Eguneko Titularrak
Emakume bat eta haren bi seme adingabe itota hil dira Ezka ibaian, Erronkarin
Gaur arratsaldean izan da ezbeharra, presa baten alboan bainurako egokituta dagoen leku batean. Guardia Zibilak ikerketa zabaldu du, gertatutakoa argitzeko.
Urtean 250 milioi euro gehiago emango dizkio Espainiako Gobernuak EAEri, mendekotasun arreta finantzatzeko
Kontzertu Ekonomikoaren gaineko Batzorde Mistoak, aho batez, onartu egin du EAEko Autonomiaren Aldeko eta Mendekotasunari Arreta Eskaintzeko Sistemaren finantzaketa osagarriari buruzko akordioa. Horren arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan erakunde publikoek mendekotasun sistemara bideratutako gastuen % 50 Estatuak ordainduko ditu datorren urteko urtarrilaren 1etik aurrera.
UPNk Jose Javier Mugica gogoratu du, ETAk hil zuela 25 urte bete direnean
25 urte bete dira ETAk Jose Javier Mugica UPNko zinegotzia hil zuenetik, Leitzan. 59 urte zituen. Gaur, alderkideek antolatuta, omenaldia egin diote Leitzan bertan. Lore-eskaintza egin dute, haren omenez jarrita dagoen plakaren aurrean.
BetiON zerbitzuak ahots bidezko abisuak bidaliko ditu, ezohiko egoeren berri emateko
EAEko Telelaguntza Zerbitzu Publikoak, betiONek, ahots-mezuak bidaliko dizkie erabiltzaileei, ezohiko egoeren berri emateko: bero-bolada bat, sute bat edo etxetik gertu izandako isuri toxiko bat, adibidez. Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzkao Ongizatea, Gazteria eta Erronka Demokrafikoaren sailburuak aurkeztu du ekimena.
Jaurlaritzak uko egin dio Osasun Kohesiorako Funtsari 51 milioi ordaintzeari, "neurriz kanpoko" kopurua dela iritzita
Alberto Martinez Osasun sailburuak egungo konpentsazio-sistema berrikustea eskatu du. "Arau argiak, babes nahikoa eta irizpide homogeneoak lurralde guztientzat", esan du.
Hamabi sexu-eraso salaketa eta hamar atxilotu, sanferminetako lehen lau egunetan
Aurtengo San Fermin jaiek bidearen erdia egin dutenean, Inma Jurio Nafarroako Gobernuko Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariak orain arteko segurtasun-balantzearen berri eman du.
25 urteko langile bat larri zauritu da Azkoienen, eskailera batetik erorita
Baratze batean ari zen lanean, eta erorikoaren ondorioz, buruan kolpe larria hartu du. Helikoptero medikalizatuan eraman dute Nafarroako Unibertsitate Ospitalera.
Irun eta Hernani arteko tren-zerbitzua berriro etengo dute uztailaren 25etik aurrera, lanak direla eta
Bidaiarien "mugikortasuna bermatzeko," Renfek errepide bidezko garraio-plan bat jarriko du martxan.
Espainiako Gobernuak biktima gisa aitortu du Josu Zabala Erasun, duela 50 urte Guardia Zibilak tiroz hildako irundarra
"Arrazoi politiko eta ideologikoengatik jazarpena" jasan zuela, eta "aitortzarako eta erreparaziorako eskubidea" dio onartutako adierazpenak.
Konstituzio Auzitegiak ez du ebatziko hizkuntz-eskakizunen derrigortasunaren inguruan
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak luzatu zion galdera, enplegu publikoan hizkuntz-eskakizunak derrigorrezkoak izateak Konstituzioa urratzen duen edo ez ebazteko.
Bajen inguruko polemikari datuak erantsi dizkio PPk: "Astelehenetan, 1.700.000 pertsona ez dira lanera joaten"
Juan Bravo PPko Ogasun, Etxebizitza eta Azpiegitura idazkariordeak azaldu duenez, bajan egonda soldata gutxiago kobratzearen aukera Feijook mahai gainean jarri zuenean, "iruzur kasuei" buruz ari zen.
Sanchezek, Trumpen kritiken ostean: "AEBren eta Espainiaren arteko harremanak oso positiboak dira"
Espainiako Gobernuko presidenteak azaldu du Estatu Batuetako presidentearekin hitz egiteko aukera izan duela, azken horrek Espainia beste behin kritikatu eta gero. "Solasaldi informala" izan dela azaldu du, eta "adeitsu"jardun dutela.
Nagore Laffage gogoratu dute Irunen, hil zutela 18 urte bete direnean
Nagore Laffage hil zutela 18 urte bete dira gaur. Jose Diego Yllanesek hil zuen gazte irundarra 2008ko sanferminetan, Iruñean. Urtero bezala, gertatutakoa ez ahazteko, ekitaldia egin dute Laffageren jaioterrian, Irunen, hango Emakumeen Etxeak antolatuta. Emakumeek espazio guztietan aske ibiltzeko duten eskubidea aldarrikatu dute.
Perez Iglesias: "Jaurlaritzak ez du zalantzan jartzen zuzentzaileen zintzotasuna eta profesionaltasuna"
Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburuak esan du USaP azterketen "sistema garantista" izateak ez duela esan nahi "zenbait hobekuntza" egin ezin direnik.
Olatu zuri gorriak Iruñea hartu du
Txupinazoarekin, lehertu da festa Iruñean eta ez du atsedenik hartuko datorren uztailaren 14ra arte. Urteroko ohiturei, gaur beste protagonista bat batu zaie: beroa. Festazaleek 40 graduko tenperaturekin abiatu dituzte 2026ko sanferminak.
Eusko Jaurlaritzak ordenagailu kuantikoa enpresen eskura jarri du: "Ilara luzea daukagu"
Basque Quantum (BasQ) aliantzak gidatuta, sarbide protokolo bat zehaztu dute enpresa eta erakunde publikoen sarbidea errazteko.
Vox Andaluziako Gobernuan ere sartu da, presidenteorde mailako kontseilaritza batekin
Juan Manuel Moreno popularra Andaluziako Juntako presidente hautatu dute, bigarren bozketan. Akordioa ordu erdi lehenago iragarri dute PPk eta Voxek.
Talgok eta Renfek 132 milioiko akordioa sinatu dute eta Avril trenen kontratu polemikoa itxitzat eman dute
Akordioaren arabera, Talgok 200 milioi euro jasoko ditu hiru hilabeteko epean, eta Renferekin zuen zigorra 2032an hasiko da ordaintzen.
Josu Urrutikoetxea errugabe jo dute Frantzian zuen azken epaiketan
Hau zen Frantzian zuen azken auzibidea, eta absoluzioarekin, prozesua amaitu egin da. Orain, atea zabalduko litzateke Urrutikoetxea Espainiaren esku uzteko, han zabalik dituen auziengatik.
Zarauzko eta Bergarako IAT zentroetako langileek greba mugagabeari ekin diote
Gipuzkoako gainerako IAT lantegietako lan-baldintzekin parekatzea eskatzen dute beharginek. Urtean 133 ordu gehiago egiten dituzte lan, eta 2.000-8.000 euro gutxiago kobratzen dituzte.