15.000 lagun bildu dira G7ko goi-bileraren aurkako manifestazioan
Larunbat honetan abiatuko da Biarritzen munduko zazpi herrialde boteretsuenetako estatuburuak bilduko dituen G7aren goi-bilera. Azken egunotan ia 200 kolektibo eta mugimendu sozialek topaketa egin dute Irungo Ficoban, "beste mundu bat posible" dela aldarrikatzeko. Urruñan bakarrik, akanpada gunean, 2.000 lagun egon dira, eta gaur, gailurraren kontrako bosgarren egunean, manifestazio jendetsua egin dute Hendaia eta Irunen artean, G7ko agintarien bisita eta horiek islatzen duten sistema liberala eta kapitalista salatzeko.
G7 EZ eta AlternativesG7 plataformek deituta, 11:30ean abiatu da manifestazioa Hendaiatik eta antolatzaileek ekintza sinbolikoa egin dute Santiagoko zubian, muga igarotzean. Amaiera ekitaldia 13:00ak jota izan da Ficoban.
Antolatzaileek azaldu dutenez ez da inolako arazorik izan Hendaiara iristeko, ez errepidez, ezta garraio publikoz ere, eta horri esker jendetza hurbildu da, 15.000 lagun hain zuzen ere. "Euskal Herritik beste mundu bat sortzen" zioen pankartari helduz joan dira, besteak beste, Garbiñe Aranburu LAB sindikatuko idazkari nagusia eta Arkaitz Rodriguez Sortuko burua.
Manifestazioa "baimendua eta baketsua" izan da eta familia askok parte hartu dute jai giroan ospatu den martxan.
Eñaut Aramendi bozeramaileak adierazi du kontra-gailurra "arrakastatsua" izan dela erabat, azken egunetan "6.000 lagun bildu direla Irunen", oihartzuna lortu dutela nazioarte mailan, eta gaurkoa ere "izugarrizko erakustaldia" izan dela.
"Mobilizazio honekin erakutsi nahi dugu posible dela humanitatearen oinarriak suntsitzen dituen sistemaren aurkako erresistentzia", esan dute deitzaileek manifestazioaren amaieran irakurritako testuan. "Posible da alternatibak garatzea lehia baino lankidetza lehenesten duten territorio eta komunitateetatik [...] Munduko beste leku askotan bezala, hemen, Euskal Herrian, harreman ezberdinak eraikitzen ditugu".
Hala, antolatzaileek nabarmendu dute G7koen aurkako kontragailurra "mugimendu sozialen arteko beharrezko aliantzak eraikitzeko mugarri garrantzitsua" izan dela, eta hori dela bidea berretsi dute.
Protesta Baionara eraman dute
Istiluak izan dira baimendu gabek manifestazio batean, Baionan
Ur kamioiak eta gas negar-eragileak erabilita Baionako erdigunean bildutako ehunka manifestari sakabanatu ditu Frantziako Poliziak. Bat-batean sortu da martxa, baimenik gabe. Zenbait manifestarik aurpegia estalita eraman dute.
Ehunka pertsona batu dira manifestazioan, 18:00ak inguruan, Poliziak egun osoan zehar dispositibo zabala ezarri duen arren Lapurdiko hiriburuan. Pertsona bat atxilotu dute.
Arratsaldean zehar, erdigunean sartzeko zubiak itxita geratu direla eta hiri barneko autobus zerbitzua bertan behera utzi duela esan du Baionako Udalak.
Gainera, Poliziak istiluetatik babesteko segurtasun materiala kendu diela salatu dute kazetariek.
Bilbon ere ekintza ikusgarria egin dute G7aren goi-bilera salatzeko:
17 atxilotu Urruñan
Atzo arratsaldean istiluak izan ziren Urruñako akanpalekuan hainbat manifestari eta Poliziaren artean. Ehunka lagun manifestazioan atera ziren kontra-gailurraren Urruñako kanpalekutik eta Polizia oldartu egin zitzaien. Istiluak izan ziren eta 17 manifestari atxilotu zituzten. Gainera, 21 pertsona zauritu ziren.
