1.000 kasutik beherako intzidentzia dute Arabak eta Bizkaiak
(OHARRA: Koronabirusaren semaforoa astean bitan eguneratuko da aurrerantzean, astelehen eta ostegunetan)
Astelehenean 1.000 kasuko intzidentzia gainditzen zuten arren, azken egunetako hobekuntzari esker, Arabak eta Bizkaiak langa hortik behera kokatzea lortu dute. Hain zuzen ere, 994 kasu ditu 100.000 biztanleko Arabak, eta 964ekoa Bizkaiak, covid-19ak herriz herri izan duen eragina neurtzeko erabiltzen den semaforoaren azken datuen arabera. Bermeo da, bestalde, intzidentzia baxuena duen EAEko udalerria: 461 kasu.
Araban, egoerak hobera egiten jarraitzen du, 994 kasukoa baita intzidentzia metatua (1.362 kasukoa zen astelehenean). Herri handi guztiek dute 800 eta 1.300 kasu bitarteko intzidentzia. Gasteizek, adibidez, 1.023koa du; otsailaren 14an, 1.378 kasuko intzidentzia zeukan.
Bizkaian ere hobetu egin dira datuak, 1.826ko intzidentzia edukitzetik 964koa izatera pasatu baita. Herri nagusien artean Balmaseda da intzidentzia altuena duena; 1.649 kasukoa. Gainerakoek kutsatze gutxiago dituzte, eta aipatzekoa da Bermeok eutsi egin diola azken asteetako joerari. Izan ere, Bizkaiko kostaldeko udalerri horretan 461 kasukoa da intzidentzia; Euskal Autonomia Erkidego osotik baxuena. Bilboko agertokia nabarmen hobetu da, asteleheneko 1.740 kasuak atzean utzi, eta 964 kasutan baitago gaur-gaurkoz intzidentzia han.
Gipuzkoan, aldiz, hobekuntza ez da horren nabarmena izan. Intzidentzia metatua 1.515ean zegoen astelehenean; gaur, berriz, 1.125ean. Donostian ere, antzekoa izan da aldaketa: 1.548 kasutik 1.207ra jaitsi da.
Covid-19aren semaforoa Europar Batasunak (EB) onartutako kolore-maparen egokitzapena da, eta azken 14 egunetan metatutako intzidentzia-tasa jasotzen du.
Zure interesekoa izan daiteke
Bi emakume bizkaitar hil ziren Madrilgo jatetxeko suteagatik ikertutakoak auzipetu dituzte, hilketa egotzita
Iñaki Angulo youtuberraren aurkako ikerketa hasi du Fiskaltzak, Hector Bellerin futbolariari irain homofoboak egiteagatik
Hoteletako erreserbekin lotutako iruzur kasuen gorakada atzeman du Ertzaintzak
Ginekologiako eta bularreko minbiziari eskainitako EITB Maratoiak ikerketa jarriko du erdigunean eta Zea Mays taldearen "Elektrizitatea" abestia izango du soinu-banda