ZIUetan dauden pazienteak 80ra igo dira Euskadin, eta positibotasun-tasa % 10,3an kokatu da
Covid-19an positibo eman duten 540 kasu berri atzeman dituzte Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) azken orduetan; hau da, aurreko egunean baino 79 gutxiago, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak igande honetan jakitera eman duenez.
Hain zuzen ere, gaitza atzemateko 5.221 proba diagnostiko egin zituzten atzo (aurreko egunean baino 1.340 gutxiago), eta 540 positibo berri atzeman zituzten. Ildo horretatik, % 10,3era igo da positibotasun-tasa (aurreko egunean % 9,2an zegoen).
Datuak lurraldez lurralde aztertuta, azken orduetan 248 positibo zenbatu dituzte Bizkaian (atzo baino 93 kasu gutxiago), 186 Gipuzkoan (38 gutxiago) eta 88 Araban (16 gutxiago). Gainera, beste autonomia erkidegoetan bizi diren 18 pertsonak ere positibo eman dute, kutsatu ondoren (zazpi gehiago).
EAEko ospitaleetako egoerari dagokionez, 31 pertsona ospitaleratu behar izan zituzten atzo gela arruntetan (aurreko balantzean baino 13 gutxiago), baina zainketa intentsiboetako unitateetan (ZIU) 80 gaixo daude une honetan covid-19arekin (zazpi gehiago).
Hildako bi eta koronabirusak kutsatutako 100 kasu atzeman dituzte Nafarroan
Ostiraleko gorakadaren ostean, Nafarroako koronabirus kasuek behera egin dute azken orduetan, 100 kasuraino. Hala, bezperarekin alderatuta, behera egin du, orduan 155 kutsatu baitziren.
Guztira, 1.084 proba egin zituzten, beraz, positibotasun tasa % 9,2an kokatu da larunbatean.
Horrez gainera, pertsona bi ospitaleratu behar izan zituzten, horietako bat ZIUan, eta hildako bi baieztatu zituzten. Horrela, dagoeneko 1.215 pertsona hil dira koronabirusagatik Nafarroan.