Agintearen ordezkariei aurre egitea eta kalteak leporatzen dizkiete atxilotuei.
Biharko, abuztuaren 25erako, berriz, "desobedientzia zibilerako deia" egin dute antolatzaileek. Elkarretaratzeak egingo dituzte Biarritzeko eta Bidarteko saihesbidean, baita Angelun eta Baionan ere. Azkenik, G7ari "ez laguntzeko" eskatu diete langileei, dendei eta enpresei.
Segurtasun dispositibo berezia
Testuinguru horretan, G7aren goi-bilerari jarraipena egingo dion segurtasun dispositibo berezia prestatu du Eusko Jaurlaritzak. Zehazki, herritarren segurtasunean izan daitezkeen eraginak koordinatzeko, horri buruzko informazioa emateko eta jarraipena egiteko koordinazio mahai bat jarri du martxan Oiartzungo ertzan-etxean (Gipuzkoa).
Segurtasun sailburuak gogora ekarri duenez, G7aren goi-bilerarako 4.000 ertzain inguru izango dira lanean, plantillaren erdia baino gehiago, alegia. Ertzaintzaren unitate guztietako agenteek lan egingo dute. Ekitaldia mugatik oso gertu egingo denez, "logikoki Euskadin eragina izango du".
Christophe Castaner Frantziako Barne ministroak azaldu duenez, Frantzian 13.200 polizia eta jendarme mobilizatuko dira. Horrez gain, bilerari begira erakutsitako babesa eskertu nahi izan die Espainiako agintariei, eta mehatxu terrorista bati, istilu publikoei edota eraso zibernetikoei aurre egite aldera 450 suhiltzaile baino gehiago deitu dira, eta baita larrialdi eta erreanimaziorako 13 talde mugikor ere.
Gainera, Espainiako Gobernuak "segurtasuna bermatzeko operatibo ezberdinak" prestatu ditu G7aren goi-bilerari eta “kontragailurrari” begira. Guztira, 1.878 guardia zibil eta Espainiako Poliziako 932 agente izango dira lanean. Fernando Grande-Marlaska Espainiako Gobernuko Barne ministroak nabarmendu duenez, "ez da inprobisaziorik egongo".
Aldaketak zirkulazioan
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ohar bidez azpimarratu duenez, asteburu honetako hitzorduak bat egingo du udako itzulera operazioarekin. Arrazoi horregatik, Biriatuko ordainlekutik eguneko 30.000 ibilgailu inguru igarotzea aurreikusten da.
Hartutako neurrien artean hauek daude: zerbitzuguneetan eta nazioarteko igarobideko errepideetan informazio seinaleak areagotu dira, 90.000 informazio liburuxka prestatu dira, lau hizkuntzatan; eta modu koordinatuan lan egiten ari dira trafiko arina bermatzeko eta egoera horren eraginpean egon daitezkeen pertsonen segurtasuna bermatzeko.
Aldi berean, Trafiko Zuzendaritzak kanal bat ireki du garraio sektorearekin, ibilgailu astunen trafikorako murrizketen berri emateko. Horrez gain, erabiltzaileei zuzendutako telefono bidezko arreta zerbitzua (011) indartu du.
Nafarroako Foruzaingoak, bere aldetik, inguru horretara ez bidaiatzeko gomendatu du. Eta era berean, 7,5Tm baino handiagoak diren kamioiek N121B (Oronoztik) eta N135 (Zubiririk) zirkulatzea debekatuta dutela 06:00ak eta 19:00ak artean gogoratu dute.
"Frantziako agintariek segurtasun kontrolak areagotuko dituzte eta, itzulera operazioaren ohiko murrizketez gain, murrizketa gehigarriak aplikatuko dizkiote garraio astunari", jakinarazi du Sonia Diaz de Corcuera Trafikoko zuzendariak.
