: Lekeitikoko Uribarren-Abaroa (33), Bilboko Kirikiño (11), Mungiako San Jose Etxe Alai (9), Bilboko Bilbozar (8), Bilboko Txurdinagabarri (2), Galdakaoko Santa Barbara (2) eta Amorebieta-Etxanoko Orue (1).
Gipuzkoan, berriz, bi erabiltzaile hil dira azken orduetan koronabirusagatik, Aldundiak jakitera eman duenez.
Bi hildakoak Donostiako Aldakonea zentrokoak ziren, eta gaur egun 14 kasu daude bertan.
Une honetan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza-sarean 28 positibo daude, lau zentrotan banatuta. Aldakoneako 14 kasuez gain, 8 kasu daude Hondarribiko Betharramen, 5 Irungo Sortzez Garbian eta 1 Lasarte-Oriako Atsobakarrean.
Eibarko Ospitalean, covid-19 duten erabiltzaileak artatzeko erreferentziazko zentroan, 25 pertsona daude ospitaleratuta.
Euskadik pandemia kontrolatzeko beharrezko neurriak proposatzen jarraituko du
Bestalde, Iñigo Urkullu lehendakariak azpimarratu du Eusko Jaurlaritzak lanean jarraituko duela "pandemia kontrolatzeko beharrezkotzat jotzen dituzten neurriak hartzeko, gomendio zientifikoetan oinarrituta eta euskal gizartearen bizitzan ahalik eta orekarik handiena aplikatuz".
Urkulluk Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) 2021-2022 ikasturteari hasiera emateko ekitaldi solemnean egin ditu adierazpen horiek, besteak beste, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salak (Luis Angel Garrido epailea buru) futbol-zelaien edukiera % 30etik % 60ra igotzeko hartutako erabakiaren harira.
Lehendakariak azpimarratu duenez, "Euskadin, oraingoz, indarrean dagoen osasun larrialdi deklarazioarekin jarraitzen dugu", ekainaren 24an Eusko Legebiltzarrean onartutako legea aplikatuz.
Zure interesekoa izan daiteke
Aurrerantzean, isunak jarriko dituzte Donostiako hondartzetan erretzeagatik
Donostian, ordenantzak debekatu egiten du tabakoa erretzea eta bozgorailuak entzungailurik gabe erabiltzea hiru hondartzetan, hau da, Kontxan, Ondarretan eta Zurriolan. Isunak mailakatuak dira: 100 eta 200 euro artekoak oharra jaso ondoren jokabidea zuzentzen bada, eta 500 eta 750 euro artekoak kasurik egiten ez den zein araua behin baino gehiagotan urratzen den kasuetan.
Garbiketa-ibilgailu batek su hartu du Bilbon, Zazpikaleak geltokiaren ondoan
Garbiketa-ibilgailu batek su hartu du gaur goizean Bilbon, Zazpikaleak metro eta Euskotren geltokiaren ondoan, San Nikolas plazatxoan. Oraindik ez dira jakitera eman arrazoiak. Suhiltzaileek sua itzali dute eta ez da inor kaltetu.
Baduzu ezagunik Venezuelan? Bilboko kontsulatuak harremanetarako bideak jarri ditu herritarren eskura
Venezuelak Bilbon duen kontsulatuak hainbat bide jarri ditu herritarren eskura herrialdeko lurrikararekin lotutako laguntza emateko.
Galarretako sutea gehiago ez zabaltzea lortu dute gauean
Gau osoan lanean jardun dira suhiltzaileak eta sua perimetratzea lortu dute, baina ez itzaltzea. Gaur berriro helikopteroek lagunduko dute Aizkorri-Aratz Parke Naturaleko sutea itzaltzeko lanetan.
Emakume bat hil da Donostiako Ondarreta hondartzan, bainatzen ari zela
Gertaera asteazken honetako 23:30 aldera izan da. Harekin zegoen lagun taldeak abisua eman du, urazalean dutenean. Ertzaintzak bere gain hartu du ikerketa.
Biarrizko itsasargiko erlaitza erori da, eta, ondorioz, pertsona bat hil da eta beste bat agertu barik dago
Asteazken arratsaldean Biarrizko Miramar hondartzaren eta itsasargiaren ondoan luizia izan da. Inguruan zeuden bi pertsonetako baten gorpua atera dute larrialdietako taldeek.
Kantauri itsasoko ura 25,2 gradutan dago, inoiz baino epelago
Ekainean, normalean, itsasoko ura 18 graduren bueltan egoten bada ere, gaur, ekainaren 24an, Donostiako Aquariumean egindako neurketak Kantauri itsasoko ura 25,2 gradutan dagoela erakutsi du, inoiz baino beroago.
Anne Baskaran Egido gasteiztarraren "Zuriaren, zure, gure... jaiak" izango da aurtengo Gasteizko jaietako kartela
Egileak azaldu du kartelak "Gasteizko jaiak bizitzeko dauden modu anitzak" islatu nahi dituela.
Ertzaintzak Euskadin erregistratutako gorroto delituak % 18 jaitsi dira 2025ean
Kasu horiei buruzko txostenaren egileek jaitsiera hori tentuz interpretatzeko eskatu dute, delitu asko ez baitira salatzen.
Sanferminek 516 ekitaldi izango dituzte, eta protagonismo handiagoa hartuko dute aurten haurrek eta auzoek
Asteazken honetan aurkeztu dute egitarau ofiziala, askotarikoentzako musika, jolasak, erakusketak, su artifizialak, kirol jarduerak, antzerkia, kalejira, ganadu-feria eta prozesioa biltzen dituena. Txupina uztailaren 6an jaurtiko dute, eta festak eztanda egingo du hilaren 14ra arte.