Ayuso protagonista izan duen Presidenteen XXVIII. Biltzarra akordio eta jarrera hurbilketarik gabe amaitu da
Bartzelonako Pedralbes jauregian egin den Presidenteen XXVIII. Biltzarra akordiorik gabe bukatu da gaur, Pedro Sanchezen gobernuaren eta PP buru duten gobernu autonomikoen arteko liskar irekiarekin.
Sanchezek espiritu eraikitzailearekin eztabaidatzeko eta "haserrea kanpoan uzteko" egindako eskariak ez du ezertarako balio izan. PPko 13 presidente autonomikoek Gorteak desegiteko eta hauteskundeak deitzeko eskatu diote berriro.
Biltzarraren amaieran, Sanchezek berak onartu du ezinezkoa zela akordioa lortzea, PPko buruzagiek erakutsitako jarreraren aurrean, Espainiako Gobernuko iturriek jakitera eman dutenez.
Gainera, Isabel Diaz Ayuso Madrilgo presidenteak bilera-gelatik alde egiteko erabakia hartu du, Imanol Pradales lehendakariak euskaraz hitz egin duenean, eta ez da itzuli Salvador Illa Kataluniako presidenteak hitzaldia bukatu duen arte.
Eusko Jaurlaritzaren ustez, Madrilgo presidenteak "euskararekiko, milaka euskaldunekiko, lehendakariarekiko eta euskal herriarekiko erakutsitako errespetu falta onartezina da", are gehiago foro horretan euskaraz, katalanez, galegoz eta gaztelaniaz hitz egiteko aukera izan dutenean.
"Hizkuntza ofizialak errespetatzea ez da huskeria: hizkuntza-berdintasuneko, errespetu instituzionaleko, kulturaleko eta demokratikoko eskubide kontua da. Euskara Europa osoko hizkuntza ofiziala eta ondarea da", azpimarratu dute Jaurlaritzako iturriek.
Euskal indar politiko guztiek penagarritzat jo dute Diaz Ayusoren jokabidea, EAEko PPk izan ezik.
Ayusoren protagonismo grina ez da soilik horretara mugatu; izan ere, Monica Garcia Osasun ministroak "normaltasun instituzionalarekin" agurtu du Madrilgo Erkidegoko presidentea, eta hark, "oso urduri eta oldarkor", pandemian adinekoen egoitzetan izandako heriotzengatik "hiltzaile" deitu izana leporatu dio.
Zure interesekoa izan daiteke
Denis Itxaso: “Kaleratze guztiak ez dira ezin ordaintzeagatik”
Richar Vaquero, Blocusi buruz: "Norbaiti asko-asko interesatzen zaio mobilizazioetan istiluak egotea"
Gaur egingo dira Donostian eta Gasteizen hauteskunde-mahaietan nor egongo den aukeratzeko zozketak
Ehunka lagun bildu dira Bilbon, terrorismoa egotzita Irunen atxilotutako bi lagunak aske uztea eskatzeko
Aske: "Gure helburua ez da istiluak egotea, Aratz eta Malenen kontrako kanpaina mediatikoari aurre egitea baizik"