Bestalde, Aragoiko Pirinioetatik Frantziarako bidean dagoen mugako pasabideetan zaintza kontrolak zorroztu dituzte Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak. Horrenbestez, edozein neurri hartuta ere, auto-ilara luzeak egongo direla ohartarazi dute.
Zure interesekoa izan daiteke
Ceutako migrazio krisiaren aurretik alertak jaso zituen ala ez galdetu dio epaileak Guardia Zibilari
Iustitia Europak jarritako salaketaren ondorioz abiarazi ditu izapideak Auzitegi Nazionalak, eta bizi direnen eta hildakoen kokapenari buruzko informazioa eskatu du.
Melgosa: "Estatuaren lehen betebeharra da adingabeak familiekin itzultzeko bideak agortzea"
Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Eskubideetako sailburuak nabarmendu du ez zaiola "zentzuzkoa iruditzen lehen erantzuna (Espainiako Gobernuarena) adingabe horiek (Ceutan daudenak) beren familietatik urrun, milaka kilometrotara, eramatea".
Grande-Marlaska eta Robles kargugabetzea eskatu du Telladok: "Ceutan gertatu den guztiaren erantzuleak dira"
Miguel Tellado Alderdi Popularraren idazkari nagusiak, Gasteiztik, Fernando Grande-Marlaska Espainiako Gobernuko Barne ministroa eta Margarita Robles Defentsa ministroa kargugabetzea eskatu du, Ceutako migrazio krisiaren aurrean ez dutelako "ezer egin".
Gizon bat atxilotu dute, Bilbon Cake Minuesaren kontrako derrigortze eta gorroto delituak egitea egotzita
Okdiario hedabideko kazetaria Mundialeko finalaren egunean Bilbon egiten ari ziren euskal selekzioaren aldeko manifestazio batean zegoen.
Ceutan sartu ziren 72.000 pertsonetatik 70.000 Marokora itzuli direla ziurtatu du Marlaskak
Migrazio-krisi honetan hiri autonomora iritsi diren adingabeei premiazko arreta emateko, Espainiako Gobernuak 25 milioi euroko partida gehigarri bat bideratuko du Ceutara.
Zapaterok errekurritu egin du haren kontuak eta haren gertukoenak ikertzeko epaileak emandako agindua
Espainiako Gobernuko presidente ohiaren defentsak ohartarazi duenez, banku-kontuak ikertzeko baimen "orokor" batek "ikerketa prospektibo" bati bide eman diezaioke.
Espainiako inteligentzia zerbitzuek ez zuten Ceutako krisiaz ohartarazi, Gobernuaren arabera
Elma Sainz bozeramaileak adierazi du CNIk ez zuela horren gaineko txostenik egin.
Etxebarriak defendatu du Gasteizko Udala izan zela diskoteketako atezainen legea indartzeko eskatzen aurrena
Kerman Villate gaztearen gurasoek egindako adierazpenen ondoren, Maider Etxeberria Gasteizko alkateak ez du barne ikerketaren inguruan ezer esan. Soilik esan du Udalak "berehala" erantzun zuela, Eusko Jaurlaritzari diskoteketako segurtasun-langileen gaineko araudia indartzeko eskatuz, eta heriotza ez zela "inoiz gertatu behar izan" gaineratu du.
Hondartzetan mobilizazioa egin dute atzera ere Sarek eta Etxeratek, ETAko preso guztiak etxera itzultzea aldarrikatzeko
Ehunka pertsona bildu dira Bizkaiko eta Gipuzkoako 11 hareatzetan, oraindik ere erregimen itxian dauden presoei espetxe politika arrunta aplikatzea eskatzeko.
"Muga zabalik", "Haraga Ceuta": horrela hauspotu zuten sare sozialek Ceutako sarrera masiboa
Sare sozialek berebiziko garrantzia izan zuten milaka gazte Ceutan sartzera animatzeko orduan.